Afari pribatu bat, oroitzapenetarako argazki batzuk elkarrekin, esku bat bestearen bizkarrean, eta Donald Trumpentzako mezu bat: «Zaindu nazioarteko balioak». Angela Merkelek Barack Obamaren falta handiagoa sumatuko du Obamak Merkelena baino. AEBetako jarduneko presidentea Alemaniako kantzilerra lasaitzera joan da Berlinera, eta errepikatu dio bi gobernuen arteko lankidetzak berdin jarraituko duela, hala arlo militarrean nola ekonomikoan. Baina biek dakite Obamak ez dakiela ziur.
Alemaniako Gobernuan atsekabe handia eragin du Trumpen garaipenak AEBetako hauteskunde orokorretan. Muturreko planifikazioaren eta ordenaren herrialdean —80 urtean greba orokorrik egin ez duenean—, ezintasunez ikusi dute nola irabazi duen zalapartaren legeak Etxe Zurirako lehia. Azken zortzi urteotan Obamarekin harilkatutako akordio eta egitasmoak zalantzan geratu dira orain; Trumpek ziurgabetasuna dakar, eta Merkel ez da inprobisazio zalea.
Aliantza gorabeheratsua
Obama 2008ko kanpainan joan zen lehenbiziko aldiz Berlinera, eta Alemaniako politikariek ere gutxitan batu izan duten jendetza elkartu zuen Brandenburgoko atearen aurrean. Merkelen gobernuak Washingtonekin izandako harremana zartatuta zegoen ordurako, besteak beste, hark bere kabuz eta gezurrezko aitzakiak erabiliz erabaki zuelako Irak inbaditzea. Obamak, aldiz, gerra hura amaitu eta herrialde arabiarrekiko harremana hobetzeko promesa zekarren: Alemanian ongi hartu zuten, Ekialde Hurbiletik heldutako populazio handia bizi baita han. Estiloan ere bat zetozen Obama eta Merkel: biak ziren kontserbadoreak eta neoliberalak, baina diskurtso soziala zerabilten. Azken urteotan aliatu garrantzitsuak izan dira, batez ere gai militarretan. AEBen ostean, Alemania da Afganistanera soldadu gehien igorri dituen herrialdea, eta haren Ramstein-Miesenbach base militarra ezinbesteko akuilua izan da AEBetako armadarentzat Pakistango drone gerra egiteko. Trukean, Washingtonek Merkel babestu eta gidaritza utzi zion 2014an, Ukrainako krisian.
Baina dena ez da erraza izan zortzi urteko harremanean. Irakeko gerra behar baino beranduago bukatu zen, eta arrasto luzea utzi zuen: bi urte geroago, Estatu Islamikoa agertu zen Sirian eta Iraken. Harrezkero, milaka pertsonak egin dute herrialde horietatik ihes; haietako gehienen patua Europaren esku geratu da, AEBen esku baino gehiago, eta gehienek Alemanian eskatu dute babesa.
Bestalde, espioitza afera batek ere mikaztu zuen Berlinen eta Washingtonen arteko giroa 2013ko ekainean. Edward Snowden CIAko langile ohiak filtratu zuen AEBetako zerbitzu sekretuek Europako hainbat agintari zelatatu zituztela, tartean Merkel bera. Albisteak sumindura eragin zuen Berlingo kantzilertzan: Alemanian, pertsonala pertsonala da, baita figura publikoenen kasuan ere.
Tentsio uneak gorabehera, Obamak eta Merkelek elkarrengana itzultzen bukatzen zuten beti, elkar behar zutelako. AEBetatik hel zekiokeen kide egokiena zen Obama Merkelentzat; beharbada, soilik Hillary Clintonek findu zezakeen sintonia. Trump bestelakoa da, edo hala agertu da, bederen, kanpainan: apenas erakutsi duen kezkarik bere mugetatik harago gertatzen denaz, eta erdeinuz mintzatu da nazioarteko aliantza militar eta ekonomikoei buruz: AEBek NATOri egiten dioten ekarpena handiegia omen da; Ukraina, «Europaren arazoa»; eta klima aldaketa, «txinatarren asmakizun bat».
Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania dira, hurrenez hurren, NATOri ekarpen ekonomiko handiena egiten dioten Europako estatuak. Hiruren artean, ordea, ez dira iristen AEBek jartzen dutenaren laurdenera ere. Washingtonek ekialdeko gatazketan daukan presentzia murriztuko balu, posible litzateke Alemaniak lidergoa hartzeko beharra sentitzea. Merkelek, hain zuen ere, defentsan «konpromiso handiagoa» agindu zion atzo Obamari, nahiz eta defentsako gastua igotzea ez den kanpainaurrean ongi sartu ohi den zerbait.
Europa, deserosoago
Epe laburreko gatazka zehatzez harago, Merkel bakarrik geratzen ari da. Duela ez hainbestera arte, nazioarteko gobernuburuen bilerak erosoak ziren harentzat: hizkuntza desberdinetan mintzatu arren, lengoaia bera ezagutzen zuten kideekin negoziatzen zuen. Hor zegoen, esate baterako, David Cameron, Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadore eta demokraziaren fededuna; hor zegoen François Hollande, sozialdemokrazia aski malgutuz gero kontserbadoreekin ongi molda zitekeela frogatu zuena; eta, Atlantikoaz harago, han zegoen Obama. Orain, Cameron joan da, eta Theresa Mayren gobernu eurofoboak hartu dio lekua. Obama ere badoa, eta Hollanderen jarraipena ere airean dago. Lehengo taldetik, Mariano Rajoy da geratzen zaion bakarrenetarikoa.
Hiru estatu horietako agintariak Berlinen elkartuko dira gaur, Obama agurtzeko; askoz kolektiboa dirudien agurra izango da. Mamu berri batek zeharkatzen du Europa, eta ez da preseski komunismoarena. «Herritarrek jada ez dute gure hizkuntza ulertzen», onartu zuen atzo Manuel Valls Frantziako lehen ministroak Berlinen. Eskuin muturraren gorakadarekin, «Europa», batasunaren aurpegiek nahi zuten hura, «hil» egin daitekeela ohartarazi du.
Obama Alemanian
Merkel bakarrik geratzen ari da...
Alemanian amaituko du Barack Obamak bere Europako azken bira AEBetako presidente gisa. Berlinera joan da, Angela Merkeli, bere «aliatu estuenari», agur esatera. Bietako inork ez zuen espero erabateko agurra izango zela: Obama badoa, eta berak ere ez daki zer datorren ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu