MENDEBALDEKO SAHARA. Jazarpen politikoaren biktima

Marokorekin bat eginda Espainiako Gobernuak giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratu dituela salatu du Haidarrek

arantxa elizegi egilegor
2009ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Preso hartu du Marokok Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra. Oraingoan,ziega ilun batean sartu beharrean, hesi ikusezinak dituen espetxera bidali dute, Espainiara. «Inoiz ez nuen pentsatuko Espainiak, nire borondatearen kontra, hemen egotera derrigortuko ninduenik», zioen Haidarrek duela bi aste, gose greba hasi zuenean. Azaroaren 13an, Aaiungo aireportura (Mendebaldeko Sahara) iritsi berritan, Marokoko segurtasun indarrek atxilotu egin zuten. 24 orduz eduki zuten preso, eta, ondoren, Espainiara bueltan bidali zuten. Marokon sartzeko bete beharreko dokumentuan, herritartasunaren atalean, sahararra dela jartzea, horixe izan zen delitua.

Bi asteko gose grebaren ostean, oso ahul dago Haidar. Aulki gurpilduna erabili behar du mugitzeko. Preso egon zen urteek bizkarreko arazoak eta ultzera bat eragin zizkioten. Madrilek Espainiako pasaportea edo errefuxiatu estatusa eskaini dizkio -Marokokoa kendu egin zioten-, baina ez ditu onartu. «Nahiago dut Saharako kartzela batean egon Espainian harrapatuta baino», erantzun du, eta saharar herriari xantaia egitea leporatu dio Madrili. Horiek hala, Espainiak laguntza eskatu dio NBEko idazkari nagusi Ban Ki-mooni.

Marokoren eskaintza

Erru guztia Haidarrena berarena dela erantzun du Marokok. Rabatek Espainian duen enbaxadorearen esanetan, hark egin zion uko pasaporteari. «Ez dago saharar estaturik, NBEk hala erabakitzen duen arte». Rabatek pasaporte berria eskaini dio Haidarri, baina, horretarako, marokoarra dela onartu beharko du. Hala ere, Marokoko Gobernuak ez dio bermatzen etxera itzultzeko aukera.

Fronte Polisarioak ohartarazi du hau guztia gaizki amaitzen bada ondorioak «larriak» izango direla. «Ezin da Espainiaren erantzukizuna ere saihestu. Nazioarteko legediaren aurkakoa da ekintzaile sahararrari irteten ez uztea, inolako dokumenturik gabe sartzen utzi ondoren», adierazi du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lehen ministroak, Abdelkader Taleb Omarrek.

Haidarrek, bestetik, salatu du Espainiako Guardia Zibilak tratu txarrak eman zizkiola, iritsi berritan, aireportutik kanporatzen saiatu zirenean. «Min egin zidaten bizkarrean eta besoetan. Jendea oihuka hasi zenean askatuninduten, eta lurrera erori nintzen». Salaketa hori eta Canarias Aeronauticaren aurkakoa -hegaldietan igotzen ez uzteagatik- Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi dituzte. Hori nahikoa ez eta Lanzaroteko auzitegi batek 180 euroko isuna jarri dio, «desordena publikoa» leporatuta.

Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiak bat egin du Haidarrekin, eta hari aireportuan eusteak mugitzeko askatasuna urratzen duela. Haidarrek berak giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzea egotzi dio Madrili. Izan ere, inori ezin zaio arrazoirik gabe bere herrialdera itzultzea debekatu. Jose Saramago Literatur Nobel saridunaren sostengua jaso zuen atzo ekintzaileak.



Azaroan Marokok ohartarazi zuen indarrarekin erantzungo ziola «segurtasuna arriskuan» jartzen zuen edonori; sahararren egoerak okerrera egin du geroztik.

«Tortura kultura da hemen»

A. E.

«Sahararrek ez dute Marokoko nazioaren batasuna errespetatzen, eta, beraz, ez dute marokoarrak izatea merezi», adierazi zuen Mohamed VI.a erregeak azaroaren 6an. Bide beretik, ohartarazi zuen indarrez geldituko zutela «segurtasuna arriskuan» jartzen duen edonor. Nola ez, beste behin sahararrak izan dira mehatxuaren ondorioak jasan dituztenak.

«Marokok traidoretzat gauzkate ekintzaile sahararrak. Azken bi hilabeteetan 22 ekintzaile bahitu eta beste hainbati dokumentazioa kendu diete, inolako arrazoirik gabe; eta orain Haidar kanporatu dute», dio haserre El Mami Amar Salemek, Saharako Torturen Aurkako Batzordeko buruak, -SEADen Lagunen Elkarteak gonbidatuta etorri da Euskal Herrira-. Ondo ezagutzen du egoera, lau aldiz bahitu, torturatu eta kanporatu baitute 2004tik, Rabaten politikak salatzeagatik. «Okerrena da Espainiako Gobernuak hirugarren munduko exekutibo batek bezala jokatu duela auzi honetan. Ez ditu giza eskubideak errespetatu, eta bere borondatearen kontra Lanzaroten geratzera behartu dute Aminatu».

Rabateko segurtasun indarren esku dauden preso politikoentzat egoera ez da askoz hobea. «Ez dute eguzkia ikusi ere egiten, eta astean behin bakarrik jaten dute, senideak bisitan joaten zaizkienean. Marokoko polizia etxeetan tortura kultura da». Amar Salemen esanetan, jazarpena ez da ekintzaileen kontrakoa bakarrik, maiz haien senideak ere bahitzen eta torturatzen dituzte. «Gatazka hasi zenetik 600dik gora lagun desagerrarazi dituzte. Hau diktadura bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.