Merkatuek ez diote kasurik egin 'Monti efektuari'

Burtsek behera egin dute, eta arrisku sariek gora, Italiak bere zorra uste baino garestiago saldu ondoren

Iker Aranburu.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Beste behin, finantza merkatuek zurrumurrua hobetsi dute errealitatearen aldean. Joan den astearen amaieran burtsek gora egin zuten, eta arrisku sariak behera, Silvio Berlusconiren ordezkoen artean Mario Monti zegoela zabaldu zenean; atzo, Italian erreforma mingarriak egiteko hautatua Monti izango dela ofiziala denean, merkatuek Italia, Espainia eta Frantzia zigortzea erabaki zuten.

Montiren izendapenak merkatuak baretzeko balioko zuela uste zuten gehienek, eta horrela hasi zen eguna. Milango burtsa %1 igotzen hasi zen, eta arrisku sariek —herrialdeek beren zor publikoaren truke pagatu behar duten interesa, Alemaniako hamar urteko bonuarekin alderatuta— behera egin zuten. Baina Italiak zorra saldu behar zuen, eta ez zitzaion ongi atera: 3.000 milioinahi zituen, bost urtean itzuli beharrekoak. Dirua bildu zuen, baina eskaera apala izan zuenez—1,5 aldiz gehiago—, interes handia pagatu behar izan zuen, %6,29koa, duela hilabete baino ia puntu bat gehiago.

Erantzuna berehalakoa izan zen: burtsa guztiek behera egin zuten, eta Italiaren arrisku saria 456 puntutik ia 500era igo zen. %6,7ko interesa pagatzen dute, beraz, Italiaren hamar urteko bonuek, duela astebete baino zazpi hamarren gutxiago, baina oso kopuru handia martxora arte 200.000 milioi euro bildu nahi dituen herrialde batentzat.

Italiaren zorra ez ezik, merkatuen jopuntuan dauden besteena ere garestitu zen: Frantziarena, Belgikarena eta, batez ere, Espainiarena. Haren arrisku saria 407 puntutik 432ra igo zen. Euroaren garaiko mailarik handiena da hori, eta oso une desegokian dator, aste honetan merkatuetan 7.500 milioi bildu nahi dituelako Espainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.