MENDEBALDEKO SAHARA. NBE oraindik ere deskolonizazioaz aritzea porrota dela dio Polisarioak

Kolonizatutako herriei autodeterminazio eskubidea aitortzen dien ebazpena onartu eta 50 urtera, auzia aztertu du berriz NBEk

Kristina Berasain Tristan.
2009ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen 1.514 ebazpenak autodeterminaziorako eskubidea aitortzen die kolonizatutako herriei eta herrialdeei. Ebazpen hartan kolonizatutako herri eta herrialde guztien independentzia bermatzeko hitza eman zuen nazioarteko erakundeak. 1960. urteko abenduaren 14an onartu zuen dokumentua Batzar Orokorrak. Ebazpena onartu eta ia 50 urtera, alta, bat baino gehiago dira munduan kolonizatuta jarraitzen duten herriak. Afrikan, baina, bakarra da nazioarteko erakundearen gai zerrendari erreparatuz gero: Mendebaldeko Sahara. Espainiaren 53. probintzia izan zena (1884-1976) beste herrialde baten menpe dago gaur egun. Eta Marokok nekez utziko duMendebaldeko Sahara.

NBEren Deskolonizazioaren Batzarra auzia berriz aztertzeari ekin dio egunotan eta hori bere horretan «porrota» dela salatu du Ahmed Bujarik. Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariaren hitzetan bost hamarkadaren ostean auzia gai zerrendan egoteak nazioarteko erakundearen «porrotaren sinboloa» da; «erantzukizunak bere osotasunean eta modu eraginkorrean gauzatzeko duen ezintasuna agerian utzi du beste behin NBEk».

1.514 ebazpenak autodeterminazio eskubidea ezin kenduzko eskubidea dela zehazten duela gogorarazi du Bujarik. NBEko kide gehienak, ildo horretan, ikuspegi hori partekatzen dutela uste du ordezkari sahararrak eta «hain argia» den auziak, hartara, ezin duela arauaren salbuespena izan. Kuba, Venezuela eta Tanzaniako ordezkariek babesa agertu diote Bujariri; Batzarrak bere konpromisoa suspertzeko aldarrikatzean.

Ahalegin diplomatikoak

Mendebaldeko Sahara nazioarteko legediaren arabera militarki okupatutako lurralde ez-autonomoa da. Marokok 1957an sinatu zuen Genevako laugarren Konbentzioa (1949), baina ez du hura bete. Maroko nazioartearentzat, beraz, ez dela ez potentzia subiranoa ez eta administratiboa ere salatu du ordezkariak eta herri sahararra ez diola bereindependentzia eskubideari muzin egingo ohartarazi.

Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa bilatzeko ahaleginak etengabeak izan dira urteotan, baina guztiak ezerezean gelditu dira orain artean. New Yorkeko Manhaset auzoan duela bi urte gaurko egunez bi aldeek abiatutako negoziazioek ere porrot egin zuten; irtenbide politikoa kolokan jartzeraino. Christopher Rossen izendapenak, baina, itxaropena piztu du berriz eta elkarrizketak noiz hasiko zain dago orain Fronte Polisarioa. Marokorekiko lau negoziazio erronden ostean iazko martxoan eten zituzten elkarrizketak. Bi aldeek zazpi urte zeramatzaten mahai berean elkarrekin eseri gabe baina, beste behin, antzua izan zen ahalegin diplomatiko hura. Peter Van Walsum Mendebaldeko Sahararako NBEren bitartekariak eragin zuen krisia.

Marokoren alde egitea eta bitartekari batek izan behar duen inpartzialtasuna urratzea leporatuta iazko martxoan eten zituen negoziazioak Fronte Polisarioak. Mendebaldeko Saharako independentzia ez dela «aukera errealista» adierazi zuen Van Walsunek. Christopher Ross bitartekari berriak, baina, itxaropenerako zirrikitua zabaldu du. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak urtarrilean izendatu zuen eta kargua hartu eta berehala esan zuen «alde ororentzat» onargarria izango den irtenbidea baino ez duela aurreikusten.

