Urtea beteko da orain. Zer pentsatu zenuen erregea Botswanakoarengatik barkamena eskatzen ikusitakoan?
Keinuak ez ziola ezertarako balio. Gaiztakeria egin eta gero, halakoetarako estatuko zerbitzuak erabili eta gero, ez da nahikoa barkamena eskatzea. Gero, Urdangarinena agertu denean, errege etxea errepublikarrak egiteko fabrika bat bihurtu da.
Zein neurritaraino izan dira hedabideak monarkiaren eustaile?
Blindaje sendo bat zegoen, eta monarkia eztitan bizi zen. Inor ez zen ausartzen kritikarik egitera edo argibiderik eskatzera. Aldiz, Herbehereetako eta Danimarkako errege etxeek Interneten eskuragarri dituzte kontu guztiak. Espainian, berriz, monarkia ukiezina zen. Eta behin hedabideek babes hesi hori altxatu dutenean... Sei milioi langaberekin, 15 milioi pobrerekin estatuburua ezin daiteke zerga paradisuetan ibili, edo elefanteak ehizatzen edo bere diruz nondik norakoak iluntzen.
Zerk bota du hedabideen babes hori behera? Errealitateak?
Errealitateak eta Internetek. Internet giltzarria izan da. Idatzizko hedabideak krisian daude, eta jendea gero eta gehiago informatzen da Internet bitartez. Eta hor bai hitz egin zitekeela gai hauei guztiei buruz, artikulu, eztabaida eta foroetan. Giro horrekin, elkarren artean lehian dabiltzan hedabideek gizartean gertatzen ari denaren oihartzuna jasotzea beste aukerarik ez dute izan.
Abdikazioa omen du aukeretako bat Juan Carlos I.ak. Gerta daitekeela uste duzu?
Posible da. Baina erregeak ez du semearen alde abdikatu nahi. Duela hilabete batzuk erregearen aholkularien artean banaketa zegoen horri buruz: erregea bere postuan hiltzearen aldekoak zirenak irabazten zihoazen. Erregea joan, erregea jarri izatea nahi zuten, parafernalia guztiarekin, hileten sentimentalismoarekin ondorengotza lasaia bermatzeko. Oso banatuta daude erregearen aholkulariak, eta eskuinaren zati bat ere badago abdikazioaren alde, ospe galera gero eta handiagoa denez, gero eta aukera gehiago daudelako monarkia edo errepublika eztabaida mahai gainean aurkitzeko. Orain arte ez baita egin horri buruzko erreferendumik, baina jendea jada eskatzen hasia da; Espainiak behar duen erreferenduma hori da.
Hori da errepublikarako ikusten duzuen bidea? Erreferenduma?
Hor gai garrantzitsu bat dago. Haiek prestatua zuten Konstituzioaren erreforma bat, gizonezko zein emakumezkoek ondorengotzako lerroan eskubide bera izan dezaten. Baina ez dira hori ateratzera ausartzen, erreferenduma beharko litzatekeelako eta erreferendumak gaiztoak gerta daitezkeelako. Kontsulta bat egin da horren inguruan talde parlamentarioekin, ondorengotza lasai baten bila. Baina taldeetako batzuek, tartean Izquierda Unida, uko egin diote horri. Juan Carlos joaten denean erreferenduma izatea nahi dugu, herriak erabaki dezala monarkiaren eta errepublikaren artean, Italiako eta Greziako herriak egin zuen moduan. Izan ere, konstituzionala izango da monarkia, baina ez demokratikoa; estatua ezin daiteke oinordekotzan jaso cortijo bat bezala.
Monarkiaren eta errepublikaren eztabaida jada mahai gainean dago.
Bai, hemen eta gaur sartu da agenda politikoan. Ez da epe luzerakoa, edo zerumugan ikusten den zerbait edo debate intelektualetan soilik dagoen zerbait.
Errepublikaren demonizazioa ere agertzen da.
Errepublika amaiera traumatiko batekin lotzen dute. Franco buru zutela, jeneral kolpistek odoletan ito zuten errepublika, eta Espainiaren memoria hori hor dago. Baina egun 55 urte baino gutxiago dutenek ez zuten bozkatu 78ko Konstituzioa, hots, gehiengo demografikoak. Ez dute zertan beren burua Konstituzio horri lotuta ikusi. Horrexegatik da funtsezkoa prozesu konstituziogile baterantz abiatzea.
Espainiako alderdi nagusiak ez dirudi horren alde daudenik.
Ez pentsa, alderdi sozialistan banaketa handia dago gaiaren inguruan. Alderdiko gazteriak errepublikaren alde agertu dira hainbat tokitan, Katalunian debatearen alde daude... Rubalcaba Felipe Gonzalezen guardia monarkiko zaharrekoa da, baina jende hori paleolitokoa da, eta jende berria hasi da eztabaidan sartzen.
Eta zer gertatzen da eskuinarekin?
Badago errepublika argi eskatzen duen eskuinaren zati bat, ez dena monarkikoa, baina haien ametsa Frantziakoaren moduko errepublika da, betiere presidente eskuindar bat izango duena.
Izango da monarkiaren aldeko erreakziorik ere.
Uste dut saiatzen ari direla alderdi bitasuna salbatzen, monarkia salbatzen, doiketa ekonomikoa ezartzen eta gizartearen %70 pobretzen biraketa autoritario baten bidez. Hori da haien eskema, bide orria. Baina errealitatea da kalean gizartearen gehiengo bat dagoela prozesu konstituziogile baten eske, monarkiaren eta errepublikaren artean aukeratzeko erreferendum baten eske. Nire ustez, hori da beso borroka orain. Horregatik da oraingoa hain une zirraragarria espainiar bizitzan. Mundu guztia hari da trantsizioa auzitan jartzen, eskuina bere programa ezarri eta trantsizioaren oinarri guztiak aldatzen ari delako eta ezkerra trantsizioarekin iruzurtuta eta engainatuta sentitzen delako. Inork ez du 78ko trantsizioa defenditzen, eta egoera berri bateranzko trantsizioan gaude. Ikusiko dugu nola garatzen den.