Siriako Gobernuaren eta oposizioaren arteko istiluen ondorioz, jadanik milioi bat haurrek utzi behar izan dute atzean jaioterria, familiekin. Hala baieztatu dute Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) eta Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (Unicef). Erakunde horiek identifikatuak dituzte haur horiek, eta gehienak, "gutxi edo asko", kokaleku "seguruetan" daudela baieztatu dute: haur horiei guztiei jaiotza zertifikatua lortzen lagundu diete erakunde horiek, "estaturik gabeko pertsona bihur ez daitezen".
Haur errefuxiatu horien guztien artean, 768.000k 11 urte baino gutxiago dituzte. Istiluen ondorioz, berriz, 7.000 haur hil direla salatu dute. Jaioterritik aldendu bai baina Sirian bertan gelditu diren haurrak bi milioi baino gehiago direla adierazi dute UNHCRk eta Unicefek. Haur errefuxiatu gehienak Jordaniara, Libanora, Turkiara, Egiptora eta Irakera joan dira.
Sexu esplotazioa, ezkontza eta lan behartuak eta haur trafikoa jasateko arriskua dute haur errefuxiatuek, erakunde horiek salatu dutenez, eta nazioarteari egotzi diote errua. "Errugabeen belaunaldi oso baten iraupena eta ongizatea dago jokoan: etxea, familia eta etorkizuna galtzen ari dira", salatu du UNHCRko Antonio Guterresek. Nazio Batuen Erakundeak adierazi du Siriako krisiari irtenbide politiko bat ematen zaion bitartean gatazkan dauden aldeek "zibilei erasotzeari utzi" behar diotela, "batez ere, haurrei".
Save The Children irabazi asmorik gabeko erakundeak salatu du Sirian bizirauten ari diren haurrek ez dutela janaririk eta sendagairik lortzeko modurik. Roger Hearn arduradunak adierazi du milioi bat haurrek euren etxeak utzi behar izatea "izugarria" dela adierazi du: "Beldurtuta, traumatizatuta doaz, eta kasu batzuetan, zurtz". Egunez egun egoerak "okerrera" egiten duela baieztatu du Hearnek, eta nazioarteari galdegin die, herrialdera laguntza humanitarioaren sarrera berma dezaten.