Maroko eta Mendebaldeko Sahara bisitatu zituen otsailean eta orain bigarren bidaia egitekoa da Ross. Aldeek jarrerak gerturatu ditzaten bilerak egitea eta ondoren zuzeneko negoziazioak sustatzea izango da bere erronka. Segurtasun Kontseiluak iazko apirilean onartutako azken ebazpena aintzat hartu beharko baitu bitartekariak eta bertan bi aldeei negoziatzeko deia egiten zaie auziari «irtenbide politikoa» emate aldera.

Giza eskubideen urraketa

Minurso sahararren eskubideak bermatzeko erantzukizuna izateko eskaerak, bestetik, gero eta irmoagoak dira. NBEk apirilean beste urtebetez luzatu zion agindua misioari baina uko egin zion ardura hori emateari. Mendebaldeko Sahararekiko Europako Elkartasun Taldeen Konferentziak ardura hori bere gain hartzeko eskatu berri dio NBEri, Marokok sahararren giza eskubideak etengabe urratzen dituelasalatuta.



62

Gose grebaren egunak. Jahia Mohammed el Hafed preso politiko sahararrak 62 eguneko gose greba egin du Ait Melloul kartzelan. Iazko otsailean atxilotu eta 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten; helegitea aurkeztu eta datorren asteazkenean epaituko dute berriz.



«Bi aldeek onartuko duten irtenbidea bilatu behar da; autodeterminazio eskubidea aintzat hartuko duena»

CHRISTOPHER ROSS
Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkaria


Itxaropen diplomatikoa

Irtenbidea «alde ororentzat» onargarria izan behar duela esanez itxaropena piztu du sahararren artean Christopher Rossek. Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Erakundearen ordezkari berriak erronka handia du aurrean: 30 urtez luzatzen den gatazkari irtenbidea eman ahal izateko bi aldeen jarrerak gerturatzea. James Baker (1997-2004) eta Peter Van Walsum (2005-2008) ordezkarien lana ezerezean gelditu zen eta orain diplomazialari honen eskuetan dago pilota. Aljerian eta Sirian AEBetako enbaxadore lanak egin zituen eta urtarrilean ezarri zuen karguan Ban Ki-moonek. Lau hilabete behar izan zituen idazkari nagusiak hura aukeratzeko.



Siddi Mohammed Daddach.Luzaroen preso egondako sahararra
Sahararrentzat independentziaren aldeko borrokaren ikur da Daddach; Marokok 25 urtezizan zuen preso eta bizi izandako samin guztia hitzetan jartzea ezinezkoa egiten zaio oraindik.

«Gauero hiltzera etorriko ziren beldur nintzen, exekutatuko ninduten beldur»

K. Berasain.

Nelson Mandelaren ondoren luzaroen preso egondako pertsona da Siddi Mohammed Daddach (Guelta Zemmur, 1957). Marokoko kartzeletan 25 urte eman zituen preso; tortura sistematikoak ezagutu zituen eta bi urtez kartzela sekretu batean egon zen desagertuta. Kenitrako espetxean, berriz, 14 urte eman zituen heriotzaren pabiloian. Marokok Fronte Polisarioko soldadua zela atxilotu zuen 1975ean, eta nazioarteko kanpaina bati esker askatu zuten 2001ean. Saharako Herriaren Autodeterminazio Eskubidearen Aldeko Batzordeko presidentea da eta independentziaren aldeko borrokaren ikur.

Orotara 25 urte eman zenituen preso. Zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapenak tristeak eta mingotsak dira oso: torturak etengabeak izan ziren urte horietan guztietan eta nirekin preso zeuden lagun askok beren buruaz beste egin zuten. Oroitzapenen zerrenda amaigabea da eta ezinezkoa da bizi izandako samin guztia hitzetan jartzea.

Heriotza zigorrera kondenatuta izan zinen hamalau urtez...

Oso gogorra izan zen; gauero ni hiltzera etorriko ziren beldur nintzen, edozein unetan exekutatuko ninduten beldur. Egoera horretan ero bihurtzea da errazena, edo zeure buruaz beste egitea, baina nik banuen bizirik jarraitzeko arrazoi bat: nire herriaren askatasunaren alde borrokatzea, nire ideia eta printzipioen alde borrokatzea. Horrek mantendu ninduen bizirik; indarra eman zidan askatasunarengan nuen esperantzak eta inoiz hilko banintz kausa justu batengatik izango zela.

