«Minen gerra irabazi dugu»

Pertsonen kontrako minen borrokan inoizko urterik onena izan da iazkoa: biktima kopurua jaitsi, suntsitutako minen kopurua igo eta ekoizpena gutxitu dira, 'Monitor 2010' txostenaren arabera.

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Astelehen goiz batean, 2005eko ekainean, etxeko arrautza batzuk eta esne pixka bat saltzera bidali zuen amak Marta herrira. 16 urteko neska Kolonbiako Catatumbo eskualdeko mendialdeko bidexkan behera zihoala entzun zuen eztanda. Hasieran ez zuen ezer sentitu. Baina ikusia zuen lagun bat baino gehiago minak zapaltzen, eta, beraz, bazekien zer gertatu zen. «Behera begiratu, eta oina odoleztatuta ikusi nuen. Behatzak falta ziren. Arrautzak oraindik eskuan nituen. Ez ziren hautsi».

Iaz 3.956 pertsonek zapaldu zituzten minak mundu osoan. Bakearen Nobel saria jaso zuen ICBL Minak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainak atzo Genevan argitaratu zuen Monitor 2010 txostenean eman zuten datu horren berri. Hala ere, Stephen Goose txostengilea oso baikor agertu zen: «Esan dezakegu minen kontrako gerra irabazi egin dugula» .

Txostenaren arabera, 1997an hainbat herrialdek pertsonen kontrako minak debekatzeko Otawako Ituna sinatu zutenetik aurrerapenik handienak iaz lortu ziren. Batetik, minek eragindako biktima kopurua inoiz jasotako txikiena izan zelako (1999an hasi zuten zenbaketa). Bestetik, orain arteko garbiketarik handiena egin zelako: 198 kilometro koadro minadun lur garbitu eta 255.000 mina suntsitu ziren. Eta, azkenik, inoizko gutxien ekoitzi eta erabili zirelako minak 2009an: 86 herrialdek biltegiratuta zeuzkaten 45 milioi mina suntsitu zituzten.

Ekoizpena ez da gelditu

ICBLren txostenak bereziki hiru herrialde jarri zituen oraindik ere minak ekoizten dituzten herrialdeen zerrenda beltzean: India, Myanmar eta Pakistan.

Guztira, 156 herrialdek onartu eta sinatu dute pertsonen kontrako minak debekatzeko Otawako Ituna. Pisu handiko potentzia asko, berriz, itunetik kanpo daude. Txina, India, Pakistan, Errusia edota AEB Ameriketako Estatu Batuak, besteak beste. Herrialdeok pertsonen kontrako mina mordoa daukate biltegiratuta. Hala ere, Goose txostengileak herrialde batzuen jarduera egokia azpimarratu du: «AEBak ez dira Otawako Ituneko kide, baina praktikan ez dute mina gehiagorik ekoizten, eta ezta erabiltzen ere».

Etxeko lanak, egiteke

Ituna sinatzeak, ordea, ez du ezer ziurtatzen. Monitor 2010-eko txostengileek errieta egin zioten, esaterako, Otawako Ituneko kide den Britainia Handiari, Malvinetako lurretan utzi zuen mina pila oraindik suntsitu ez duelako. «Garbitu beharreko 113 sailetatik lau baino ez dituzte garbitu».

Etxeko lanak betetzen ez dituzten estatu kideen artean Kolonbia eta Venezuela ere aipatzen ditu Monitor 2010 txostenak.

Kolonbian, Marta bezala, asko dira oraindik ere hankaren edo besoren bat galtzen dutenak. Mundu osoan biktima gehien duen herrialdea da. «Badakigu gerrillek kontrolatutako inguruak daudela eta oso zaila dela horietara iristea. Baina gobernuak kontrolatzen dituen eremu zabalak ere badaude, eta badu hor minak suntsitzen nondik hasi», kexu da Stuar Casey-Maslen txostengilea.

Kolonbian, gainera, mina ugari mendialdean daude, eta horrek biktimentzako arreta eragozten du. Leherketaren ostean, bere kabuz, oinez, heldu zen Marta osasun etxera. Han, odolustea gerarazi eta belaunetik behera hanka moztea baino ezin izan zuten egin medikuek. Monitor 2010 txostenean biktima militarrei eta zibilei tratu berbera ematea eskatu diote Kolonbiari.

Datorren asteazkenean, pertsonen kontrako minak debekatzeko Otawako Ituna sinatu zuten estatuek hamargarren bilera hasiko dute Genevan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.