Urte amaierarako milioi bat migratzaileri behin-behinean Kolonbian geratzeko baimena eman nahi die Bogotak. Ivan Duque presidentearen arabera, haietatik gehienek hasia dute Internet bidezko prozedura, eta dagoeneko lortu dute dokumentu biometrikoa. Venezuelatik ihesi joandakoak dira horietatik gehienak.
Behin-behineko Babes Estatutua da Kolonbiak iheslariei eskaintzen diena, eta haren bitartez oinarrizko zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte. NBEren Venezuelako migratzaileentzako ordezkari berezi Eduardo Steinen bisita baliatuta egin zuen iragarpena Duquek, eta iragarri zuen prozedurei buruzko informazio osoa NBE Nazio Batuen Erakundearen hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko zuela, datorren asteartean.
Badira, ordea, Kolonbian geratu beharrean iparraldera jarraitzea erabaki dutenak ere. Horietatik 10.000 pasa Panamako mugan harrapatuta daude, bideari noiz jarraituko zain. Abuztuaren 11n Panamak eta Kolonbiak sinatutako akordioaren arabera, Bogotak egunean 650 pertsonari utziko zien muga zeharkatzen asteartetik larunbatera, eta irailaren 1etik aurrera kopuru hori 50era murriztuko zuen. Panamako Migrazioetarako Zerbitzu Nazionaleko buru Samira Gozainek salatu du, ordea, abuztu bukaeran 900 lagunek zeharkatzen zutela muga egunero Dariengo oihanera bidean.
AEBak dituzte helburu pertsona migratzaile horietako askok, eta hara joateko Dariengo oihana zeharkatzen dute, zeina munduko bide arriskutsuenetako bat den, bertan dauden droga eta giza trafikatzaileen taldeen ondorioz. Bidea egin nahi dutenak Necocli hirian biltzen dira, mugaren Kolonbiako aldean. Baina jende pilaketak osasun arazoak dakartza berarekin, eta hiriko erietxeko arduradunek ohartarazi dute ez dutela nahikoa baliabide guztiak artatzeko. Hala, joan den astean bi pertsona hil ziren koronabirusak jota.
Muga zeharkatzeko zain daudenetako hainbatek etxeetan edo ostatuetan hartzen du aterpe lehen egunetan, baina denbora igaro ahala gehienak kalean geratzen dira.