india

Milaka hildako eragin zituen Bhopalgo isuriaren epaia "lotsagarria" da biktimentzat

Union Carbide enpresaren gas isurketa baten eraginez milaka lagun hil ziren duela 25 urte Indiako Bhopal herrian, eta enpresako zortzi arduradun eta erantzuleei bi urteko kartzela zigorra eta 8.900 euroko isuna ezarri die. Erabakia eman eta ordu batzuetara aske utzi dituzte bermepean.

2010eko ekainaren 7a
16:39
Entzun
1984ko abenduan Union Carbide farmazia enpresaren isuri toxikoen eraginez milaka lagun hil ziren, eta gertaera horrengatik Indiako epaitegi batek bi urteko kartzela zigorra jarri die zortzi erantzuleei, "arduragabekeriagatik hilketa" eta "hilketagatik errudun, ez erailketagatik" leporatuta. Erabakia eman eta ordu gutxira aske utzi dituzte denak bermepean.

"Lotsagarria" da biktimentzat Union Carbide enpresaren arduradunen kontrako erabakia, eta esan dutenez, agerian uzten du Indiako justiziak dituen hutsune eta akatsak, eta orain arte Indiako gobernuek biktimekiko izan duten ezikusia. "Justizia egin dezaten borrokatuko dugu amaiera arte. Hau ez da justizia, hau kalteordain lotsagarria da", esan du sarraskien biktima izan zen Rasheeda Bi ekintzaileak. 8.900 euroko isuna ordainduko du konpainia estatubatuarraren Indiako delegazioak. 15.000 izan zirela hildakoak dio Indiako Gobernuak, eta gobernuz kanpoko erakundeek 25.000. Hildakoez gain, isuriak sendabiderik ez duten gaixo asko eragin ditu. Inoiz izan den isuririk larrientzat jotzen da gertaera. 600.00 kalte eskaera egin dituzte, baina 29.000 baino ez dituzte onartu.

Hainbat istripu gertatu izan dira Bhopalgo lantegian. Langileen sindikatua eta hainbat tokiko komunikabide kexu azaldu izan dira lantegiak segurtasun alorrean zuen eskasiagatik. Kaltetutakoek diote UCCk ez zuela inoiz lantegian segurtasun neurririk jarri, kostuak merkatzeko.

Farmazia enpresaren auziak bide judizial luzea egin orain arte. Zigorra jaso, jaso zuen auzitegien eskuetatik; 1989an 7.500 milioi errupia (470 milioi dolar inguru) ordaintzera zigortu zuen Auzitegi Gorenak, baina kargu zibil eta penal guztietatik libre utzi zuen. Protesta eta mobilizazio ugari egin ziren auzitegiaren ebazpenari erantzuteko; kaltetutakoek salatu zutenez, auzitegia ez zen inoiz eurekin harremanetan jarri eta estimazioetan oinarritutako ebazpena eman zuen. Are gehiago, auzitegiaren eta enpresaren arteko akordioa gauzatu zenean, ez zen biktima kopuru zehatzik ezagutzen; hala ere, 105.000 biktimaren kopuruan oinarritu zen bi aldeko akordioa. Oraingo erabakia ere, "negargarria" izan da biktimentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.