Presidentetzarako bozetako lau hautagaien artean erabakiko dute gaur herritarrek independentziaren ondorengo Montenegroko lehen estatuburua nor izango den. Burujabetzaren bidetik herrialde berria Mendebaldeko erakundeetara gerturatu edo atzera ere Serbiarekin bat egin aukeratuko dute hautesleek, buruzagiek kanpainan igorritako mezuei jarraiki. Balkanetako herrialde txikiak erreferendum bidez independentzia eskuratu zuenetik bi urte igaro dira, eta egitasmo politiko ezberdinen arteko zatiketaren isla da. Hala, ohiko mitin euforikoak baztertuta, atez ate jo dute hautagaiek herritarren begirunea eta botoa lortzeko.
Inkesten arabera, Filip Vujanovicek 2003an lortutako Montenegroko presidente kargua berritu ahalko du -Serbia eta Montenegroko Errepublikaren barruan hautatu zuten orduan-. Hauteskundeetako lehen itzulian garaipena ziurtatzeko moduan dago, botoen erdiak baino gehiago lortuko dituela aurreikusten baitute. CEDEM Demokraziarako eta Giza Eskubideetarako Zentroak %52,8ko babesa lortuko duela dio. Galbahea igaroko ez balu, bi aste geroago bozen bigarren itzulia egingo lukete, ahalik eta estatuburua gehiengo osoarekin aukeratu arte. Nebojsa Medojevicek eta Andrija Mandicek botoen %20 eskuratuko lituzkete bozetan, eta Srdjan Milicek, %10.
Independentzia ekarri zutenek -Milo Djukanovic lehen ministro ospetsuak eta DPS Sozialisten Alderdi Demokratikoak- hurrengo bost urteetan herrialdea Mendebaldeko erakundeetara zuzenduko dutela azaldu du Vujanovicek, lehen agintaldian Montenegro burujabea bideratu zuenak. «Nire bigarren agintaldian Europako ereduak egokitzen jarraituko dugu, eta hurrengo bost urteetan Europako Batasunean izango da Montenegro». Egonkortze eta Elkartze Hitzarmena izenpetu zuen estatuak EBrekin iaz, eta laster bat egiteko hautagai bihurtzea espero da. Lau buruzagiak ados daude bide horretan; ez, ordea, Balkanen beste bi erronketan: NATOrekin bat egitea eta Kosovoren erronka.
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen aldeko da Vujanovic DPSko hautagaia. Bestalde, NATOk negoziazioei ekiteko gonbita egin dio Montenegrori Bukaresteko bilkuran aste honetan. Aurrez aurre ditu ekimenak Milic eta Mandic Serbiaren aldeko hautagaiak, hau da, SNP Herri Alderdi Sozialistako eta Serbiako Zerrendako buruzagiak-Serbiar joerako alderdien batura da bigarrena-. Bestalde, NATOrekin bat egitea erreferendumean erabaki behar dutela uste du Medojevicek. Kosovoren independentzia aitortzeari buruz ere banatuta ageri dira: Serbiaren aldeko bi hautagaiek diote ez dutela inoiz aitortuko; eta Vujanovic eta Medojevic EBko estatu denek zer erabakiko zain daude.
HELDU EDO SERBIAREN MAGALERA ITZULI.
Egungo estatuburuaren hitzetan, ezin da Montenegroko presidente izan 2006ko erreferendumaren garaian independentziaren aurkako hautua babestu zuena. Hala, Serbiarekin estatua osatu asmo duten hautagaiak salatu ditu Vujanovicek. 2006ko maiatzaren 21eko erreferendumean herritarren %55,5 agertu ziren independentziaren alde, eta %44,5 Serbiatik banatzearen kontra. EBk jarritako %55eko langa ozta-ozta iragan zuen. Bi urte geroago Serbiarekiko oroimina apaldu da hein batean, eta garaipena lortzeko aukera gutxi dutela jabetuta, bizi-mailarekin pozik ez dauden herritarrak erakarri nahi ditu Serbiako Zerrendako hautagai Mandicek. Aldaketaren ardatzak balio tradizionalak eta familia aipatzen ditu. «Irabazten badut, ekonomia sustatu eta milaka lanpostu sortuko ditut, eta Serbia eta Montenegro berriz elkartu».
Gizarte arloa da hein batean bozetako giltzarria, askoren gurari politikoak independentziak gogobete zituelako. Serbiar jatorria dutenak populazioaren herena inguru dira soilik. Adituen arabera, Serbiaren magalera itzultzea babesten duten buruzagiak baino arriskutsuagoa da Medojevic PZP Aldaketetarako Mugimenduko hautagaia, Gobernuaren jokabideari egin dizkion kritika latzengatik. Presidente berria, gure harrotasuna izan dadin lelopean, ustelkeria eta demokrazia falta leporatu dizkio DPSri, 1990. urtetik agintean den alderdiari, eta krimen antolatuari ez jazartzea. Adituek diote, ordea, Vujanovic hamaika eskandalutan aberastu ez diren agintari bakanetakoa izan daitekeela.
