Mendeurren bat eta ehun immolazio

Tibetarrek independentziaren mendeurrena ospatu duten egun berean, beste monje batek bere buruari su eman dio, Katmandun. Ehun tibetar immolatu dira jada 2009tik, Txinaren okupazioa salatzeko.

2013ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Tibetarren immolazioek ez dute etenik izan 2009tik gaur arte. Atzo bete ziren herrialdeak independentzia aldarrikatu zueneko ehun urte; urte horiek beste pertsonak eman diote su beren buruari 2009ko otsailaz geroztik, Txinaren okupazioa salatzeko.Atzo, Nepalgo Katmandu hiriburuan 22 urteko gazte batek bere buruari su eman zion, tenplu budista baten aurrean. Oso larri dago. 2009ko otsailaz geroztik izan den ehungarren immolazioa da, eta lehendabizikoa Nepalen gertatzen dena. Hainbat iturriren arabera, monje budista batek egin du ekintza hori, baina ez dago ofizialki baieztatuta.

1913an, Tibetek eta Mongoliak Txinarekiko independentzia agiri bat sinatu zuten; Txinak ez zuen onartu, eta 1950eko hamarkadan Tibet okupatu zuen berriz. Ustez, XIII. Dalai Lamak sinatu zuen agiria, bainaez dago argi.

Lobsang Sangay Tibeteko lehen ministroak —erbestean dago— esan du ez daukatela ospatzekorik ezer. Lhasa Tibeteko hiriburuan, agintariek ospakizunak antolatu dituzte urtemugaren harira. Hala ere, hainbat herritarrek errefusatu egin dute parte hartzea, eta tenpluetan izan dira, martirien aldeko otoitzean. Dharamsalan ere (India), Tibeteko erbesteko gobernuaren egoitza dagoen hirian, monjeek ekintzaileen aldeko otoitzak egin dituzte.

Txinako iturri ofizialek, ordea, urtemuga «iruzur» gisa definitu dute. Joan den hilaren 11n Txinako Gobernuak esan zuen urtemugaren oinarria «alegiazkoa eta eraikia» dela, Xinhua berri agentzia ofizialaren bitartez. Kanpaina gogor bati ekin dio Txinak, immolazioak eteteko asmoarekin. Esate baterako, hilaren 8an 70 pertsona atxilotu zituzten sarekada batean, «immolazioak bultzatzea» egotzita. Kargu beragatik, Hungnango Bitarteko Auzitegiak tibetar bati hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zion egun berean. Astebete lehenago, heriotza zigorra ezarri zion beste bati, zortzi pertsona euren buruari su ematera bultzatu izana egotzita. «Jarrera ona» badu, bizi guztiko zigor bihur daiteke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.