Milaka lagunek aldarrikatu dute gaur Santiago de Compostelan «mugarik gabeko» nazio galiziar bat, BNGk deituta. Subiranistek mobilizatzera deitu zuten, Galiziaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Galiziako aberri eguna aitzakiatzat hartuta; erantzuna argia izan da: jendetza gerturatu da Santiagora Galiziako eskualde guztietatik. «Urteak dira ez nuela hemen horrenbeste lagun ikusten, eta 80ko hamarkadatik etortzen naiz, e?», azaldu du Vigoko Carmek.
Pandemia dela eta, babes neurri ugari hartu behar izan dituzte; besteak beste, manifestazioaren osteko kultur ekitaldiak bertan behera uztea. Hala ere, jendetza bildu da Galiziako hiriburuan. BNGk zehaztutako beste neurrietako bat izan da mobilizazioaren amaiera bi plazatan egitea; bigarren plaza ere txiki geratu da, ordea, eta izan da ez batean ez bestean sartu ezinda geratu den jendea. Arazorik? Bat ere ez. Sartu ezin izan direnak Rua Nova kalean bildu dira: gaitak, banderak eta abestiak zituzten, festarekin eta aldarrikapenekin jarraitzeko.
«Ez ginen etortzekoak... baina azkenean etorri gara». Iria eta Miguel Ourensekoak dira, eta aitortu dute duela egun batzuk ez zutela argi ikusten manifestaziora joaterena. Azkenean, ordea, argi ikusi zuten: «Etortzen ez baginen, damutu egingo ginen».
«Espainia, Espainia»
Manifestazioa hasteko gutxi falta zela, Espainiako Armadaren hegazkinak igaro dira Alamedan elkartutako milaka lagunen gainetik, zerua Espainiako banderaren koloreekin margotuz. Txistuak entzun dira, irainen bat edo beste, eta umorerako tartea ere izan da: «Espainiako militarrak izateko, arrastoak ez zaizkie oso zuzenak atera», bota du Athleticeko kamiseta bat soinean zuen mutil batek.
O fume vaise. O orgullo de sermos permanece. ✊#GalizaSenLimitespic.twitter.com/mHnN4y1y7C
— BNG (@obloque) July 25, 2021
Gutxi geroago, hegazkinek berriz egin dute erakustaldia manifestazioaren aurrekaldea amaierako plazara sartzen ari zenean, eta berriz margotu dute Espainiako bandera. Manifestariek erantzun egin diete: besteak beste, haiek nahi edo nahi ez, Galizia nazio bat da eta galiziarrak gara, galiziarrak izango gara, espainiarrak sekula ez gara izango lemak abestu dituzte.
Hegazkinak ez dira espainiar nazionalisten ordezkaritza bakarra izan, ezta manifestazioari gertutik erreparatu dioten istiluen aurkako dozenaka poliziak ere. Beste emakume batek, Espainiako bandera bat soinean zuela, aurre egin die manifestariei, eta metro batzuk aurrerago, beste taldetxo bat azaldu da jarrera berberarekin, «hau Espainia da» oihuka. Ez diete jaramon handirik egin manifestariek.
«Beti gehitzen»
Manifestazioaren aurretik egindako adierazpenetan, Ana Ponton BNGren bozeramaile nazionalak adierazi du bere alderdiak ateak zabalik dituela «Galiziaren alde lan egin nahi duten guztientzat». Galiziako PPren benetako alternatiba bilakatzeko, inteligentziaren eta ilusioaren alde egin du.
Mobilizazioan nazioarteko ordezkaritza zabala izan da; besteak beste, han izan dira bretoiak, kubatarrak eta kataluniarrak, baita euskaldunak ere. Txalo zaparradarik handiena Oriol Junqueras ERCko idazkari nagusiak jaso du, independentzia oihuen artean hartu dutenean.
Galiza Novako idazkari nagusiak, Paulo Riosek, amaierako ekitaldian hartu du hitza: «Gazteria ez da etorkizuna, oraina da. Galiziako gazteok badakigu zerk aterako gaituen prekaritatetik: subiranotasunak».
Olalla Rodil BNGko bozeramaileordeak ere hitz egin du. Pozik agertu da gaurko manifestazioan «langile klasea ordezkatzen duten gizonak eta emakumeak» elkartu direlako, Galizia nazio bat dela aldarrikatzeko.
«Alternatiba sendoa»
«Alternatiba sendo bat, fidatzeko modukoa; BNGren alternatiba herrialdearen lidergoa hartzeko prest dago». Hala aurkeztu da Ponton amaiera ekitaldian, eta Galiziako gobernura iristearen alde egin du, alderdi «ireki eta plural batekin».
Ez dute aipatu gabe utzi Espainiako errege familia Galizian dagoela. Pontonek argi utzi du Galiziak ez duela «eskualdeen ligan jokatu nahi, baizik eta nazioenean», eta, aldi berean, gaitzetsi egin du Espainiak borboitarren ustelkeriarekiko izan duen jarrera.
«Plaza honetatik irtengo gara jakinda gure esku dagoela. Jakinda denok batera geldiezinak garela», gehitu du BNGren bozeramaileak. «Eskuak aske ditugu, aske zentralismoaren parean, aske indar ekonomiko handien aurrean. Mugarik gabeko BNG bat da Galiziaren etorkizunaren motorra».
Uztaileko igande bat izanda, turistaz betea zegoen Santiago, eta han gehitu du: «Galizia leku turistiko bat baino gehiago izatea nahi dugu. Hemen mundu guztirako ekoitzi nahi dugu. Zientzian eta ikerketan erreferentzia bat izan nahi dugu, garena izateari utzi gabe hazteko».
«Galiza ceive, poder popular»
Uztailaren 25eko giroa begi bistakoa zen gaur, aldarrikapen, abesti, musika... eta Galiziako bandera erraldoien artean, BNGren manifestazioaren aurrekaldean eraman dituztenak. Kubarekiko elkartasun oihuak izan dira, baita borroka feministaren aldekoak ere; lan prekaritatearen aurkakoak edota hezkuntza publikoa galiziarrez izatearen aldekoak ere bai.
Pandemiak mobilizazio ezberdin bat egitera behartu ditu antolatzaileak, eta dozenaka galiziarrek urte osoan itxaroten dituzten ospakizun batzuk bertan behera uztera behartu ditu. Dena den, azken 40 urteetan bezala, oinarrizkoena han izan da: Galiza ceive, poder popular errepikatzen zuren Iriak eta Miguelek, ereserkia amaitutakoan: «Ez dago hori baino lema ederragorik hemen urtero bizitzen duguna laburtzeko».