Mexiko

Mexikoko fiskal nagusi ohia atxilotu dute Ayotzinapako ikasleen desagertzeekin lotuta

«Behartutako desagertzea, torturak eta justizia administrazioaren aurkako delituak» leporatu dizkiote prokuradore izandakoari. Armadako hogei buruzagi eta 44 polizia atxilotzeko ere agindu dute.

Desagerttako ikasleen senideak, joan den ekainean, Mexiko Hirian egindako manifestazio batean. ISAAC ESQUIVE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 20a
16:05
Entzun

Goizaldean atxilotu dute Jesus Murillo, 2012 eta 2015 artean Mexikoko fiskal nagusi izandakoa. 2014an Ayotzinapan desagertutako 43 ikasleen kasuarekin lotuta atzeman dute Karam, eta «desagertze behartua, torturak eta justizia administrazioaren aurkako delituak» egotzi dizkiote. Datozen orduetan utziko dute epailearen esku.

Murilloz gain, baina, armadako hogei arduradun, 44 polizia, eta Guerreros Unidos talde armatuko ustezko hamalau kide atxilotzeko ere agindu du fiskaltzak. Atxilotu beharreko polizien artean daude 11 polizia federal. Guztiak lotzen dituzte Igualan 2014ko irailaren 26an eta 27an izandako gertakariekin, eta denei egozten dizkiete desagertze behartuak, torturak eta justizia administrazioaren aurkako delituak.

2014ko irailaren 26an, Ayotzinapako nekazaritza eremuetarako irakasleentzako eskolako 43 ikasleak autobusetara igo ziren, urriaren 2an Mexiko Hirian egitekoa zen manifestazio batean parte hartzeko asmoz. Tlatelolco sarraskian hildakoen omenezko manifestazioa zen.

Ikerketa oso azkarra izan zen. Urri hasieran bere gain hartu zuen kasua delinkuentzia antolaturako fiskaltza bereziak, Ikerketa Kriminalerako Agentziarekin batera; Tomas Zeronek zuzentzen zuen azken hori. Mexiko estatutik zetorren Zeron, haren aurretik agentzia zuzendu zuen Enrique Peña Nieto orduko presidentea bezala. 33 egunen buruan Zeronek eta bere taldeak euren teoria aurkeztu zuten. Urte hartako azaroan Murillok jakinarazi zuen Igualako Poliziak Ayotzinapako Eskola Normaleko ikasleen aurka jo zuela gau hartan: sei pertsona tiroz hil, 27 zauritu eta 57 bahitu zituzten. Bahituetako hamalau handik egun batzuetara aurkitu zituzten. Bertsio ofizialaren arabera, poliziek Guerreros Unidos taldearen esku utzi zituzten ikasleok, eta Coculako zabortegi batean akabatu eta erraustu zituzten, Iguala ondoan. Murillok orduan esan zuen «modu sendoan» geratu zela frogatuta gazteak bahitu, hil, erre, eta arrastoak San Juan ibaira bota zituztela.

Baina desagertuen senideek ikerketa independente bat nahi zuten, eta Coculako zabortegiaren teoria indarra hartzen hasi zenean, 2014ko urriaren amaieran Argentinako Antropologia Forentserako Taldea heldu zen Mexikora. Handik hilabete batzuetara, 2015eko martxoan Aditu Independenteen Talde Interdiziplinarioa heldu zen, Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordearen babesarekin.

2015eko irailean aditu taldeak gezurtatu egin zuen Mexikoko Ayotzinapa hirian desagerrarazitako 43 ikasleen inguruko bertsio ofiziala. Batzordearen arabera, ez zegoen frogarik esateko ikasleen gorpuak Cocula udalerriko zabortegi batean erre zituztela, eta hainbat erakundek salatu zuten prokuradorearen bulegoak ez zuela ikerketa «behar bezala kudeatu», frogatutzat emanez «Mexikoko maila guztietako agintarien esku hartzea» egon zela desagertzeetan eta egia ezkutatzeko prozeduran.