Vujanovicek azaldu duenez, berak presidentetzan jarraitzea atzerriko inbertsioak izateko bermea da, eta azpiegiturak garatuko dituela hitzeman du. Hauteskundeetan porrot egiteak, ordea- ustekabea izango litzateke-, Montenegroren garapena etengo luke, Vujanovicen esanetan. Bigarren agintaldian langabezia arazo oro desegingo duela dio, presidenteak arlo hori kudeatzeko lege ahalmenik ez duen arren. Langabezia tasa %11,81ekoa izan zen 2007an Montenegron, eta herritarren %10,9 pobrezia larrian bizi dira 600.000 biztanle eskas dituen herrialdean. Batez besteko soldata 400 eurokoa da.
DPS Sozialisten Alderdi Demokratikoak botoak jasotzeko metodoa bikaindu du. Vujanovicekbakartuta dauden herrietan zabaldu du bere mezua, gutxi garatua eta bereziki txiroa den Montenegro iparraldeko gizarte patriarkalean. Herritarrak bere alde botoa ematera erakartzeko ahaleginetan Djukanovic lehen ministroaren laguntza estimagarria du presidenteak. Etenik gabe 1991. urtetik 2006ra Montenegroko agintean izan da, presidente edo lehen ministro karguan, eta 2006ko erreferendumean herritarrek burujabetzaren alde egin izana Djukanovicen garaipena izan zela uste da. Politika utziko zuela iragarri zuen ezustean, baina aurten berriz itzuli da kargura, Zeljo Sturanovic lehen ministroak osasun arazoak direla-eta kargua utzi ostean.
LEHEN MINISTROAREN GERIZPEAN. Milo Djukanovic lehen ministroa da Montenegron agintzen duena, eta ospe handia du herritarren artean. Pertsonen trafikoko eta zigarro kontrabandoko auzietan nahastu dute, eta Barne Ministerioak ikertu ere egin du, baina ez du horrek bere irudia lausotu inondik ere. Hala, Vujanovicen hautagaitza sostengatzeko asmoz, bere ideiak eta alderdikide duen presidentearenak berberak direla azaldu du atez atekoan. Vujanovicek maiz aipatzen du lehen ministroa mitinetan, eta aldarte onez entzuten ditu «Milo, Milo!»lehen ministroaren aldeko oihuak. Oposizioak karismarik ez duela dio, eta beti Djukanovicen itzalpean egotera kondenatuta dagoela.
Medojevicek, bestalde, agintea hartzean txirotasuna murriztuko duela hitzeman du eta ustelkeria eta krimen antolatua borrokatzea. «Erregimen ustelenaren amaieraren hasiera izango da. Aukera dugu boterearen zati bat aldatzeko eta lehen aldiz kontrol demokratikoa jartzeko». Independentziaren ostean egin zituzten lehen hauteskundeetan, hau da, 2006ko iraileko Legebiltzarrerako bozetan, Vujanovic eta Djukanovicen DPS alderdiak gidatzen zuen Montenegro Europarrerako Koalizioakerraz irabazi zuen, gehiengo osoaren ateetan. Serbia eta Montenegroko estatuaren baitan egindako azken bozetan, ildo berean, botoen %63,3rekin lortu zuen Vujanovicek Montenegroko presidente izendatzea. Adituen arabera, herritarrek begirune handia diote, baina ez du asmatu guztien presidente modura agertzen.
I. Mundu Gerraren amaieran Jugoslavia jaio berrian sartuta amaitu zen Montenegro independentearen azken aldia. 90 urteren ostean herrialde burujabea zuzenduko duen presidentea hautatuko dute. Iaz onartutako Konstituzioa izango du oinarri, Montenegroko mintzoa hizkuntza ofizial bihurtu eta Estatua eta Eliza banatu zituen lege bilduma.
«Irabazten badut, ekonomia sustatu eta milaka lanpostu sortuko ditut eta Serbia eta Montenegro berriz elkartu»
Andrija Mandic
Serbiako Zerrendako hautagaia
«Erregimen ustelenaren amaieraren hasiera izango da; aukera dugu kontrol demokratikoa ezartzeko»
nebojsa Medojevic
Pzp Aldaketetarako mugimenduko hautagaia
«Nire bigarren agintaldian Europako ereduak egokitzen jarraituko dugu eta EBn izango da Montenegro»
filip vujanovic
Montenegroko egungo presidentea
Montenegro burujabean lehen aldiz estatuburua aukeratuko dute gaur
Vujanovic independentzia bideratu zuen presidentea da faboritoa, eta lehen itzulian lor dezake garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu