NBErentzat, «aurrekari arriskutsua» da Erresuma Batuaren Ruandarako deportazio plana

Migratzaileak kanporatzeko lege proposamena onartu du Erresuma Batuko Parlamentuak. Sunakek iragarri duenez, uztailean hasiko dira paperik gabe heldutako etorkinak deportatzen.

Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa, lege proiektua onartu osteko agerraldian, bart, Londresen. JASON ALDEN / EFE
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, lege proiektua onartu osteko agerraldian, bart, Londresen. JASON ALDEN / EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko apirilaren 23a
13:10
Entzun

Ordu gutxiren buruan sartuko da indarrean paperik gabeko migratzaileak Ruandara deportatzeko bidea zabaltzen duen legea; izan ere, gaur bertan du sinatzekoa Charles III.a erregeak. Goizaldean gainditu du azken oztopoa Rishi Sunak lehen ministroaren proposamenak, parlamentuaren oniritzia jasota. Ez da erraza izan, ordea. Diputatu kontserbadoreen babesa zuen arren, legeak zalantza eta kritika ugari eragin ditu, bai oposizioan, bai giza eskubideen aldeko mugimenduen artean, aurreikusten baitu Londresek Ruandara deportatu ahal izango dituela herrialdera itsasoz eta paperik gabe heltzen diren migratzaileak, hain zuzen ere migrazio irregularra geldiarazteko aitzakian. NBE Nazio Batuen Erakundeak, esaterako, gogor jo du gaur legearen aurka, mundu osorako «aurrekari arriskutsua» ezartzen duela iritzi baitio.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak adierazi duenaren arabera, lege berriak «kaleratze agindu guztiak aztertzea galaraziko» die Erresuma Batuko epaitegiei. Are gehiago, UNHCR-ren ustez, «ondorio oso negatiboak izango ditu munduan betebeharrak banatzeko orduan, giza eskubideetan eta errefuxiatuen babesean». NBEren Iheslarientzako goi mandatari Filippo Grandik esan du Erresuma Batuaren erabakia «haren ohituren aurkakoa» dela: «Legedi berriak alde batera uzten du Erresuma Batuak historikoki babesa behar izan dutenei emateko zuen ohitura, eta Errefuxiatuen Konbentzioa urratzen du».

Are gehiago, UNHCRk adierazi du iheslariei ez zaiela «nahikoa denbora ematen» deportazio aginduei helegitea aurkezteko. Hori dela eta, erabakia atzera bota dezala eskatu dio NBEko agentziak Londresi, eta «nazioarteko kooperazioan eta giza eskubideen defentsan oinarrituta» jorratu dezala migrazioaren afera.

Giza eskubideen aldeko erakundeak ezkor daude egindako urratsagatik. Erreskaterako Nazioarteko Batzordeko Erresuma Batuko ordezkari Denisa Delicen esanetan, migratzaileak Ruandara bidaltzea ez da neurri eraginkorra, «ankerra eta garestia» baizik. «Eskatzen diogu gobernuari, nazioarteko bere eginbeharrei uko egin beharrean, utz dezala okerreko bide hori, eta balia ditzala indarrak migrazio sistema bihozberagoa eta ordenatuagoa eraikitzeko, horretarako migrazio bide seguruak sortuz, familiei elkartzeko aukera emanez eta asiloa eskatzeko eskubidea bermatuz».

Ruanda, baikor

Nazioarteko hainbat agentzia eta GKE ez bezala, Ruandako Gobernua baikor agertu da Erresuma Batuko Parlamentuaren erabakia dela eta. Ruandako Gobernuko bozeramaile Yolande Makolok «txalotu» egin du legea onartu izana, eta esan Ruanda «herrialde segurua» dela. Gainera, adierazi du «ongietorririk onena» egin dietela jadanik han dauden 130.000 iheslari ingururi, eta berdin jokatuko dutela Erresuma Batutik bidaliko dituztenekin: «30 urte eman ditugu buru belarri lan egiten herrialde seguru bat egiten ruandarrentzat eta Ruandakoak ez direnentzat».

Are gehiago, Ruandak «errefuxiatuekin duen konpromisoa» azaleratzeko, hizpidera ekarri ditu herrialdeak UNHCR-rekin elkarlanean landutako ekintzak. Izan ere, urteetan, agentziak Ruandara jo izan du Libiatik etorritako migratzaileak «leku seguru batean» kokatzeko. Erresuma Batuak 220 milioi libera ordainduko dizkio, eta, ondo bidean, beste 370 milioi helduko dira Kigalira deportazioei bide emateagatik.

Sunakek udaberrirako jarri nahi zuen egitasmoa martxan, baina ezinezkoa egin zaio; izan ere, Lorden Ganberan oposizioak uko egin dio testua babesteari beren zuzenketak aintzat hartu ezean, baina zuzenketa horiek Komunen Ganberara itzuli dituztenean, hark bere horretan birbidali du proposamena goi ganberara. Hala joan dira azken asteak, ping-pong partida baten antzera. Azkenean, baina, bi aldeek egin dute urrats bat atzera.

Sunakek onartu egin du Alderdi Laboristaren eskaera nagusietako bat: horren arabera, deportatzeko baldintza zenbait aldatuko dira, Afganistango gerran Erresuma Batuari lagundu zioten afganiar migratzaileak kanporatu ez ditzaten. Trukean, David Anderson independentea buru zuen blokeak erretiratu egin du Ruanda herrialde segurua dela bermatuko duen batzorde independente bat osatzeko eskaria, eta nahikotzat jo du Komunen Ganberak lege proposamenari emandako onespena.

Gobernuburuak iragarri du uztailean bertan hasiko direla migratzaileak deportatzen, eta «identifikatua» dutela lehen taldea: euren deportazio agindua auzitegietan atzera botatzeko «aukera txikia» duten 350 pertsona. «Legeak eragotzi egingo du giza eskubideen urraketen salaketa faltsuak erabiltzea deportazioak eragozteko. Eta argi uzten du Erresuma Batuaren subiranotasuna, gobernuari ahalmena ematen baitio Europako Batasuneko auzitegiek ezarritako blokeoa atzera botatzeko», nabarmendu du James Cleverly Barne ministroak sareetan zabaldutako bideo batean.

Asilo eskubidea, murriztua

Legearen arabera, Ruandara deportatua izanez gero, migratzaileak eska dezake deportazio agindua bertan behera uzteko, baldin eta «kalte konponezina jasateko arriskua» duela frogatzen badu. Hori egiteko epeak, ordea, ia ezerezean uzten ditu neurriak; izan ere, agindua jaso eta zortzi eguneko epea luke pertsona bakoitzak helegitea aurkezteko. Barne Ministerioak zenbait egun izango ditu erantzuteko. Auzitegiek helegitea atzera botatzen badute, beste zazpi egun izango dituzte goragoko auzitegi batera jotzeko, eta hark 23 egunen buruan hartu beharko du azken erabakia.

Sunakek kargua hartu eta gutxira aurkeztu zuen deportazio plana, jakinik migrazioa geldiaraztea zela hautesle kontserbadoreen eskaera nagusietako bat —Stop the boats bilakatu da gobernu kontserbadorearen lelo nagusia (Gelditu ditzagun itsasontziak)—. Baina 2022ko ekainean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak blokeatu egin zuen Ruandarako lehen hegaldia, argudiatuta hegazkinean zihoazen bidaiariak torturatuak izan zitezkeela Ruandara eramanez gero.

Hegaldian dozena bat lagun soilik zihoazen, agindua jasotako migratzaileetatik gehienek auzitara jo eta helegiteak aurkeztu zituztelako, eta erantzunaren zain zeudelako. Jarraian, Erresuma Batuko auzitegiek geldiarazi zuten egitasmoa, iritzita hutsune asko zituela.

Hala, beste lege proiektu bat aurkeztu zuen Sunakek, Ruanda «herrialde seguru» izendatzea helburu zuena, eta migratzaileak auzitara jotzeko ia aukerarik gabe uzten zituena. Helegitea aurkeztu nahi dutenek beren bizia «arriskuan» egon litekeela frogatu behar dute. Osasun arazo larriak dituztenak, torturatuak izan direnak eta bere buruaz beste egiteko arriskua dutela «frogatzen» dutenak geratuko dira deportazio planetik at.

Sunaken deportazio plana garai egokian heldu da Alderdi Kontserbadorearentzat. Maiatzaren 2an egingo dituzte udal hauteskundeak Erresuma Batuan, eta inkestak ez dira Alderdi Kontserbadorearen aldekoak. Haien arabera, baliteke bostehun ordezkari galtzea lehen ministroaren alderdiak. Galera horrek barne eztabaida eragin dezake alderdi barruan, udazkenean egitekoak dituzten hauteskunde orokorrak aurreratzeko erabakia hartzeraino. Horregatik zuen halako beharra lehen ministroak deportazio plana aurrera ateratzeko, hautesle kontserbadoreen babesa bermatu nahian.

bost migratzaile hil dira Mantxako Kanalean

Frantziako kostazainek gaur baieztatu dute gutxienez bost migratzaile hil direla Mantxako kanalean, Frantzia iparraldeko Wimereux herriaren inguruan. Haien arabera, Erresuma Batura joan nahi zuten, eta itsasoan hil dira. La Voix du Nord egunkariak argitaratu du ehun bat lagun salbatu dituztela gaur; haien artean, «larri» dagoen haur bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.