Ratko Mladic Serbiako general ohia Hagara eraman dute, Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitu dezan 1992-1995 artean orduko Jugoslavian gerra krimenak egin zituelakoan. Goizean Serbiako Justiziak atzera bota du hura Hagara ez estraditatzeko defentsak egindako eskaera, eta Mladic arratsaldean Belgradeko aireportura eraman dute, handik hegazkinean Hagara joateko.
Osasun arazoak argudiatu ditu defentsa abokatuak. Atzo arratsaldean bidali zuen helegitea Belgradetik, eta gaur aztertu eta erabaki du Serbiako Justiziak.
Mladic gaizki dagoela eta ez lukeela bidaia jasango esan du abokatuak, ez litzatekeela bizirik iritsiko, eta Hagan osasun egoeraren ondorioz defentsa ezingo lukeela ongi egin. 68 urte ditu gereral izandakoak.
Lehengo ostegunean atxilotu zuten Serbian, Lazarevon, hamasei urtean ihesean egon ostean.