Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Meritxell Serret, Antoni Comin eta Lluis Puig iheslariekin batera atera da hedabideen aurrera, epaia baloratzeko. Epaia lotsagarria dela adierazi du, eta "propaganda operaziotzat" jo du. Esan du jazarpen eta "mendeku" estrategia berresten duela Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, eta 2017ko urriaren 1ean botoa ematera atera ziren herritarrak zigortzen dituela.
Presidente ohiaren arabera "akats larria" da epaia, eta iragarri du ondorioak izango dituela, ez soilik Kataluniako independentzia nahi dutenentzat, baizik eta "herritar ororentzat". Horren aurrean mobilizatzera ditu herritarrak, "independentziaren aldekoak direnak eta kontrakoak direnak". Behin eta berriz erresistentzia baketsurako keinuak izan ditu, eta indarkeriarik gabe erantzutera deitu du. "Ezin dugu etsi, ezin dugu etsi kataluniar eta europar gisa. Munduari erakutsi behar diogu badela bide katalan bat".
Bere hitzaldian hitz gogorrak izan ditu Felipe Borboikoa Espainiako erregearentzat ere. 2017ko urriaren 3an egin zuen hitzaldia gogoratu du, eta esan du gaurko epaiak berresten duela beharrezkoa dela independentzia, besteak beste, "estatuburua demokratikoki hautatu ahal izateko". Azaroaren 10eko Espainiako Gorteeetarako bozak ere izan ditu gogoan, eta bozkatuz erantzutera deitu du.
Euroagindua berriro
Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak gaur goizean berriro jarri du martxan Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia espainiaratzeko euroagindua. Auzitegi horrek, gaur goizean, sedizio delituagatik bederatzi espetxe zigor jarri dizkie 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitu dituenei, eta epai hori oinarri hartuta jarri du abian berriro Llarenak euroagindua. Bruselako Fiskaltzak arratsaldeko lehen orduan jakinarazi du jaso duela euroagindua.
Puigdemont Belgikan dago. 2017ko urriaren 29an egin zuen ihes Kataluniatik Bruselara, eta babesa eskatu zuen gero herrialde horretan. Urte hartan bertan azaroan egin zuen Llarenak lehen euroagindu eskaera, baina gero atzera egin zuen. 2018ko martxoan, berriz, auzipetu egin zuen epaile horrek berak Puigdemont, eta, bi egun geroago, Alemanian atxilotu zuten beste euroagindu eskaera bat aintzat hartuz. Alemaniako epaileek, ordea, ez zuten onartu.