Frogaz goraino betetako bost automobilekin joan da Andres Manuel Lopez Obrador, ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaia, Mexikoko Hauteskunde Institutu Federalera. Helegitea jarri du uztailaren 1eko presidentetzarako bozak baliogabetu eta berriz egin ditzaten, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak iruzurra egin duela argudiatuta. Emaitza ofizialen arabera, PRIko hautagai Enrique Peña Nietok irabazi ditu hauteskundeak botoen %38,2 eskuratuta, eta Lopez Obrador bigarren tokian geratu da, %31,8rekin. Ezkerreko hautagaiak, baina, ez ditu onartu emaitzak. «Mexikar guztiei dei egiten diet ez dezaten onartu erabateko zigorgabetasunez konstituzioa urratzea eta bide demokratikoa ekintzez baliogabetzea. Bestela jokatzea gure oinarrizko eskubideei uko egitea litzateke, eta antidemokrazia bizimodu eta gobernu sistema bezala onartzea».
Lopez Obrador sinetsita dago PRIk bost milioi boto erosi dituela, eta hauteskundeak askeak izan balira gehiengoak ez lukeela Peña Nieto aukeratuko. PRIk hauteskunde kanpainan 4.599 milioi peso —282 milioi euro— gastatu zituela adierazi du, legezko gehiengoa 336 milioikoa denean —20 milioi eurokoa—. Eta iruzurra demostratzeko frogak dituela dio. Besteak beste, PRIk botoaren truke eskainitako supermerkatuetako deskontuak eta bestelako opariak bildu ditu egunotan. Bereziki haserre agertu da iruzurra eremu pobreenetan egin dutelako, landa guneetan. «Tristura eta amorrua baizik ezin du eragin milioika mexikarren zoritxarraren arduradun diren horiek euren biktimak erabiltzea, batik bat pobreenak eta desinformatuenak, zorigaiztoko botere ekonomikoa, politikoa eta mediatikoa mantentzeko», kritikatu du.
Datorren astean alderdiak«Mexikoren ohorearen eta demokraziaren defentsarako plan nazionala» aurkeztuko duela kontatu du, eta ondorengo egunetarako mobilizazioak antolatuko dituela baita ere, «ustelkeria a salatzeko». Hori horrela, duela sei urteko presidentetzarako hauteskundeetako irudia errepikatu daiteke Mexikon. Izan ere, orduan ere ez zituen emaitza ofizialak onartu Lopez Obradorrek. Calderon eta bera parez pare geratu ziren lehen zenbaketetan, eta azkenik Calderoni eman zion garaipena, justu-justu, botoen %0,56rengatik. Orduan hainbat astez Mexiko Hiriko kaleetan aritu ziren protestan ezkertiarrak.
Federazioko Botere Judizialeko Hauteskunde Auzitegiak aztertuko du PRDren helegitea eta irailaren 6a baino lehen hauteskunde prozesuaren legezkotasunaren inguruko ebazpena eman beharko du. Lopez Obradorri arrazoia ematen badio berriz egin beharko lituzkete hauteskundeak. «Gu ziur gaude aurkezten ari garen froga kopuruagatik, eta horien pisuagatik auzitegiak bozak baliogabetuko dituela eta ez ohiko deialdia egingo duela», adierazi du PRDren abokatu Jaime Cardenasek.
«Legezko garaipena»
Peña Nietok bere garaipena «legezkoa» izan dela dio, eta Mexikoko presidente izateko zilegitasuna duela. Hauteskundeetan lortutako emaitzak defendatuko dituela esan du PRIk, eta baita «boto eskubidea baliatu zuten milioika mexikarrak ere». Ezkerrak demokraziako oinarrizko printzipio batean huts egin duela salatu du PRIko presidente Joaquin Coldwellek, emaitzak onartzearena, «baita kontrakoak direnean ere». Hain justu, bozen bezperatan Hauteskunde Institutu Federalak emandako emaitza ofizialak onartzeko itun bat sinatu zuten alderdi guztietako hautagaiek, Lopez Obradorrek barne.
«Milioika hautesleren nahia ezin daiteke baliogabetu Mexikoko errealitatea eta egia juridikoa onartzeari uko egiten dion jarrera batengatik», salatu du Coldwellek, eta Lopez Obradorri galtzen ez jakitea leporatu dio. Hauteskunde hauetan arazo bakarra egon dela gaineratu du, eta hori «behin eta berriz galtzaile txarra dela agerian utzi duenak parte hartu izana da», PRIko presidentearen hitzetan. Hautesleen parte hartze askea eta Mexikoko aldaketa demokratikoa onartzeko heldutasun politikorik ez izatea leporatu dio Peña Nietok ere Lopez Obradorri, honek demokraziari ekarpenak egin dizkiola onartu duen arren.
Bestalde, PRIko hautagaiak eta bozetako irabazle ofizialak elkartzeko deia egin die demokraziako ahots guztiei, eta jarrera eraikitzailea eskatu die. «Ikuspegietan, proposamenetan eta interesetan ados jarri gaitezke. Zaila da batasuna lortzea, baina adostasuna lortu dezakegu».
Bestetik, PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiaren buru Gustavo Maderok aste honetan adierazi du PANek erabaki duela Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetako emaitzen kontra egitea. Dena dela, bere kabuz egingo du, aliantzarik osatu gabe Lopez Obradorren ezkerreko koalizioarekin.
Mexikon bozak baliogabetzeko eta berriz egiteko exijitu du ezkerrak
Lopez Obradorrek Hauteskunde Institutu Federalean helegitea jarri du, eta galtzen ez jakitea egotzi dio PRIk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu