Sidi Ahmed Talmidi. Ekintzaile sahararra

«Mendebaldeko Saharan hasi zen udaberri arabiarra»

Mendebaldeko Sahararentzat konponbide bakarra dagoela uste du Talmidi ekintzaileak: erabateko independentzia. Sahararrak leher eginda daudela dio, eta ezin diotela egungo egoerari luzaroago eutsi.

KARLOS ZURUTUZA.
Rabuni
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Arabiar eremu zabaleko gaur egungo istiluen ostean, Mendebaldeko Saharako gatazka ahaztuko hainbat ahotsek beren egitekoa aldarrikatu dute udaberri arabiarra deritzonean. 2010eko urrian, hainbat gertakari izan ziren Gdeim Izik kanpalekuan, Mendebaldeko Saharan, eta Marokoko Gobernuarekin negoziatzen aritu zen bederatzi kideko talde bat. Haietako bat da Sidi Ahmed Talmidi. Aljeriako mendebaldean, Rabuni iheslarien kanpalekuan egindako elkarrizketa da hau.

Gaur egun, zer-nola dago Mendebaldeko Sahara, Marokoren kontrolpean?

Kartzela jendetsu bat bihurtu du eremua Marokok. Inor ez dago seguru, ezta nor bere etxean ere. Etengabeko jazarpena jasaten du jendeak, etxetik ateratzen dituzte gauerdian, eta kartzelan sartzen, baita desagerrarazten ere. Maiz, kale erdian agertu ohi dira jendearen gorpuak, basatiki mutilatuak. Duela bi aste, esaterako, txiki-txiki eginda aurkitu zuten Hamdi Tarfany izeneko gizaseme baten hilotza, Aaiunen, eskualdeko administrazio hiriburuan.

Hala gertatu izan da 1975az geroztik, Espainiak, aurreko kolonia potentziak alde egin, eta marokoarren esku utzi baikintuen, eta haiek gure lurraldea inbaditu zuten. Rabatek esatera, Marokoko beste eremu batzuetan bezalako bizi-kalitatea dugu hemen, eta demokrazia sistema batean bizi gara; baina ez da egia, ezta hurrik eman ere. Ia mundu guztiak onartu ditu urraketa horiek; NBEk berak ere Mendebaldeko Saharako jendearen legezko ordezkaritzat onartua du Fronte Polisarioa [saharar matxinoen askapenerako mugimendu nazionala].

Maroko eta Fronte Polisarioa 16 urtean borrokatu izan dira lurraldeagatiko gerra batean, harik eta 1991n NBEren begiradapeko su-etena indarrean sartu zen arte. Zer lortu duzue 21 urte hauetan?

Bertan behera utzi genituen armak, erreferendum bat hitzeman zigutelako. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioak errolda bat eratu zuen, baina Maroko arduratu da orain arte egindako zerrendak blokeatzeaz. Oinarri-oinarrian, ez dugu ezertxo ere lortu. Gutako jenderik gehiena iheslari bihurtu da, Aljeriako basamortuan —iturriaren arabera, 200.000 edo 275.000 bat—, eta bizirik irauteko borrokatzen ari gara. Bestalde, Rabatek izugarrizko onurak lortu ditu hogei urteotan. Frantziaren konplizitateari eta NBEren ekintzarik ezari esker, gure meatzaritza eta arrantza baliabideak ustiatu ahal izan ditu. NBEk ordaintzen ditu Minursoko langileak, jokaleku erosoan jardun dezaten. Ez daukate mekanismorik eremu horretan giza eskubideak betetzen ari ote diren begiratzeko; batik bat, NBEn izugarrizko eragozpena dakarrelako frantsesen betoak.

Zu zeu negoziazio taldeko kideetako bat zinen, 2010eko urrian Gdeim Izik kanpalekuan gertakari haiek izan zirenean. Nolako oroitzapena duzu garai hartaz?

Urriaren 9an, hamabi kilometro inguruko kanpaleku bat ezarri genuen, Aaiun kanpoaldean, gure asmoa baitzen manifestaldi baketsu bat gidatzea eta ez izatea tirabirarik erdiguneko marokoar kolonoekin. Gutako bederatzi geunden negoziazio taldean. Munduari gogorarazi nahi genion Marokoren kolonia izan garela 35 urtean baino gehiagoan; hala, gu geunden tokiraino ibili behar zuen jendeak, eta gurekin elkartu. Hilabeteren buruan, 30.000 saharar inguru bildu ginen kanpalekuan.

Gure oinarrizko eskubideen alde eta Marokoko Gobernuaren eta monarkiaren aurka ari ginen protestan. Ez dugu ezer marokoar jendearen aurka; hain zuzen, haietako askok ere baldintza latzei aurpegi eman behar diete Rabaten agindupean. Azaroaren 8an, Marokoko Poliziak eta indarbereziek modu ezinago basatian eraso zioten kanpalekuari. Ez dago hitzik egun hartan guk guztiok ikusi genituenak deskribatzeko; ez da sinestekoa XXI. mendean oraindik ere halakorik gertatzea. Erasoaldiaren bezperan, kanpalekuan bildutako jende hura dena bahitzeaz akusatu gintuen gobernuak gutako zortzijendaurrean. Nola eduki ahal izango genituen gatibu milaka pertsona?

Marokok dio gertakari hartan 18 polizia hil zirela, baina saharar bat bera ere ez. Fronte Polisarioak dio, berriz, 38 saharar hil zirela, eta ehundik gora zauritu. Zein da zure jarrera?

Makina bat manifestariren izenak emango nizkizuke, Marokoko Poliziak hildakoenak. Nagam Gareh, 14 urtekoa, auto baten barruan hil zen, manifestarientzako hornigaiak garraiatzen ari zela; Brahimd Daudi eta Babi el Gargar, tiroketan hil zituztenetako bi... Nolanahi ere, ezinezkoa da zehaztea zenbat hil eta zauritu zituzten, gutako askori osasun laguntza ukatu baitzieten hainbat ospitaletan. Nire lagun askoren nondik norakoaren arrastorik ere ez dut. Jende asko desagertu zen gertakari haien ostean.

Endemikoa da gure gatazkari buruzko informaziorik eza; beraz, ez da harritzekoa hedabideeiGdeim Iziken sartzea galaraztea. Al-Jazeera bera ere berehala kanporatu zuten Marokotik; gatazkaren berri ematen hasi orduko. Esan ere egin genezake udaberri arabiarra Marokoren kontrolpeko Mendebaldeko Saharan hasi zela, eta ez Tunisian. Tunisiak eta Egiptok handik bi hilabetera bereganatu zuten arretaren ehuneko txiki bat lortu izan bagenu, gaur egun arras bestelako politika egoeran geundeke.

Nola desblokeatu liteke gatazka hori?

Sahararrentzako itxaropen bakarra da NBEri onarraraztea Marokok ez duela eman nahi beste pausorik bake planean. Denbora aldeko du Marokok; beraz, ezinbestekoa da nazioarteak Rabat estu hartzea, eta negoziatzera eseraraztea. Halere, Marokoren errefusak gerra ekar dezake berriro ere. Gaur-gaurkoz, nire ustez, konponbide bakarra dago Mendebaldeko Sahararentzat: independentzia erabatekoa; eta ez bestelako autonomiaren bat, Rabatek iradoki bezala. Halakorik lortu ezean, haien okupazioaren mendean egongo ginateke aurrerantzean ere, eta, beraz, animalien pare tratatuko gintuzkete. Gutako jenderik gehiena iheslarien modura bizi da basamortu erdian, ezin baikara etxera itzuli. Leher eginda gaude, eta ezin diogu luzaroago eutsi egoera honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.