AEB-ak

Milioi bat dolarreko bermea jarri diote Floyd hiltzeaz akusatutako polizia ohiari

Gaur egingo dute Floyden hileta. Bihar hasiko dira AEBetako Kongresuan Polizia erreformatzeko lege proposamena eztabaidatzen.

George Floyden aldeko elkarretaratze bat Houstonen. KAREN WARREN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 9a
09:40
Entzun

Bigarren mailako erailketa egozten diote Derek Chauvin polizia ohiari. Atzo igaro zen epailearen aurretik, eta 1,25 milioi dolarreko bermea ezarri zioten. Bermea milioi bat dolarrera murrizteko aukera ere eskaini zioten auzitegiek, betiere hainbestean behin auzitegietara joateko baldintzarekin, eta suzko armarik ez erabiltzekotan. Floyden hilketan parte hartu zuten beste hiru poliziek ez bezala, Chouvinek ez zuen ia hitzik egin.

Gaur egingo dute Floyden hileta, Houstonen, baina atzodanik hirian da haren gorpua. Milaka izan ziren 46 urteko gizonezko afro-amerikarrari azken agurra ematera gerturatu zirenak; tartean, Greg Abbott, Texasko gobernadorea. Houstonen izan zen Joe Biden presidentetzarako hautagai demokrata ere, eta Floyden senideekin biltzeko baliatu zuen bidaia.

Bestalde, bihar hasiko dira eztabaidatzen, AEBetako Ordezkarien Ganberan, Poliziaren immunitatea murriztea helburu duen lege proposamena. Parlamentuak onartuz gero, murriztu egingo luke portaera okerragatik auzipetutako polizien legezko babesa, eta baldintza gehiago jarriko lizkieke hiltzeko modukoa izan litekeen indarra erabiltzeko garaian, azken baliabide gisa erabiltzen denetan izan ezik. Alderdi Demokratak egin du proposamena, eta, haien esanetan, beren proposamenak erraztu egingo du Poliziaren abusuzko portaerak identifikatzea, aztertzea eta auzipetzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.