Belgikako Gobernuarekin izandako negoziazioetan aurrerapausoak egon direla kontuan hartuta, maiatzaren 23az geroztik Bruselan gose greban zeuden 450 bat migratzaileek erabaki dute behin-behinean etetea beren eskubideen alde abiatu zuten ekinaldia. Aste honetan egarri greba hasi zutenek ere hori amaitzea adostu dute, eta, hortaz, «lasaitasuna» zabaldu da herrialdean, batez ere Alexander De Croo lehen ministroaren lantaldean, egunotan haren koalizioa arriskuan egon baita protestarien presioarengatik: «Greba amaitzea da erabaki on bakarra. Gobernu batek ezin du inoiz xantaia onartu».
Gaurtik aurrera, Belgikako hiriburuko San Joan Bataiatzailearen elizan eta Unibertsitate Askeko bi campusetan manifestatzen aritu direnek aukera dute gobernuak sorturiko «eremu neutralera» joateko, «beren erregularizazioa eskatzeko eta norberaren egoeraren berri izateko». USPR Erregularizazioaren Aldeko Dokumentaziorik Gabekoen Batasunak atzo azaldu zuenez, gobernuak migratzaileen «egoera erregularizatzeko itun bat» jarri du elkarrizketen mahai gainean, eta, printzipioz, bi aldeak ados jarri dira horren inguruan.
USPR-ren arabera, agintean dagoen koalizioak «eskua luzatu» die grebalariei, eta onartu egin du elementu batzuk kontuan hartzea haiei bizileku baimena emateko; tartean, herrialdean bizitzen denbora asko daramatela frogatzeko aukera, zaurgarritasun kasuak egotea, edota, batzuen kasuan, «nazioarteko babesa» jasotzeko beharra izatea.
Grebalariek erregularizazio kolektiboaren aldeko jarrera dute, baina Belgikako lehen ministroa eta auziaz arduratu den Sammy Mahdi Asilo eta Migraziorako Estatu idazkaria beti agertu dira horren kontra, defendatu baitute migratzaile bakoitzaren egoera banan-banan ikertu behar dela.
Belgikako hedabideei egindako adierazpenetan, Mahdik zera zehaztu du elkarrizketen egoeraz: «Ez dugu akordiorik egingo migrazio politikaz. Arauak dituen politika bat dago, eta bete egin behar da. Hainbatetan azaldu dugu hori, eta gizarte zibilarekin eztabaidatu. Baina prozeduran ez dago aldaketarik, gure prozedura bidezkoa, zuzena eta humanoa baita».
Gose greban izan diren migratzaile gehienak Asia hegoaldetik eta Afrika iparraldetik iritsi ziren Belgikara, eta urteak eman dituzte han bizitzen. COVID-19aren pandemiak eztanda egin baino lehen, gehienek eraikuntzan egiten zuten lan, baina, osasun krisiak eragindako kalteen ondorioz, lanpostuak galdu eta beren bizia «arriskuan» ikusi zutela salatzen dute grebalariek. Egun, dokumentaziorik gabeko 150.000 migratzaile bizi dira herrialdean.
Grebalariek ia bi hilabete bete dituzte gose greban, eta horietako batzuek egarri greba abiatu izanak nabarmen okertu zuen egoera, hasi eta ordubetera bi lagun ospitalera eraman baitzituzten. Hurrengo orduetan, migratzaile gehiago ospitaleratu behar izan zituzten; denera, 55 inguru. Gurutze Gorria eta Munduko Medikuak gaur hasi dira horiek artatzen, eta, besteak beste, zopa eman diete.
Ganten (Flandria), berriz, elkartasun gisa hango unibertsitateko eraikin bat okupatu duten militanteek jakinarazi dute ekinaldi horri eutsiko diotela, haien iritziz ez baitago «argi» gose grebaren etenaldia «egiazko irtenbide bat» ote den. Jip Van Gool bozeramaileak azaldu duenez, mobilizatzen jarraituko dute migratzaileen erregularizazioa gauzatu arte: «Zain gaude, argitzeko honek guztiak zerbaitetarako balioko duen».
Iragan astean, Ganteko Unibertsitateko errektore Rik Van de Wallek ohartarazi zien igandera arteko epea dutela eraikin horretatik ateratzeko, hori egin ezean Polizia deituko baitu.
Koalizio gobernua arriskuan
Haien eskariek mota guztietako erreakzioak eragin zituzten Belgikako politikan. Asteon, Valoniako PS Alderdi Sozialistak mehatxu egin zion De Croori, migratzaileren bat hilko balitz koalizio gobernua utziko zutela esanez; harekin batera, Jean-Marc Nollet Valoniako Ecolo alderdi ekologistako kopresidenteak ere abisu bera helarazi zion gobernuburuari: «Gure ekintzak guztiz koherenteak izango dira gure hitzekin, eta halaxe jakinarazi diogu lehen ministroari».
Migrazioaren auziak eztabaida handiak sortu ohi ditu Belgikako politikan. Hilabeteotako protestez gain, 2018ko abenduan Charles Michel buru zuen gobernuaren amaiera ere eragin zuen, N-VA Flandriako Aliantza Berria eskuindarra koaliziotik atera baitzen.
Erabakiaren atzean Michelek Nazio Batuen Erakundearen Migrazioaren Mundu Ituna sinatzeko asmoaren berrespena egon zen, N-VA hori egitearen aurka agertu baitzen hasiera-hasieratik.