Merkelek Europan ez du sustatuko «kreditu bidezko hazkundea»

Sozialdemokraten eta Berdeen sostengua behar du kantzilerrak EBren akordio fiskala onartzeko Alemanian

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Euroguneko krisia gainditzeko «kreditu bidezko hazkunderik» ez dela egonen ziurtatu du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, horrek «krisiaren hasierako puntura» eramanen lituzkeelako EB Europako Batasuneko herrialdeak. Mezu hori SPD Alderdi Sozialdemokratari eta Berdeei eman die, bi indar horiek erran baitute Alemanian ez dutela EBko akordio fiskalaren alde bozkatuko, hazkundea eta enplegua sortzeko estrategia bat ere bere gain hartu ezean.

Alemaniako behe eta goi ganberen (Bundestagen eta Bundesraten) bi herenek eman beharra diote oniritzia EBko 27 herrialdeetatik 25ek izenpetutako akordio fiskalari. Langa hori gainditzeko, Merkelek SPDren eta Berdeen sostengua behar du. Horregatik, muga zein den markatu arren, Merkelek onartu die hazkundea «egiturazko aldaketekin» sustatzea «beharrezkoa» dela, eta EBren akordioak hori bere gain hartzen duela azaldu du.

Alemanian ez ezik, inguruko herrialdeetan ere igo egin dira neurritasun politikak nahikoa ez direla dioten ahotsak, eta hazkunderako neurriak hartzeko beharra aldarrikatzen dutenak. Hori dela eta, Merkel ere hasi da sustapen neurriak bere erretorikan sartzen, argi utzi duen arren bere «printzipioak» ez dituela «baztertuko» eta ez duela «hazkundearen ilusiorik» sortuko.

Merkelek erretorika leundu du François Hollandek Frantziako presidentetza eskuratzearekin bat, hazkundea sustatzeko neurrien beharra izan baita haren kanpainaren aldarri nagusia. Asteazkenean elkartuko da Hollande Merkelekin, agintea hartu eta biharamunean. EBk, berriz, hilaren 23an eginen du hazkundeaz eztabaidatzeko goi bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.