Euskal Herrian ere deitu dute mobilizatzera Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske uzteko eskatzeko. Gure Esku Dago-k hartu du ekimena, eta 19:00etan Euskal Herriko plazetan biltzera deitu du Junts (elkarrekin) lelopean —zenbait lekutan, Gasteizen esaterako, 19:30ean egin dute protesta—.
Eusko Legebiltzarrean, Cuixart eta Sanchez "berehala" aske uzteko galdegin dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Hiru alderdietako taldeek adierazpena adostu dute eta Espainiako Estatuari dei egin diote "oinarrizko eskubideen aurkako errepresio estrategi bertan behera" uztera. Adierazpenak nabarmendu du ANC eta Omniumeko presidenteen atxiloketak arrazoi politikoak dituela oinarri.
ANCko eta Omniumeko presidenteak espetxeratu ostean sare sozialetan zabaldu ziren lehen salaketak atzo ere. Iñigo Urkullu lehendakariak bi txio argitaratu zituen, euskaraz bata eta gazteleraz bestea. Euskaraz esan zuen albiste txarra dela Sanchez eta Cuixart kartzelaratzea, eta epaitegietako erabakietan proportzionaltasuna eskatu zuen. Bere mezua bestelakoa izan zen gazteleraz, eta epailearen erabakia zuzenean aipatu gabe esan zuen "judizializatzen den ekimen politiko oro" kezkagarria dela, eta tentsioa sortzen duela. "Ezinbestekoa da elkarrizketari bidea irekitzea, tentsioa baretzea eta lasaitzea, ez areagotzea", gaineratu du gero.
Arnaldo Otegik elkartasuna adierazi zien bi espetxeratuei sare sozialetan atzo. Gaur agerraldi bat egin du espetxeratzeak aztertzeko, eta esan du 1978ko erregimena erortzen ari den honetan Espainiako monarkia eta zenbait alderdi eta hedabide inboluzio bat bultzatzen ari direla. Katalunian gertatzen denak Euskal Herrian eragina izango duela aurreratu du, eta diagnostiko bateratu bat egitea proposatu du.