Adierazpenok Singapurren egin zituen Gatesek, atzo, segurtasun arloko nazioarteko konferentzian. Egunotan eta atzo bertan NBEk eta giza eskubideen aldeko talde batzuek eginiko kritiken ildotik mintzatu zen
Maiatzaren 2an Nargis zikloiak Myanmarko hegoaldea astindu eta egun batzutara giza laguntza zeramaten AEBetako armadako hegazkinei Rangungo aireportuan lur hartzen utzi zien Junta Militarrak. Alta, oraindik debekatua du AEBetako gerraontziek eramandako giza laguntza porturatzea. Myanmarrek uko egiten dio atzerriko militarrak herrialdean sartzen uzteari, are gutxiago bere gobernuko kideei eta senideei zigorrak ezarri dizkieten estatukoak -AEBak kasu- badira.
«AEBez gain, beste estatu askok sentitu dute biktimei laguntzeko eginahalak oztopatzen zizkietela», azaldu du Gatesek. Dioenez, Etxe Zuria hamabost bider saiatu zen Junta Militarrarekin hitz egiten, kaltetuei laguntzeko, baina alferrik. Singapurko konferentzian ziren Asia eta Pazifikoko estatuek ere Junta Militarra konbentzitzeko gai ez direla izan nabarmendu du: «Areto honetan dauden asko Myanmarrekin hitz egin dute, eta laguntza onar dezan konbentzitzeko tenorean ez dute eraginik izan».
NBE-REN ETA BESTE TALDEEN KEXAK. Irrawaddy ibaiko deltan 2,5 milioi laguni eragin die hondamendiak; horietako 143.000 inguru hil edota desagertu ziren. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, soilik milioi bat lagunek jaso ahal izan dute giza laguntza nazioarteko erakundeen eskutik.
Zentzu horretan, Hego Koreako Defentsa ministro Lee Sang-heeren iritziz, Myanmarren eta Txinan berriki gertatutako hondamendiek erakusten dute beharrezkoa dela munduko zeinahi tokitan halako krisiei aurre egiteko erantzun sistema eratzea.
NBEk umeentzako duen agentziak, Unicefek, ohartarazi du goizegi dela zikloiak hondatutakoak errefuxiatu guneetatik ateratzeko, behartuta nahiz beren kabuz. Unicefek Asia hegoaldean duen zuzendari Anupama Rao Singhek, kaltetutako eremua bisitatu ondotik, ez ditu baieztatu jendea bortxaz lekuz aldatu dutela dioten salaketak. Herenegun NBEk esan zuen onartezina dela hondamendiaren biktimei errefuxiatu guneak utzi eta suntsitutako beren etxeetara itzultzera derrigortzea.
Haatik, Human Rights Watch giza eskubideen behaketa erakundeak hainbat lekukotasun jaso ditu agintariek ehunka lagun -milaka izan litezke- eskola, monasterio, eliza eta eraikin publikoetatik kanporatu dituztela salatzeko.
BERREGOKITZEAREN ARRISKUAK. «Herrietan goizegi berregokitzeak, boluntarioki balitz ere, arrisku larriak eragingo dizkie errefuxiatuei. Herri askok oraindik urak gainezka dituzte, eta zaila da berreraikitzea. Behin berregokituta, giza laguntzaileentzat ikusezin bihurtuko diren benetako arriskua dago. Kaltetuentzako laguntza eta zerbitzu jarrairik gabe bigarren gaixotasun eta hondamen aldia gerta daiteke», dio Singhek.
Beste talde baten, Refugees Internationalen, arabera, badirudi agintariak jendea bere herrietara itzularazten ari dira, eremu landatuetara, nekazaritza berpiztu nahirik. «Nekazaritza leheneratzea ezinbestekoa bada ere, jendea laguntzarik gabe herrira itzularazteak zailago egingo du giza laguntzarako agentziak haiengana iristea».
Egunotan hainbat taldek salatu dute Junta Militarra errefuxiatu guneak husten hasi dela, eta etxerik gabe geratu direnei banbu makilak eta ehunak emanda beren etxeak eraikitzeko agindu diela.
Genevan (Suitza) Lanaren Munduko Erakundeak duen Myanmarko ordezkariak esan du lan behartuak ezabatzeko lege esparrua indarrean jarri duela urteotan. Erakundeak salatutako militarrak epaitu eta zigortu egin dituela azaldu du Myanmarrek.