Irak «demokratiko eta aske bat» ikusi arteraino ez dutela alde egingo eta bertan behar adina denbora egongo direla berretsi zuen atzo Bushek: «Egun bakar bat gehiago ere». Zerbitzu sekretuek okupazio abiatzeko baliatu zituzten «datu okerren» erantzukizuna bere gain hartu zuen egun berean, hain zuzen ere, egin zituen adierazpenak presidenteak.Washingtonek 50.000ra murriztu nahi zuen herrialdean zituen soldaduen kopurua okupazioa abiatu zuen urtea amaitu baino lehen. Egun 160.000 soldadu ditu Iraken. Erresuma Batuko Armadak beste zortzi mila soldadu ditu hegoaldean.
The Times egunkariaren arabera, datorren udaberrian soldaduen kopurua murrizten hasiko dira okupazio indarrak. Londresek informazio hori berretsi zuen herenegun horretarako data finkorik ez dagoela zehaztu zuen arren. Najaf, Kerbala eta Tikriten irakiarren esku dago segurtasunaren ardura.Bushi garesti atera zaio okupazioa. Inoizko sostengu maila baxuena du egun estatubatuarren artean eta hasiera batean gerra sostengatu zuten herritar askok erabaki okerra izan zela iritzi diote egun. Azken inkestaren arabera herritarren %59 daude presidentearen kudeaketaren kontra. Bushek, hala ere, garaipena ez den ezer ez duela onartuko esan du aste honetan bertan: «Gerra hau irabazteko gai ez garela dioten pesimistak baztertzen ditut».Saddam Hussein presidente ohia atxilotu zutela bi urte bete ziren herenegun. «Tikrit jaioterritik gertuko etxalde batean ezkutatuta harrapatu dugu tiro bakar bat ere bota gabe». Presidente ohia atxilotuta indarkeria amaitu eta egonkortasunaren bidea abiatuko zela iragarri zuten okupazio indarrek. Mila egun eta bat gehiago geroago erasoak etengabeak dira. Astero 700 eraso inguru daudela esan zuen berrikiJohn Murtha kongresista demokratak. Bush presidenteak okupazioa abiatu zutenetik 30.000 irakiar hil direla onartu zuen aurreneko aldiz aste honetan. Hainbat informazio iturriren arabera, alta, ehun mila dira denbora tarte honetan hil dituzten irakiarrak. AEBetako 2.140 soldadu baino gehiago ere hil dira erresistentziaren erasoen eraginez.
Baldintza larriak
Mila egun eta bat gehiago dira irakiarrak urik, argindarrik, lanik eta segurtasunik gabe daudela. «Egunean sei orduko argindarra dugu gehienez eta energia sorgailuek jasanezina den zarata egiten dute». Samia Hussein erizainaren hitzak dira. Bost seme alaba ditu eta urik ere ez dutela dio. Erizaina bada ere lanik gabe dago. Langabezia tasa %70 ingurukoa da Iraken. Petrolioaren ekoizpena, bestetik, okupazioa aurrekoa baino baxuagoa da egun. Eguneko 3,5 milioi upel ekoizten ziren garai hartan. Farid Ahmed taxi gidaria da: «Gasolina hartzeko bi edo hiru ordu artean egon behar dut zain eta laneko orduak kentzen dizkit horrek. Sei kide gara sendian eta guztiek nire lanetik jaten dute».
Bagdadeko kaleak zikinak daude hilabetean hirutan biltzen dute zaborra eta, kiratsaz gain, higiene arazoak eta osasun arazoak eragiten ditu horrek. Zerbitzu publikoen baldintzak ere eskasak dira. Okupazioa abiatu eta mila egun eta bat gehiago pasa direnean bozak egingo dituzte gaur. Washingtonen arabera aurreneko hauteskunde demokratikoak izango dira. «Urtarrilean eta urrian esan nuen eta orain berretsi egiten dut. Okupazioa dagoen bitartean ez naiz bozkatzera joango». Irakiar askoren ahotan entzun daitezkeen hitzak dira. Al Anbar eskualde sunitako hainbat zonaldetako herritarrek ezin izango dute bozkatu eta kanpainan zehar gutxienez zazpi hautagai hil dituzte.Erresistentziako kideen erasoak gero eta ugariagoak dira eta segurtasun eza dela eta, asko eta asko dira, etxetik ateratzeko beldur diren herritarrak. Washingtonek marraztutako trantsizio politikoaren azken pausua dira gaurko bozak okupazio indarren iritziz. Bagdaden oinarritu zen eleberriaren ipuinak entzuteko garaia dute Iraken.
Prozesu politikoa
2003ko martxoaren 20a: Iraken sartu ziren AEBak.
2003ko maiatzaren 1a: Gerra amaitutzat eman zuten.
2003ko uztailaren 13a: Irakeko Gobernu Kontseilua ezarri zuen Washingtonek.
2003ko abenduaren 13a: Hussein harrapatu zuten.
2004ko martxoaren 8a: Behin-behineko Konstituzioa onartu zuen Gobernu Kontseiluak.
2004ko maiatzaren 28a: Iad Alaui behin-behineko lehen ministro izendatu zuten.
2004ko ekainaren 28a: Gazi al Jauarren gobernuaren esku utzi zuten boterea okupazio indarrek.
2005eko urtarrilaren 30a: Legebiltzarrerako bozak.
2005eko urriaren 15a: Konstituzioa berretsi zuten erreferendum bidez.
2005eko abenduaren 15a: Legebiltzarrerako bozak.