Azken 500 urteetan Mexikok maia indigenen aurka egindako erasoengatik barkamena eskatu zuen atzo Olga Sanchez Cordero Gobernazio ministroak: «Mexikoko maia herriari barkamena eskatzen diogu gaur estatuaren izenean, historian haien aurka egindako gehiegikeriengatik eta gaur egun bizi duten bazterketagatik». Quintana Roo estatuan esan zituen hitzok Corderok, Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obrador eta Guatemalako estatuburu Alejandro Giammattei bildu zituen ekitaldian.
Zehazki, Mexikok independentzia lortu ostean, 1847 eta 1901 artean, izandako kasten arteko gerrari egin zion erreferentzia Gobernazio ministroak. Gerra hark aurrez aurre jarri zituen maia indigenak eta elite kreoleko kideak. Mexikoko armadak indigenen hiriburua zen Chan Santa Cruz hartu zuenean amaitu zen gatazka. Borroketan 250.000 pertsona hil zirela uste da.
Adierazpena indigenen aspaldiko aldarrikapena den arren, orain egin izana kritikatu egin dute askok; izan ere, hilabete eskas geratzen da Mexikoko legebiltzarrerako eta udaletako bozetarako. Aldi berean, Lopez Obrador presidentea gogor ari da kanpaina egiten Tren Maya deritzon proiektuaren alde —maien lurretatik ibilbidea egiten duen tren turistiko bat—, nahiz eta inguruetan bizi diren herritarrak haren aurka egon.
Maia indigenen artean asko dira presidenteak emandako urratsa kritikatu dutenak, eta ez bakarrik hauteskundeen atarian egin duelako, baita barkamena komunitateko ordezkariei zuzenean eskatu beharrean gobernadoreekin egindako agerraldi batean eskatzeagatik ere: «Jacinto Pat buruzagia bizirik balego, lotsatu egingo litzateke. Ez diete barkamena eskatu maiei, eta are gutxiago baztertutako gazteei».
Lopez Obradorrek, baina, entzungor egin die kritikei, eta nabarmendu du egungo testuingurua ez dela garai batekoaren berdina: «Orain askatasunak daude; zentsurarik gabe edozer adieraz dezake edonork. Baina batez ere herriari justizia egiteko borondatea dago, iraultza garaian bezala. Horregatik gaude hemen barkamena eskatzen eta berresten ez ditugula inoiz ahaztuko Mexikoko herriak».
Yucatanen maiek duten ordezkariak, Ana Karen Dzib Pootek, eskertu egin du gobernuak egindako urratsa, baina, aldi berean, oinarrizko hiru eskari egin dizkio: memoria batzorde bat osatzea, maia herriaren garapena adosteko buruzagi indigenen lidergoa aitortzea, eta herri indigenen eskubideak Konstituzioan jasotzea. «Egia da dagoeneko ez garela lurjabe handien esklabo, baina basoak suntsitzen ari dira oraindik soja landatzeko, eta izadiaren hasieratik defendatu ditugun mendiak eta putzuak kentzen», salatu du Pootek.
Protestak
Barkamen eskea protesta artean egin behar izan zuen Corderok. Izan ere, ekitaldia egitekoa zen inguruetan nekazari talde bat bildu zen salatzeko gobernuak ez zizkiela ordaindu duela hainbat urte desjabetutako lurrak. Ez ziren horiek izan estatuburuak entzun zituen kritika bakarrak. Mugimendu feministek egotzi zioten genero indarkeriako kasuetarako protokoloak indarrean jarri ez izana eskualde hartan.