2012ko otsailean hil zuen, tiroka, Zimmermanek Martin. "Ez-erruduntzat" jo du orain auzitegiak Zimmerman, bere burua defendatzen ari zela iritzita.
Eskubide zibilen aldeko elkarteek, ordea, salatu dute hilketa arrazista izan zela, eta AEBetan dirauen arrazakeriaren frogatzat jo dute erabakia. Protesta egin dute Zimmermanen absoluzioaren kontra. New Yorken egin dute manifestazio nagusia, eta bost pertsona atxilotu ditu Poliziak.
Barack Obama AEBetako presidenteak ere hitz egin du auziaren inguruan. Hilketa "tragedia bat" izan zela esan du, eta, epaiaren aurrean, lasaitasunera deitu du: "Legeen nazio bat gara, eta epaimahaiak hitz egin du. Orain amerikar guztiei eskatzen diet errespeta dezaten seme bat galdu duten gurasoek gogoetarako egin duten deia".
AEBetako Justizia Departamentua aztertzen ari da nahikoa froga ba ote dagoen absoluzioaren kontra helegitea jartzeko.
Herri-ekimenetik bi eskaera abiatu dira, gobernu federalari George Zimmermanen aurkako auzi zibila hasteko eskatuz. Etxe Zuriak horren webgunean halako eskariak jasotzeko aukera ematen du, eta dagoeneko bi eskaera daude kasuari lotuta. Etxe Zuriaren erantzuna jasotzeko, eskaera bakoitzak 100.000 sinadura beharko ditu: batek 1.161 sinadura zituen gaur goizean, eta besteak 13.206.