Milaka herritarrek Boli Kostatik Liberiara ihes egin zuten atzo, janari eta bake bila. Iheslariek txalupak hartu eta bizitza berri baten bila abiatu ziren Liberiara. Errefuxiatuek uste dutenez, Liberiarrek badakite zer den gerran bizitzea, hamabost urte ondoren orain bukatu baitituzte erasoak. Gainera, liberiarrek euren etxeak irekitzeko arazorik ez dutela izango uste dute.
Bestalde, errefuxiatuen ihesaldiarekin ez ezik, giza erakundeak larrituta azaldu dira egoerarekin. Horien arabera, errefuxiatuek malnutrizioa jasaten jarraitzen badute, asko eta asko hil egingo dira.Horretaz aparte, matxinatuek Boli Kostako presidente Laurent Gbagborekin hitz egiteko asmorik ez dutela azpimarratu dute behin eta berriro. Gaineratu dutenez, matxinatuek borrokan jarraituko dute Gbagbo boteretik aldentzeko. Hala, matxinatu talde bateko kide baten arabera, Gbagbo presidentearekin negoziatzea «ezinezkoa» da: «Guk batuta egon behar dugu, Gbagbo boteretik bota nahi badugu». Halaber, Afrikako herrialdeak gerra eta erasoak saihesteko plana bilatzen ari dira.
Era berean, astelehenean, NBEko Segurtasun Kontseiluak aho batez erabaki zuen armen bahimendua ezartzea. Hori dela eta, Boli Kostako egoera gero eta okerragoa da. Gbagoren tropen erasoak hasi ziren orain dela bi aste, Boli Kostako iparraldean. Erasoak Philippe Mangouren gidaritzapean egin zituzten. Hala, erasoak hasi zirenetik pertsona ugari izan dira zaurituak. Bouakeko ospitaleko hainbat medikuren arabera, 84 pertsona zaurituak izan ziren atzo; horietatik 30 zibilak ziren. Atzoko erasoak zirela eta, Afrikako Kontseiluak bat batean bilera egitera deitu zituen 15 herrialde. Bileraren helburua bakea lortzea izango den arren, lehengo, erasoak amaitzeko konponbidea bila-tzeko ahalegina egingo dute estatu horietkoa ordezkariek. Bestetik, errefuxiatuen arazoa ere konpontzen saiatu beharko dute Afrikako 15 herrialde horiek.
BOLI KOSTA
Milaka herritarrek ihes egin dute Liberiara, aterpe bila
Matxinatuek Gbagboren aurka jarraituko dutela adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu