Miguel Uribe Kolonbiako presidentegaia hil da, tiroz zauritua izan eta bi hilabetera

Jendaurrean hitzaldi bat ematen ari zela tirokatu zuten senatari kolonbiarra. Ordutik, larri egon da ospitalean.

Miguel Uriberi babesa adierazteko eraikitako aldare bat, Bogotan, uztailean. CARLOS ORTEGA / EFE
Miguel Uriberi babesa adierazteko eraikitako aldare bat, Bogotan, uztailean. CARLOS ORTEGA / EFE
maddi iztueta olano
2025eko abuztuaren 11
15:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi hilabete Kolonbiako Santa Fe ospitalean larri egon ondoren, gaur hil da Miguel Uribe Turbay senatari eta presidentegai kolonbiarra. Hauteskunde kanpaina bateko ekitaldi batean zegoela tirokatu zuten, iragan ekainaren 8an, Bogotako Fontibon auzoan. Larri egon da ospitalean ordutik; are, zenbait operazio egin behar izan dizkiote azken aste hauetan.

Centro Democratico alderdi eskuindarreko kideari bi tiro jo zizkioten buruan, eta beste bat hankan. Poliziak egun horretan bertan atxilotu zuen ustezko erasotzailea: 15 urteko mutil bat. Informazio ofizialaren arabera, pistola bat eman zioten gazteari, baina oraindik ez dute argitu zergatik egin zion eraso. Kolonbian datorren urtean dira egitekoak presidentetzarako bozak.

Uriberen emazteak eman du haren heriotzaren berri, komunikatu baten bidez, eta handik gutxira iritsi dira aurreneko erreakzioak. Kolonbiako presidenteorde Francia Marquezek «batasunerako» deia egin du, eta herritarrei eskatu die alde batera uzteko «indarkeriazko ekintza oro», X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Oposizioko kide izanagatik, Uriberen hilketa gaitzetsi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok ere: «Gaurkoa egun tristea da. Demokrazia ezin da eraiki ez odolarekin, ez armekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.