Demokratek polizia indarkeriaren kontrako neurri sorta aurkeztu dute

Portaera okerragatik auzipetutako polizien legezko babesa mugatzea proposatu dute demokratek Kongresuan. New Yorkeko alkateak iragarri du baliabideak murriztuko dizkiola hiriko Poliziari

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea eta Alderdi Demokratako hainbat ordezkari, atzo, George Floyden oroimenezko isilaldian. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bi aste bete dira Derek Chauvin poliziak George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarra hiltzeraino ito zuela, AEBetako Minneapolis hirian. Harrezkero, Floyden hilketa salatzeko protestak indartu egin dira AEBetan—150 hiri baino gehiagotan manifestazio jendetsuak egin dituzte—eta munduko herrialde ugaritara zabaldu dira. Mobilizazioek lehenondorioak eragin dituzte AEBetako politikan. Alderdi Demokratak polizia indarkeriari aurre egiteko neurri sorta aurkeztu zuen, atzo, Kongresuan.

Demokratek azaldu dutenez, beren proposamenak erraztu egingo du Poliziaren abusuzko portaerak identifikatzea, aztertzea eta auzipetzea. Parlamentuak onartuz gero, murriztu egingo luke portaera okerragatik auzipetutako polizien legezko babesa, eta baldintza gehiago jarriko lizkieke hiltzeko moduko izan litekeen indarra erabiltzeko garaian, azken baliabide gisa erabiltzen denetan izan ezik.

«Mundua ezin da berriro Minneapolisko kaleetan ikusi genuenaren lekuko izan: pertsona baten hilketa izan zen, poliki egina, polizia uniformedun batek egina», adierazi du Karen Bass ordezkari demokratak.

Neurri sortak eztabaida piztu du alderdi barruan. Zenbait kidek ziurtatu dute ez dutela babestuko polizien zigorgabetasun bermea murriztuko duen proposamenik. Errepublikanoen jarrera erabakigarria izango da, haien esku baitago Senatuko gehiengoa.

Donald Trump AEBetako presidenteak ez du polizia indarkeriari buruzko adierazpenik egin, eta legea eta ordena babestera mugatu da azken egunetan zabaldu dituen mezuetan. William P. Barr fiskal nagusiak eta Chad Wolf Segurtasun idazkariak, berriz, ukatu egin dute Polizian egiturazko arrazakeria dagoela.

Demokraten proposamena bihar hasiko dira eztabaidatzen Kongresuko Batzorde Judizialean, eta bertan parte hartuko du Philonise Floydek, George Floyden anaiak.

Demokratena ez da erreakzio politiko bakarra izan. Minneapolisen, Udal Gobernua osatzen duten hamahiru zinegotzietatik bederatzik Polizia Departamentua desegiteko proposamena babestu zuten atzo. New Yorken, Bill de Blasio alkateak iragarri du Poliziaren aurrekontua murriztuko duela, eta gizarte zerbitzuei diru sail handiagoa egokituko diela. Hain justu, Poliziari baliabide gutxiago bideratzeko eskaria bihurtu da azken egunotako manifestazioen lelo nagusietako bat.

Trump ere mugitu da. Presidenteak Washingtondik erretiratzeko agindu zion igandean Guardia Nazionalari. Atzerapausoa egin du. Aurreko egunetan, mehatxu egin baitzuen manifestazioak kontrolpean hartzeko Guardia Nazionala bidaltzearekin. Hori dela eta, hainbat buruzagi militar ohiren kritikak jaso ditu. «Gure etsaien kontra borrokatzeko daukagu armada, eta ez gure herriaren aurka egiteko», adierazi zuen Mike Mullen itsas armadako almirante ohiak.

Biden, Floyd sendiarekin

Joe Biden Alderdi Demokrataren balizko presidentegaia George Floyden senideekin bildu zen atzo. Gaur izango da haren hileta. Familiarekin bildu aurretik, Bidenek hit eman zuen presidente izendatzen badute «arrazismoaren zauriak» sendatuko dituela, eta ez duela «beldurrarekin eta zatiketarekin trafikatuko».

Bideni presidentetzarako babesa agertu zion Colin Powell Estatu idazkari ohiak. Trumpek berehala erantzun zuen Twitterren, George W. Bushen idazkari izandakoari Irakeko gerra gogorarazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.