Tifariti hirian egin zituzten atzo erakundearen sorreraren urteurrenaren inguruko ospakizun nagusiak. Lurralde liberatuetan dago Tifariti. Marokok eraikitako bi mila kilometroko hesiaren beste aldean. Pertsonen kontrako minen arrastoak suntsitu zituzten ekitaldiak hasi aurretik. Ondoren, desfile militarra egin zuten. Berrogei gerra orga eta misil-jaurtigailuak erakutsi zituzten. Herrialde askotako ordezkariak izan ziren ekitaldietan, Euskal Herriko ordezkariak tartean.
SEADeko presidente Mohamed Abdelazizek hitzaldi bat eman zuen Tifaritin. Espainia sahararren sufrimenduaren erantzule politikoa eta legala zela adierazi zuen. Mendebaldeko Saharak autodeterminazio eskubidea baliatzea lortzen duen arte erantzule nagusia izaten jarraituko duela gaineratu zuen: «Autodeterminazio erreferenduma egiteko hartutako konpromisoa bete aurretik alde egin zuen administrazio espainiarrak. Erretiratze lotsagarria izan zen».
Abdelazizen arabera, egoera geroz eta arriskutsuagoa da eta, hala, sahararrek ezingo dutela betiko besoak gurutzaturik egon ohartarazi zuen. Marokoren intrantsigentzia salatu zuen: «Ez dago egun bakar bat errepresio indar marokoarrak ume, emakume, gizon eta edadetuen kontrako operaziorik egiten ez duenik. Ekintza gogaikarriak dira. Ez dute torturatzen, jipoitzen, mehatxatzen eta giza duintasuna iraintzen bakarrik. Biktimak euren herrietatik eta hirietatik urrun bazterrean uzteko praktika koldarra hasi dute orain». Autodeterminazio eskubidea «sakratua eta ukaezina» dela esan eta nazioarteari erakundea onartzeko deia egin zion.Saharako Torturaren Kontrako Batzordeko kide Mami Amar Salem atzo atxilotu eta torturatu zutela jakinarazi zuten. Dajla hiritik Nouadhiboura (Mauritania) zihoan atxilotu zutenean. Marokoko indarrek emandako kolpeen eraginez ezin duela hanka bat mugitu salatu zuten.
Tindufeko errefuxiatu guneetan ere urteurrena ospatzen ari dira orotara berrehun mila saharar inguru bizi dira kanpalekuetan. Herri Sahararrarekiko Elkartasuna Nazioarteko Konferentzia egin zuten larunbatean kanpalekuetan. Mundu osoko bostehun ordezkarik parte hartu zuten ekitaldietan eta independentzia aldarrikapena sostengatu zuten. Duela bi aste kanpalekuetan izandako uholdeek, dena den, jai giroa apaldu zuten. Hamabi mila familia etxerik gabe gelditu ziren eta, nazioarteak laguntza eman ezean, aurki janaririk gabe geldituko dira sahararrak.
Martiriaren Bidea
Fronte Polisarioko hainbat kidek mugimendu berri bat sortu zutela iragarri zuten atzo: Martiriaren Bidea. Fronte Polisarioko zuzendaritzaren «ustelkeria eta oportunismoa» salatu eta sahararren ordezkari gisa aurkeztu zen taldea: «Herriaren sufrimendua, sakrifizioa eta borroka oinarri dituen izaera sakona izan da gure abiapuntua». Aurrera egiteko gaitasunik ez izatea leporatu zioten, era berean, Fronte Polisarioari: «Zuzendaritza tematuta dago boterearekin eta ezjakintasuna eta ustelkeria baliatzen ditu gure herria menpean izateko». NBE Nazio Batuen Erakundearen axolagabekeria ere salatu zuen taldeak.
Martiriaren Bidea erakundearen xedea errealitatea aldatzea dela zehaztu zuten: «Lahmadat, bere lurraldetik kanpo bizi eta bazterrera utzitako herria gara eta hau aldatzeko demokrazia, justizia, elkarrizketa eta giza eskubideen errespetua oinarri dituen erakundea sortu dugu».
-
Kronologia
1884: Mendebaldeko Sahara okupatu zuen Espainiak.
1973: Fronte Polisarioa sortu zen.
1975: Marokok herrialdea okupatu zuen Martxa Berdearekin.
1976: SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak.
1991: Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko su-etena indarrean sartu zen. NBE Nazio Batuen Erakundearen Konponbide Plana onartu zuten Marokok eta Fronte Polisarioak. 1992. urtean autodeterminazio erreferenduma egitea zehazten zen bertan. Minurso NBEko Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioa eratu zen.
1992: Marokok errolda onartu ez eta atzeratu egin zen galdeketa.
1997: Mendebaldeko Saharako ordezkari berezi izendatu zuten James Baker. Houstongo Akordioa sinatu eta urtebeteko epean erreferenduma egitean adostu ziren. Galdeketa ez zuten egin.
2003: Hamabi hilabeteko epean bozak eta bost urteko epean erreferenduma egitea proposatzen zuen plan berria aurkeztu zuen James Bakerrek. NBEk aho batez onartu zuen, bi aldeei betearazteko agindua eman ez arren. Fronte Polisarioak onartu egin zuen; Marokok, berriz, baztertu.
2004: James Bakerrek kargua utzi zuen.
2005: Mendebaldeko Saharan Intifada abiatu zuten.
2006: SEADen 30. urteurrena bete da.
-
EUSKAL HERRIA
Saharako banderak udaletxeetan
Euskal Herriko hainbat hiri eta herritako udaletxeetan Saharako bandera zintzilikatu zuten atzo SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorreraren urteurrenaren harira Donostia eta Bilboko udaletxeetan ere.Iluntzean, berriz, elkarretaratzeak egin zituzten hiriburuetan. Arabako Diputazioak erreferendumaren aldeko adierazpen bat onartu zuen.
Bergaran, bestetik, hainbat ekitaldi antolatu zituen larunbatean Sahararen Lagunen Elkarteak. Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Brahim Abdelfatak sahararren egoera okerrera egiten ari dela ohartarazi zuen.