Mitsotakisek haizea alde du bozetan, hildako etorkinen auzia gorabehera

Greziako Parlamenturako hauteskundeak errepikatuko dituzte bihar, eta ND eskuineko alderdia gehiengo osoa lortzeko moduan da. Hautagai ofizialistak bere migrazio politika defendatu du

Kyriakos Mitsotakis ND Demokrazia Berria eskuineko alderdiaren hautagaia, mitin batean, joan den asteartean, Tesalonikan (Grezia). ACHILLEAS CHIRAS / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hilaren 14an, migratzailez beteta zihoan ontzi bat hondoratu zen Greziako kostaldearen parean. Horietako 78ren gorpuak topatu zituzten, eta 500 bat desagertutzat eman dituzte. Kostazainei arduragabekeriaz jokatzea leporatu diete giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek. Alexis Tsipras ezkertiarrak ere, oposizioko alderdi nagusi Syrizako liderrak, gauza bera egin du azken egunotan. Baina, hildako etorkinen krisia hor egonda ere, Kyriakos Mitsotakis hautagai ofizialistaren ND Demokrazia Berria eskuindarrak haizea alde du bihar egitekoak diren Greziako Parlamenturako hauteskundeetan, maiatzaren21ekoen errepikapenean. Azken inkesten arabera, gehiengo osoa lortuko du, eta, aurreko legegintzaldian bezala (2019-2023), bakarrik gobernatu ahal izango du.

Duela hilabete ere ND izan zen gehien bozkatutako alderdia, baina ez zen iritsi 151 jarleku lortzera —300 ditu ganberak—. Ezkerrak ez ziren ados jarri bat egiteko, eta NDk ez zuen bilatu Irtenbide Greziarra alderdi ultranazionalistaren babesa. «Gehiengo sendo bat» nahi zuela nabarmendu zuen Mitsotakisek bozen ondorenean.

Eta hori lortzeko moduan da. Azkeneko inkestek diotenez, botoen %41 bilduko ditu, eta hogei puntu ingururen aldea aterako dio boto gehien dituzten indarretako bigarrenari, Syrizari (%20). Halere, babes apur bat txikiagoa, %39koa, nahikoa izango luke Mitsotakisek; izan ere, hauteskunde legea aintzat hartuta, bozak errepikatuz gero garaileak 50 diputatuko saria jasoko du.

Greziako Peloponesoko kostaldetik gertu joan den astean gertatutakoak ez du aldaketarik bultzatuko boto joeran, adituek azken egunetan hedabideetan nabarmendu dutenez. Horietako batzuen esanetan, Atzeraldi Handiak herrialdean eragindako finantza krisiaz geroztik kontserbadoreagoa da gizartea.

Bere aurkari politikoek egozten diote Mitsotakisi migratzaileak mugan bertan kanporatzea, esaterako. Berriro lehen ministro izateko faboritoak akusazio horiek ukatzen ditu, eta argudiatzen du Greziako Gobernuak ez dituela giza eskubideak urratzen. Haren esanetan, Atenasen migrazio politika «zorrotza baina bidezkoa» da. Horregatik, «bidegabeak» iruditu zaizkio Tsiprasek kostazainei egin dizkien kritikak.

Migratzaileen auzia gorabehera, bera gobernuburu izan zen legegintzaldiko emaitza ekonomikoak aldarrikatzen ditu Mitsotakisek. Batetik, langabezia tasa %11 ingurukoa dela; hau da, 2009ko portzentajearen parekoa —hori halako bi zen 2013an—. Bestetik, eurogunean gehien hazi diren ekonomietako bat izan dela Greziakoa azkeneko bi urteotan: %8,4 duela bi urte, eta %5,9 iaz. Eta hirugarrenik, iaz amaitu zela troikak herrialdeko administrazio zentralari ezarritako hamar urte pasako zaindaritza.

Atzeraldi Handiak ekarritako 2008ko bankarrotaren ondoren, Tsiprasek egin behar izan zituen, lehen ministro zenean (2015-2019), troikak eskatutako doikuntzak. Hori ondo gogoan dute, txarrerako, greziarrek. Syrizako buruak esaten du politika ekonomikoek justizia sozialari erreparatu beharko lioketela. Baina Mitsotakisek erantzuten dio proposamen ekonomiko horiek aurkeztu baino askoz ere garestiagoak direla, eta greziarrei amesgaizto batekin lotzen duten kontzeptu bat gogorarazten diela: erreskate ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.