Kartzela Beltzean ere izan zinen...

Munduko kartzela okerrenekin parekatu daitekeen kartzela da; Abu Graibekoa edo Guantanamokoarekin... Torturak sistematikoak ziren, makurtuta bizi ginen, baldintza ikaragarrietan. Kalat Magouna tortura zentro sekretuan ere izan nintzen.

Kartzelan 25 urtez preso egon ostean askatu zintuztenean nola ikusi zenuen Mendebaldeko Sahara?

Jada ez zen nik ezagututako Mendebaldeko Sahara. Aldaketa bortitza zen: kolono marokoar ugari zeuden, sahararrak baino gehiago ziren. Marokotik inportatutako gauzak ere ikusi nituen; lapurretak, indarkeria, droga... Guk ez genuen errealitate hori ezagutu.

Zortzi urte daramatzazu aske. Aurrerapausorik ikusi al duzu?

Autodeterminazioarena zalantzan jarri ezin daitekeen eskubidea da, eta erreferenduma egitea ezinbestekoa da gatazka amaitzeko. Sahararrek askatasuna eta independentzia aldarrikatzen ditugu, eta gure herriaren etorkizunean erabakitzeko eskubidea dugu.Erreferenduma egin artean saminean biziko gara. Jazarpena gero eta handiagoa da: bahiketak, bortxaketak, atxiloketak, legez kontrako ekintzak, hilketak... Egoera ez da aldatuko nazioarteko komunitateak Maroko legedia betetzera presionatu artean; ebazpenak betetzera behartu artean.

Mendebaldeko Sahara libre bat ezagutzeko itxaropena al duzu, aintzat hartuta jada 30 urtez luzatzen den gatazkan nekez egin dela aurrera?

Konfiantza eta esperantza erabatekoa da; gure kausa justua da, eta, beraz, ez dugu zalantzan jartzen egunen batean herri askea izango garela. Borrokan jarraituko dugu gure eskubidea gauzatu artean, eta bide horretan posiblea dena eta ez dena ere egingo dugu. Marokok amore eman beharko du egunen batean, gure lurretik kanporatuko dugu.

Zuzeneko lau saioen ostean, alta, urtebete daramatzate etenda bi aldeen arteko negoziazioak. NBEren bitartekaritza emaitzak emango al duela uste al duzu?

Christopher Ross NBEren ordezkariarengan jarrita dugu itxaropena; zuzeneko negoziazioei heldu aurretik ofizialak ez diren bilerak egitea egoki ikusi du. Haren bigarren bisitaren zain gaude.

Fronte Polisarioa gerrara itzultzeko aukeraz ere mintzatu da. Aukera hori zilegi al da?

Jakina! Itxoiteaz aspertuta dago gure herria. Bake bideak amaitzen direnean ezinbestean helduko diogu borroka armatuari. Gure herria baketsua da, ez dugu odol gehiago isuri nahi; baina horretara behartzen bagaituzte...

Frantzia eta Espainiaren jarreraz zer iritzi duzu?

Auziarekiko horrelako jarrera izatea deitoragarria eta lotsagarria da; Marokorekin akordio ekonomikoak egitea jakinda ez dituela sahararren giza eskubideak errespetatzen. Espainiak ez aitzakiarik; rol erabakigarria jokatu beharko luke auzian; izan ere, bera da kolonizazioaren erantzule historikoa. Espainia sahararren sufrimenduaren azken erantzulea da eta auzian duen jarrera negargarria da.

Zertan da duela lau urte piztu zen intifada baketsua?

Giza eskubideak egunero urratzen dira. Ni neu kolpatu ninduten duela bi hilabete; giza eskubideen aldeko ekintzaile bat bisitatzera joan nintzen, kartzelatik atera berria zen, eta haren etxetik ateratzean dozena bat polizia jarri ziren nire gainean eta kolpeka eta ostikoka hasi ziren, harriekin eta borrekin, buruan, aurpegian, sabelean, sorbaldan... Oinazea kroniko bihurtu da Mendebaldeko Saharan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.