NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Mendebaldeko Saharari buruz idatzitako txostena Segurtasun Kontseiluaren esku dago ortziral arratsetik. NBEren organo nagusia bihar hasiko da txostena aztertzen, eta apirilaren 27an mintzatuko da horri buruz. Minursori, Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioari, ekainean amaituko zaio mandatua, baina litekeena da Segurtasun Kontseiluak bertze urtebetez luzatzea. Banek, ordea, NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren eskariari muzin egin dio, eta Segurtasun Kontseiluari ez dio eskatu Minursori giza eskubideak zaintzeko eskumena ematea.
Mendebaldeko Saharan eta Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan (Aljeriako hego-mendebaldea) Minursok eskumen gehiago hartzea nahi zuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak. Banek, baina, giza eskubideen zaintza NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak hartzea gomendatu du txostenean. Kontseilu horrek, ordea, ez du ordezkaritza finkorik Mendebaldeko Saharan, beraz, haren lanaren eraginkortasunak dudak sortu ditu, Minursok egin dezakeenaren aldean.
Minurso da Afrikan giza eskubideen zaintzaz arduratzen ez den NBEren misio bakarra. Mendebaldeko Saharako erakundeek beti aldarrikatu izan dute Minursori eskumen gehiago ematea, baina eskakizun hori oztopatu dute Marokok eta Frantziak. Hala ere, Fronte Polisarioak adierazi du Banen txostena «bide onean emandako pausoa» dela, batez ere, iragan urrian Agdaim Izikeko kanpalekua husteko Marokok erabilitako bortizkeriaren «deskribapen objektibo eta ausarta» egiten duelako.
Herrialde arabiarretan lehertu diren protestak ere aipatu ditu Banek txostenean. NBEko idazkari nagusiaren iritziz, gatazka horiek Mendebaldeko Sahararen «egonkortasunerako eta segurtasunerako erronka dira».
Minursok ez ditu giza eskubideak zainduko Mendebaldeko Saharan
NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren eskariari muzin egin dio Ban Ki-moonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu