Uste baino gehiago luzatu zaio Friedrich Merzi (CDU) Alemaniako kantziler kargurako bidea. Dena eginda zegoela zirudien: atzo sinatu zuten koalizio akordioa CDU-CSU koalizioak eta SPD alderdi sozialdemokratak, eta, hiru alderdietako parlamentari guztiek aldeko botoa emanda, Merzek ziurtatua zuen gehiengo osoa. Bada, ezustean, lehen bozketan Merzek ez du behar besteko babesik jaso. Eta azkenean, arratsaldean, bigarren bozketan lortu du Bundestageko gehiengo osoaren babesa: 325 parlamentarik egin dute CDUkoaren alde, eta 289k kontra —316 parlamentariren babesa behar da gehiengo osoa lortzeko—.
Parlamentuaren babesa jaso ostean, Merz Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentearekin bildu da, eta hark izendatu du ofizialki Alemaniako kantziler; gero parlamentura itzuli da karguaren zina egitera. Ostera, berriz presidentearen egoitzarainoko bidea egin du, baina gobernu berriko kide guztiekin. Gobernu berriak hamazazpi ministro izango ditu: hamar kontserbadore eta zazpi sozialdemokrata. Ia 60 urteren ostean, CDUren esku geratuko da Atzerri Ministerioa. Era beran, CDUkoa izango da Ekonomia ministro berria, eta CSUkoa Barne ministroa. Bestalde, Boris Pistorius sozialdemokratak Defentsa ministro karguan jarraituko du, eta SPDkoak izango dira Finantza eta Lan ministroak ere.
Goizean, ordea, ez du lortu bozketako langa gainditzea. Krisi politiko batek eztanda egin du Alemanian, eta krisi mota hori aurrez gertatu gabea da EB Europako Batasuneko potentzia ekonomiko nagusian. Kantzilergai kontserbadoreak ez du beharrezko gehiengoa lortu, nahiz eta berez ziurtatua zuen. Bundestagek 630 aulki ditu; CDU-CSUk 208 aulki ditu, eta SPDk, 120; hau da, 328 bien artean. Baina lehen bozketa egin dute, eta 310 lortu ditu Merzek; 307k kontra bozkatu dute, eta hiru parlamentari abstenitu egin dira. Alemaniako zenbait hedabidek argitaratu dutenez, parlamentari kontserbadore eta sozialdemokrata guztiak hemizikloan zeuden bozketa egin denean; hau da, haietako batzuek ez dute Merz babestu. Aurreneko aldia izan da errepublika federalean ez dutena kantzilergai bat lehen bozketan aukeratu.
Bozketa sekretua da, eta, horrenbestez, Merzek ezin du jakin nork ez duen egin haren alde. Ziurtzat ematen zenez gaur kantziler aukeratuko zutela, Merzek jada itxia zuen datozen egunetarako agenda; bihar, esaterako, Parisera eta Varsoviara joatekoa da bidaia ofizialean, eta ostiralean Bruselara. Goizeko bozketaren ostean, kili-kolo geratu da Merzen agenda, baina parlamentariak azkar ibili dira. Bigarren bozketa egun berean egiteko, parlamentuaren bi herenek ados egon behar zuten, eta hala izan da. Soilik AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarreko parlamentariak agertu dira kontra.
Goizeko bozketaren ostean, AfD alderdiko lider Alice Weidelek esan du parlamentuko korridoreetan hauteskundeak berriz egin beharko lituzketela. Alderdi bereko presidentekide Tino Chrupallak adierazi die hedabideei gaurkoa «egun on bat» dela Alemaniarentzat: «Izan ere, argi geratu da zenbat balio duen koalizio honek, kantzilerra aukeratzeko lehen bozketan ez bada gai gehiengoa lortzeko».
Ikusi gehiago
Merzentzako mezua
Azkenean kantziler izendatu badute ere, Merzentzat ez da egun erraza izan gaurkoa, eta lehen bozketaren emaitzak kezka eragingo dio koalizioari. Otsailaren 23an egin zituzten hauteskundeak, eta, haietan, CDU-CSU nagusitu zen, 208 eserleku lortuta. AfD izan zen bigarren indarra (152 eserleku), nabarmen gora egin ondoren, eta sozialdemokratek inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituzten, nahiz eta boto gehien bildutako alderdietan hirugarrena izan (120 eserleku). Berdeek 85 lortu zituzten, eta Die Linkek, 64. Berdeen liderretako batek, Felix Banaszakek, sare sozialetan ohartarazi du gertatutakoa «mugarri» bat dela, ez dela «ona», eta bai Alemaniak bai EB Europako Batasunak «egonkortasuna» behar dutela. Eta zehaztapen bat egin du. «Ezin zaio errua oposizioari egotzi, gobernuari gehiengo hori lortzen ez laguntzeagatik». Britta Hasselmann da Berdeen talde parlamentarioko presidentea, eta nabarmendu du «pitzatu» egin dela Merzekiko eta SPDren presidentekide Lars Klingbeilekiko konfiantza, atzo adierazi zutelako ziurtatuta zeudela kantzilergaia aukeratzeko bozketa irabazteko botoak.
5Zenbat aldiz gobernatu duten elkarrekin CDU-CSUk eta SPDk. Koalizio handia osatzen dute CDU-CSUk eta SPDk Alemaniako gobernu federaleko ardura hartzen dutenean, eta GroKo laburdura baliatzen da horretaz aritzeko. 1949az geroztik, lau aldiz gobernatu dute elkarrekin, maila federalean. Batetik, 1966tik 1969ra. Bestetik, Angela Merkel kantzilerraren aroan, hirutan: 2005etik 2009ra; 2013tik 2017ra; eta 2017tik 2021era. Gaurtik aurrera, bosgarrenez arituko dira elkarrekin gobernatzen.
Bundestagen gertatu dena aintzat hartuta, CDU-CSUko edo SPDko sektore batek mezu bat bidali nahi izan dio Merzi. Eskarmentu handiko politikaria da (69 urte), eta 1989an igaro zen politikagintzaren lehen lerrora. Hori bai, CDU gobernuko alderdi bat izan den arren, gobernuan ez zuen kargurik eduki ez Helmut Kohl kantzilerraren aroan (1982-1998) ez Angela Merkelen agintaldian (2005-2021); are, harekin ez zuen harreman onik, eta sektore pribatuan jardun zuen 2009tik 2021era.
Gehiengo osorik gabe, CDU-CSUk Koalizio Handia lehenetsi zuen, eta bi aldeek hori osatzeko akordio bat egin zuten apirilaren 9an. Atzo sinatu zuten gobernu ituna, alderdien barnean kontsultak egin ostean. Orain, gobernu berriak helburu izango du, batez ere, herrialdea motelaldi ekonomikotik ateratzea; gainera, migrazio politikak gogortzeko asmoa dute.