Mexikon gutxienez 52 lagun hil dituzte, Monterreyko kasino bati eraso eginda

Narkotrafikoaren aurkako borroka gogortu zutenetik, zibilen kontra egindako eraso handiena izan da

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Monterreyko apustu etxe batean sartu, kasino barrura granada bat jaurti, eraikinari su eman eta gutxienez 52 lagun hil zituzten atzo, Mexikonazken urteetan izan den atentaturik lazgarrienean. Felipe Calderon Mexikoko presidenteak diru saria eskaini du dagoeneko «terroristak aurkitzeko argibideren bat» ematen duenarentzat, eta hiru eguneko dolua ezarri du. Halaber, gogor kritikatu du Mexikoko presidenteak AEB Ameriketako Estatu Batuek drogaren inguruan duten politika. «Estatubatuarrak drogak hartzera etsita badaude, hura beren lurraldera iristeko beste bide batzuk bilatu beharko dituzte Mexikoko mugetatik landa», esan zuen Calderonek.

Monterreyko erasoa 15:38an hasi zen, Nuevo Leon estatuko gobernadore Rodrigo Medinak prentsaren aurreko agerraldi batean erakutsitako bideoan ikusten denez. Royale kasinoko kanpoaldera gutxienez hiru ibilgailu nola iritsi ziren erakusten dute bideoko irudiek. Ibilgailuetatik bederatzi lagun jaitsi ziren, armatuta eta ustez likido sukoiz betetako bidoiekin. Berehala hasi zen jendea apustu etxetik trumilka irteten, eta granada batek eztanda egin eta eraikinak su hartu zuen. Kea zabaltzen hasi orduko, bederatzi erasotzaileek ihes egin zuten kasinora joateko erabili zituzten autoetan.

Hiru orduan suak hartu zuen Monterreyko kasinoaren eraikina, eta, hainbat horma eraitsi ondoren suhiltzaileek barrura sartu ahal izan zutenean, dozenaka gorpu aurkitu zituzten.

Pertsona gehienak kea arnastuta hil ziren, itota, Gurutze Berdeko komandante Angel Floresek jakinarazi zuenez. Asko eta asko apustu etxeko komunetan babestu ziren, eta bertan hil, kea arnastuta.

Drogaren aurkako borroka

Mexikon narkotrafikoaren aurkako borroka gogortu zutenetik, herritar zibilen aurka egindako atentatu handiena izan zen atzokoa. Nuevo Leongo gobernadoreak esan du ikerketa biderik ez dutela baztertzen, baina Felipe Calderon Mexikoko presidenteak narkotrafikatzaileak jarri ditu jopuntuan.

AEBei eginiko kritikan, egoerak ezin duela horrela jarraitu nabarmendu du Calderonek, eta Mexikoko narkotrafikatzaileen «irabazi izugarriak amaitzeko beste merkatu aukera batzuk» bilatzeko iradoki die mugaren iparraldeko agintariei.

Mexikoko herria «benetako terroristen aurka» borrokan ari dela nabarmendu Calderonek, eta herritarrei dei egin die «mina batasun bihurtzeko». Monterreyra bertara joan zen atentatua izan eta ordu batzuetara Calderon, eta narkotrafikoaren aurkako borrokari eutsi egingo diotela esan zuen: «Mexiko beldurra ezarri nahi duen gaizkile talde bat baino indartsuago da».

Erasotzaileak bilatzeko, herritarren laguntza eskatu dute Mexikoko agintariek, eta presidenteak berak jakinarazi du haiek atxilotzeko argibideren bat ematen duenarentzat diru saria izango dela: milioi euro eta erdi baino gehiago.

Nuevo Leongo gobernadore Rodrigo Medinak bi urte daramatza karguan, eta kritika gogorrak jaso izan ditu ezin izan duelako apaldu narkotrafikoak eragin- dako indarkeria. Monterreykoalkate Fernando Larrazabalek,bestalde, atzo gauean jakinarazi zuen Royale kasinoak ez zeu- kala babes zibilerako udal baimenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.