Minen biktima errazenak

Afganistan da munduan min gehien dagoen herria, Angola eta Kanbodiarekin bat, eta 6.000 lagun hiltzen dituzte urtean, hamarretik hiru haurrak.

Abdulraziq 13 urteko gaztea, ospitalean. KARLOS ZURUTUZA.
Laxkar Gahe
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Abdulraziq 13 urteko gaztea etxe huts batean sartu zen. Aldian behin, jendea ikusten zuten, kutxak eta paketeak sartzen han, eta jakin-minak jota, azkenean sartzea erabaki zuten. Atea irekitzean, zerbaitek eztanda egin zuen. Talibanen biltegi bat zen hura. «Eskuineko besoa eta begia galdu ditut». Laxkar Gaheko ospitalean dagoela egin du gertaeren kontaera, Helmand eskualdean. Ez da egoera horretan dagoen bakarra, ezta gutxiago ere.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Afganistan, Angola eta Kanbodia herrialdeetan dago mina gehien. Munduko kasuistikaren %85 hiru herrialde horietan gertatu dira. Gerra Afganistan osoan zabaldu arren, Iran eta Pakistango mugetan dauden guneetan dago mina gehien. Datu ofizialek diote hamar milioi mina inguru daudela herrialdean banatuta: gehien kutsatutako eskualdeak Helmand, Herat eta Kandahar dira.

Ikerketak berak dio minen biktimen hamarretik hiru umeak direla, eta gehienak atentzio medikorik ezaren ondorioz hiltzen dira. Mugarik Gabeko Medikuek Helmanden kudeatutako ospitalean, biktimen erdira iristen da zauritutako haurren kopurua.

Quadratullahek 14 urte dauzka. Hanka biak, eskuineko eskua eta begi bat galdu ditu. «Eztanda egin zuen zerbait jaso nuen lurretik». Dena den, gazteagoak dira gehienak, txikiegiak baitira minen arriskua iragartzen duten seinaleak ulertzeko. Bizirik irauten dutenek protesien eskasia sufritzen dute, oraindik hazte prozesuan baitira. Abdul Waheedek 64 urte ditu, eta Daudchanen aitona da. 6 urte besterik ez, eta ezkerreko hanka moztu behar izan diote. 2 urteko anaiari, biak. «Nire semearekin motorrean zihoazela, IED batekin topo egin zuten».

Afganistango lehergailuak indargabetzeko NBEren programaren arabera, minek eta lehertu gabeko bonbek urtean 6.000tik gora lagun hil edo elbarritzen dituzte: egunean hogei, batez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.