MENDEBALDEKO SAHARA. AGDAIM IZIK. Aaiunen «gerra zibila» leher daitekeela dio Fronte Polisarioak

Itxuran egoerak baretzera egin badu ere jendea urduri dagoela eta Maroko gerra piztu nahian dabilela ohartarazi dute

2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Barealdia iritsi dela dirudien arren, oso urduri daude denak. Kolonoak sahararren etxebizitzetan sartu ziren indarrez, eta dozena bat lagun atxilotu zituzten. Baina ez da datu zehatzagorik, Ramdan Mesaud Larbik Giza Eskubideen Defentsarako Saharako elkarteko presidenteak adierazi duenez. «Zurrumurruak soilik iristen zaizkigu. Izan ere, jendea etxean itxita dago, eta iristen zaizkigun albisteek oso nahasiak dirudite». Gauza bakarra ez du jartzen zalantzan Larbik: «Beldurra bai, beldur handia du jendeak».

Aaiungo kaleetan gauzak ez dira bere onera itzuli; Marokoko Poliziak premiatuta, kolonoak sahararren etxeetan sartzen dira noiznahi; Agdaim Izik kanpalekuaren antolatzaileen bila dabiltza. Haiek atxilotzeko agindua eman du, izan ere, Rabateko gobernuak. Mendebaldeko Saharako hiriburutik, Isabel Terrazas kooperante kataluniarrak adierazi du hamar lagun atzeman zituztela atzo, baina gehiago ere izan daitezkeela. «Marokok Aaiungo kolonoak erabiltzen ditu, borrokak pizteko», uste du Abidin Bucharaia Fronte Polisarioko kideak. Hori dela eta, hurrengo orduetan sahararren eta marokoarren artean «gerra zibila» lehertzeko arriskua dago.

«Kale kantoietan bururik gabeko gorpuak agertu dira, eta bala zauriak dituzten hilotzak; tartean hildako haurrenak daude», salatu du Mohamed Uld Salek SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Atzerri ministroak. Jendea zeharo izututa dago horregatik. «Kolonoen auzoetako irudiak ari da zabaltzen Marokoko telebista, eta dena lasai dagoela dirudi. Baina sahararren auzoetan kolonoek bertako bizilagunak hiltzen dituzte, eta haien hilotzak kalean botata uzten dituzte gero. Benetan izugarri da; Augusto Pinochetek Txilen egindakoa gogorarazten dit», adierazi du Atzerri ministroak.

Joan den astelehenean Agdaim Izik kanpalekua hutsarazi zuen Marokok indarrez. Euren eskubide sozial eta ekonomikoak aldarrikatzeko, 20.000 sahararrek baino gehiagok zabaldu zituzten haimak kanpalekuan. Haatik, segurtasun indarrek denak txikitu zituzten. Horregatik lehertu dira liskarrak Mendebaldeko Saharako hiriburuan. Fronte Polisarioak emandako datuen arabera, ordutik Marokok hemeretzi saharar hil ditu, 700 bat zauritu eta 160 bat desagerrarazi. Rabateko gobernuak, haatik, bestela zenbatu ditu biktimak; horrek emandako kopuruak ez baitu bat egiten Polisarioak zabaldutakoarekin.

Kanpalekuaren aurkako operazioan eta ondorengo egunetan segurtasun indarretako hamar kide hil dira, Marokoren arabera. Sahararren artetik, berriz, bakarra zendu da. Halaber, Aaiungo kaleetan izua zabaltzen ari direnak sahararrak direla zabaldu du.

Negoziazioak

Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko elkarrizketa ez-formalak hasteko zirela erabaki zuen Rabatek desegitea Agdaim Izik kanpalekua. Polisarioaren ustez, negoziazioak zapuztu nahi zituen operazioarekin, eta elkarrizketen porrota eurei leporatu gero. Horregatik erabaki zuen Polisarioak mahaian esertzea, nahiz eta saharar askok uste duten, ikusitakoak ikusita, Marokorekin hitz egitea ez duela merezi.

AEBetan egindako bilera amaitu ondoren, haatik, irtenbide baketsu baten alde ahalegina egiten jarraitzea erabaki dute bi aldeek. Hala jakinarazi du Christopher Ross NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkari bereziak: «Marokok eta Fronte Polisarioak benetako eztabaidak eta mamitsuak izan dituzte. Elkarrekiko errespetuz aritzeko asmoz jardun dute. Hala ere, biek baztertu dute bestearen proposamena».

Gauza bakarrean jarri dira ados Maroko eta Polisarioa: beste elkarrizketa saio bat egitean, hain zuzen. Datorren abenduan eta urte hasieran bilduko dira auzi sahararraz hitz egiteko. Haatik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak proposatutako neurriei ere heldu diete bileran. Iheslariak bisita ditzaten, airez eta lurrez bidaiatzea erraztu nahi die UNHCRk familia sahararrei.

Aste honetako gertakariek Mendebaldeko Saharara begira jarri du beste behin nazioartea. Haatik, Marokoren aurrean erantzun epela eman du. Espainiak bereziki, Polisarioak salatu duenez. «Madrilek uzkur geratzea erabaki du; Frantzia baino uzkurrago, nahiz eta hori Marokoren aliatua den», adierazi du Ahmed Bujari Polisarioak NBEn duen ordezkariak. Espainiak ukatu du, baina hainbat iturrik zabaldu dute gertatu aurretik ere Madrilek bazuela kanpalekuko erasoaren berri.



Arrantza akordioak sahararrei mesede egingo diela frogatzeko eskatu du EBk

Europako Batasuna (EB) eta Marokoko Gobernua arrantza akordioa ari dira negoziatzen, orain indarrean dagoena hurrengo urteko martxoan iraungiko delako. Haatik, Europako Batzordeak ez du argi bukatzear dagoen akordioak sahararren interesak gogobetetzen dituen eta, beraz, hitzarmena luzatzea komenigarria den. Ezer itxi aurretik, hori dela eta, datu argigarriak emateko eskatu dio Bruselak Rabateko gobernuari.

Aste honetan bildu dira EBko eta Marokoko ordezkariak, arrantza akordioaz hitz egiteko. Horri esker, Europako ontziek Marokoko eta Mendebaldeko Sahararen itsasoetan egiten dute arrantza; haatik, arrantzarako baimenen truk jasotzen dituen irabaziak Marokok ez ditu sahararren artean banatzen. Hori salatzeko zabaldu zuten, besteak beste, Agdaim Izik kanpalekua.





Datua

Protestak Euskal Herrian. Euskal Herriko hainbat hiritan sahararren aldeko protestak egin dituzte astelehenetik. Gaurko ere antolatu du protesta bat Zumaiako Darahli elkarteak: gertatua salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur Donostiako Bulebarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.