MENDEBALDEKO SAHARA. «Egoera lehertuko da, NBEk ez badu ezer egiten herritarrak babesteko»

Mendebaleko Saharako egoera zuzentzeko, NBEk esku-hartze sendoagoa egin beharko lukeela uste Sabbarrek, Marokok nazioarteko legedia eta erreferenduma errespetatzeko.

inaki petxarroman
2008ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Brahim Sabbar (Lagsabi, 1959) giza eskubideen ekintzaile sahararra askatu berri du Marokok. Bi urte eman ditu preso oraingoan, baina aurretik beste hamar urte egin zituen kartzelan (1981-1991). Fronte Polisarioak su-etena aldarrikatu zuenean askatu zuten beste 321 sahararrekin batera. ASVDH Giza Eskubideen Urraketa Larrien Saharako Biktimen Elkarteko idazkari nagusia da, eta nazioarteko kanpaina bati esker jarri du aske Marokok.

Kartzelan egon zara azken bi urteaneta duela gutxi utzi zaituzte aske. Nola zaude?

Mendebaldeko Saharako eta Marokoko espetxeetako egoera lazgarria da, bereziki Aaiungo Kartzela Beltzarena: presoen eskubideak babesteko neurri guztiak urratzen ditu. Drogak oso zabalduta daude, eta umiliazioa eta tortura eguneroko kontuak dira. Preso askok arazo fisiko eta moral handiak dituzte. Hainbat gose greba egin ditugu agintariei zinezko aldaketa exijitzeko, espetxeko egoera hobetze aldera. Espetxeko zuzendaritzak mentalitate aldaketa sakona behar du.

Lortu al duzue ezer gose grebekin?

Denbora mugatutako hogei gose greba baino gehiago, eta hilabetetik gora iraun duten beste hiru greba mugagabe egin ditugu. Gure helburua zen espetxeko egoera hobetzea eta sahararren giza eskubideen urraketa salatzea. Saiatu gara nazioarteko iritzi publikoa sentsibilizatzen, baina, zoritxarrez ez da ezer aldatu. Presoen egoera txarra da oraindik ere: maiz debekatzen dizkiete senideen bisitak, eta ukatu egiten diete gutun bidezko komunikazioa.

Nola aurkitu duzu Mendebaldeko Sahara bi urteren ostean? Zein da giza eskubideen egungo egoera?

Giza eskubideen egoera lehen baino txarragoa dela esango nuke. Marokoko segurtasun indarrek sekulako bortizkeriaz erantzuten diete herritarren protesta zibil baketsuei. Marokok okupatutako herri eta hiriak bahituta daudela ikus daiteke azken boladan, eta hiribide eta kaleak segurtasun indarren kontrol neurriez gainezka daude. Askatu ninduten egunean Mendebaldeko Saharako lehen manifestazioaren 38. urteurrena ospatu zen, eta egun hartan bertan isekak eta bortxakeria ugari pairatu behar izan zituzten herritarrek. Horrek esan nahi du 1975etik giza eskubideen etengabeko urratzea indarrean dela, horien artean, genozidioak, zibilen aurkako bonbardaketak, gizaki eta animalien hilketak, desagertzeak eta sexu bortxaketak. Herrialdea lehertuko da, NBEk ez badu ezer egiten herritar errugabeak babesteko.

Uste duzu emaitzarik emango dutela Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko negoziazioek?

Uste dut negoziazioek ez dutela emaitza positiborik emango, NBEk Minursoren eskuduntzak handitzen ez dituen bitartean sahararren giza eskubideen urratze larriak kontrolatu eta galarazteko.Halaber, nazioarteko zuzenbidearen zanpaketa eten beharko litzateke, eta prozedurak ezarri alde bietako konfiantza ekarriko luketen keinuak bizkortzeko, besteak beste, preso politikoak askatzea, eta bi aldeetako senideen arteko harremanak ahalbidetzea. NBEk Segurtasun Kontseiluko herrialdeen neutraltasuna bermatu beharko luke -bereziki AEB eta Frantziarena-, eta Espainia sahararrekin duen erantzukizun historikoa bere gain hartzen lagundu -edo behartu- beharko luke.

Polisarioak leporatu dio NBEko ordezkariPeter van Walsumi Marokoren alde egitea elkarrizketa horietan. Zuk zer iritzi duzu?

Egia da adierazpenak ez direla neutroak, eta nabarmen babesten dutela Marokoren jarrera, baina Mendebaldeko Saharako gatazkari nazioarteko legeen arabera heldu behar zaio-baita FraMarokoren aliatu historikoek ere, Frantziak esaterako-. Kolonialismo auzi bati buruz ari gara, eta horrek agerian uzten du Van Walsumek esandakoekiko kontraesana. Zeren NBEko bitartekaria den heinean, erreferenduma onartzeaz gain, Marokok autodeterminazio eskubidea onar dezan estu hartu beharko luke.

Zer gertatuko da negoziazioak eteten badira?

NBE ez bada gai Maroko behartzeko nazioarteko legea onar dezan, emaitza txarrak izango dira. Suma daiteke sahararrak ez daudela gustura su-etenarekin, Marokok eskubideen urratze larriak egiten jarraitzen duen bitartean. Uste dut sahararrek ezin izango dutela luzaro iraun ahoa itxita, eta prest direla borrokatzeko haien askatasunaren eta ohorearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.