«Lehenengo helikopteroak sumatu genituen haimen gainean». Gero, indarrez sartu ziren soldaduak: «Kanpalekua husteko, ur beroa jaurtitzeko kanoiak erabili dituzte, eta negar gasa, eta porrak». Jendeak ihesari ekin zion orduan; ehunka saharar izan ziren basamortuan barna Aaiunera arteko 18 kilometroak oinez egin zituztenak atzo.
Gaur ia hilabete, urriaren 10ean, zabaldu zituzten lehen haimak Aaiungo kanpoaldean, Marokoko Gobernuak euren eskubide sozial eta ekonomikoak errespetatzen ez dituela salatzeko. Ordutik ehunka mila saharar batu dira kanpalekuan; Espainiaren erretiratzetik sahararrek egin duten protesta handiena izan da. Azken asteetan 20.000 lagun bizi ziren Agdaim Iziken, eta Rabatek atzera egin arteekimenarekin jarraitzeko asmoa zuten.
Marokok aspalditik zeukan inguratuta Agdaim Izik; hara sartu eta handik irtetea ia ezinezkoa zen, ondorioz. Halaber, nazioarteak esku hartzen ez bazuen sarraskia gerta zitekeela ohartarazi zuen behin baino gehiagotan Fronte Polisarioak. Iragarritakoa bete zen atzo. Lehenengo Agdaim Iziken, eta Aaiunen gero. Izan ere, kanpalekua desegin zutela jakitean, sahararrak kalera irten ziren. Poliziak aurre egin zien; eta biktimak dozenaka dira; hala ere,kopuru zehatza jakitea ezinezkoa da. Edizio hau ixteko orduan, haatik, Aaiunen egoerak lasaitzera egin zuen. Militarrek kaleak hartuta zeuzkaten.
Fronte Polisarioaren arabera, kanpalekuan gutxienez saharar bat hil zuten soldaduek, eta dozenaka zauritu. Atxilotutakoak, berriz, 65 bat dira. Aldiz, Marokok dio hara sartu zirenean erresistentzia gogorra topatu zutela, eta, ondorioz, okerren ateratakoak eurak izan zirela: Rabaten arabera, kanpalekua desegitean hiru soldadu hil ziren, eta ondoren, zauriengatik, beste bi. Datu horiek airean daude oraindik.
Negoziazioak
Marokoren erasoari Fronte Polisarioak emango zion erantzunaren zain zeuden asko atzo Mendebaldeko Saharan. Gertatutakoa gertatu eta gero, negoziazioak bertan behera geldituko zirela uste zuen batek baino gehiagok. Haatik, elkarrizketa ez-formalei ekin zieten, Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzapean, AEBetan. Han Martin Nesirky nazioarteko erakundearen bozeramaileak adierazi zuen halako gertakariek ez dutela laguntzen elkarrizketetarako giroa sortzen; ez zuen egin, haatik, gaitzespen adierazpenik. Hitz egin aurretik NBEk datuak behar dituela esan zuen Nesirkyk. 2007an ekin zioten negoziazioei aldeek, baina lautan elkartu ostean, bertan behera gelditu ziren.
Bere aldetik, operazioa legezkoa dela esanez zuritu du Marokok gertatua. «Segurtasun indarrek epaileen baimenarekin aritu dira, eta indarrean den araudiarekin guztiz bat jardun dute», adierazi du Rabateko gobernuak. Marokok emandako bertsioaren arabera, kanpalekuan zeudenen segurtasuna bermatzeko sartu dira hara, delitu komunak egin dituzten hainbat lagunek haiek arriskuan jarri zituztelako. Elgarhi Naiem Foidal 14 urteko gaztea ere aitzakia horrekin hil zuten, urriaren 25ean.
Fronte Polisarioarentzat, berriz, «gerra deklarazioa» eta «su-etenaren alde bakarreko haustura» izan da gertatutakoa. Bucharaia Beiun Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak esan du hori. Aminatu Haidar ekintzaileak «gerra zibila» hasi nahi izatea egotzi dio Marokori.
Marokoren erasoa gaitzetsi dute Euskal Herrian
Marokoren kontsulatuaren aurrean protesta egin zuten atzo Bilbon. Donostian eta Gasteizen ere elkarretaratzeak egin zituzten, eta guztietan dozenaka lagun bildu ziren Agdaim Izik kanpalekua indarrez husu izana salatzeko. EAJk, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak gertatutakoa gaitzetsi dute.
Eskubide sozialen alde, hilabetez zutik
Urriaren 10a. Milaka sahararrek euren haimak zabaldu zituzten basamortuan, Aaiundik 18 kilometrora. Marokok beren eskubide sozial eta ekonomikoak urratzen dituela salatu nahi zuten; bereziki, etxebizitza duina eta lana eskuratzeko dituzten zailtasunak utzi nahi zituzten agerian.
Urriaren 24a. Segurtasun indarrek Elgarhi Naiem Foidal 14 urteko gazte sahararra hil zuten. Agdaim Izik kanpalekuaren inguruan Marokok ezarritako kontrol batean gelditu ez zelako egin zioten tiro gazteari.
Urriaren 28a. Taib Fassi Fihri Marokoko Atzerri ministroak adierazi zuen kanpalekuko ordezkariekin martxan zeuden negoziazioak «fase erabakigarrian» zeudela.
Azaroaren 4a. Kanpalekua setiatuta zegoela salatu zuen Polisarioak, eta Rabateko negoziatzen ari zirela ukatu zuen.
Azaroaren 6a. Mohamed VI.a Marokoko erregeak adierazi zuen ez zuela onartuko inork bere herrialdearen osotasuna zalantzan jartzea.
Azaroaren 7a. Dozenaka gazte sahararrek kanpalekuko setioa salatu zuten Aaiunen.
Azaroaren 8a. Marokoko soldaduek indarrez desegin zuten Agdaim Izik, eta ehunka sahararrek Mendebaldeko Saharako hiriburuko kaleak hartu zituzten.