Irailaren 29an San Juan ibaian agertutako gorpuak ere eman zuen zeresanik. hilotza Alexander Morarena zen. Aditu independenteek zabaldutako bideoan, baina, agerian geratu zen bezperan prestatu zutela gertalekua; inguruetan ageri da Agustin Garcia Reyes El Chereje. Auzipetuta dagoen sikario bat da El Chereje. Eta bertsio ofiziala eraiki zuten haren bidez. Agertutako gorpuaren zaintza katea ez zela errespetatu frogatu zuten adituek. Eta erasotik bizirik atera ziren ikasleen tesiari erreparatu zioten; militarrak ere bazirela tartean.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, ikerketa zeramaten segurtasun indarrek torturatu egin zituzten desagertzeetan parte hartzeagatik atxilotutako 34 pertsonak. Haietako bat izan zen Emmanuel Alejandro Blas Patiño El Chiquis. 2014ko urriaren 27an, armadak operazio bat egin zuen Cuernavacan, Morelos estatuan. Desagertzeen inguruko informazioa eman zezaketen Guerreros Unidos taldeko kideen bila zebiltzan. Operazio hartan, bertsio ofizialaren arabera, ustezko hiru trafikatzaile atzeman zituzten. Haietako batek ihes egin zuen, eta, militarren esanetan, teilatu batetik erori zen, bertan hilez. Gerora atera zen argitara El Chiquis torturatu egin zutela gau hartan bertan, eta torturatzen ari zirela hil zela.

Gezurrak argitara

2018an batzorde independente bat eratu zuen Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak Ayotzinapan gertatutakoa argitzeko. 2020ko uztailean bertan behera geratu zen Peña Nietoren gobernuak «egia historiko» gisa aurkeztutakoa, eta Alejandro Gertz Maner fiskal nagusiak 46 funtzionario ohi atxilotzeko agindu zuen, tartean ordura arte ikerketako arduradun izan zen Zeron bera —egun ihesean dagoena—.

Egiaren Batzordeak salatu zuen gerora «botereak antolatutako ekintza bat» izan zela «egia historikoa», helburu zuena «gertatutakoa ezkutatzea, frogak manipulatzea, agintarien eta erasotzaileen arteko harremanak ezkutatzea».

Oraindik ere erantzunen zain

Desagertutako 43 ikasleetatik soilik hiruren gorpuzkiak identifikatu dituzte orain arte; baina ikerketaren arduradunek baztertu dute haietatik inork bizirik irautea. Fiskal nagusiaren esanetan, azken frogetatik ondorioztatu liteke 43 ikasleak ez zirela inoiz elkarrekin egon, nahiz eta Murillok aurkako esan hasieran. Aldiz, Guerrero inguruetako droga trafikatzaileen arteko interes gatazken biktima izan zirela uste da: «Guerrero mendilerroan ekoizten den droga banatzeko gune nagusia da Iguala, eta oinarrizkoa da Mexiko Hirian droga banatzen dutenentzat eta AEBetara bidaltzen dutenentzat ere. Ikasleen presentziak piztu zuen gaizkile taldeen, haiek ezkutatzen zituztenen eta kideen arteko gatazka».

Egiaren eta Justiziaren Batzordearen txostenaren arabera, Mexikoko agintariek eta Igualako segurtasun indarrek unean bertan izan zuten gertatzen ari zenaren berri, eta «desagertzeak eta hilketak» gelditzeko aukera izan zuten: «Armadak esku hartu izan balu, ikasleak bizirik aterako ziren». Mexikoko Gobernuak abiatutako ikerketa batzordeko buruaren arabera, gainera, armadak soldadu bat zuen Ayotzinapako eskolan infiltratuta —43 desagertuetako bat—: «Julio Cesar Lopez txostenak egiten ari zen eskolako idazkaritzarentzako, eta bera zen batzarretan eztabaidatzen zenaz informatzeko arduraduna; urriaren 2ko manifestaziora joateko erabakiaren berri ere bazuen. Bere azken txostena irailaren 26ko goizean jaso zuen armadak, baina ez zuen ezer egin hura aurkitzeko».

Batzordeak salatu du, baita ere, ikerketa hasiz geroztik hil egin direla edo hil egin dituztela oinarrizkoak ziren 26 lekuko. Horietatik hamalau Guerreros Unidos talde armatuko kideak ziren, hiru talde armatu horretako kideen senideak eta beste hiru lekukoak edo gertakariekin nolabaiteko lotura izan zutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.