Hauek dira Montik 25 orritan datorren gobernuarentzat proposatzen dituen ildo nagusiak:
•Europa. Europa batuagoa, demokratikoagoa, eta herritarrengandik gertuago egotea proposatzen du. Populismoa eta intolerantzia baztertu behar ditu, eta aurreiritzi nazionalistak gainditu; xenofobiaren, antisemitismoaren eta diskriminazioaren kontra indar europarzaleek bat egin behar dute.
•Hazkundea eta zor publikoa. Finantza publiko osasuntsuetan oinarrituta hazkunde ekonomikora bideratuko diren politikak eskatu behar dizkio Italiak Europari. Merkatu bateratu eta dinamikoagoa, arriskua partekatuko duten formulen bidezko finantza solidarioagoa, eta bazterketa sozialean arreta handiagoa jarriko duena.
Haren ustez, barne roduktu gordinaren %120 gainditzen duen zor publikoa edukita pentsaezina da hazkundea zor gehiago eraginez lortzea. Gauza ez da Europak esaten duena itsu-itsuan errespetatzea edo merkatuen menpekotasuna onartzea, baina zenbakien errealitatea deserosoa dela iritzi dio.
Gastu publikoari ez bazaio mugarik jartzen, eta zorraren dinamika ez bada lehengoratzen, herrialdea ez da suspertuko. Murrizketak modu inteligentean egin behar dira. Eraginkorrak ez diren inbertsioak alboratu behar dira, eta hazkundea eta lana sortuko dituen gastuentzat guneak eraiki.
•Administrazio Publikoa. Administrazio publiko arinagoa, eraginkorragoa,eta gardenagoa nahi du. Europako egiturazko funtsak hobeto erabili behar dira.
Gobernu berriaren lehen 100 egunetan identifikatu beharko dira, lehentasunez, deuseztu edo txikitu behar diren 100 administrazio prozedura.
Gardentasun absolutuaren printzipio orokor bat ezarri behar da Administrazio Publikoan, Erresuma Batuko eta AEBetako Freedom of Information Act eredua jarraituz.
•Merkatua. Herritar kontsumitzaileen interesak erdigunean jarriko dituen politika ekonomikoaren parte izan behar dute liberalizazioek. Beharrezkoa da merkatuak liberalizatzeko politikekin jarraitzea.
•Ingurumena. Ingurumenaren zaintza etorkizunean inbertitzea da. Ekonomia berdeak ezin du beste ekonomia bat izan, ekonomiaren parte baizik.
•Lan merkatua. Lan merkatuaren modernizazioak esku hartzera behartzen du; langile babestu eta ez babestuen arteko dualismoa amaitu behar da, gazteen eta zaharren langile kopurua handitu behar da, «zahartzaro aktiboa» bultzatu behar da. Familia eta lana bateragarri egiteko politika sendoak; gutxieneko errenta bat sortu, heziketa profesionala lortzeko ikastaroek baldintzatua.
•Instituzioak. Parlamentarioak gutxitzea eta bi ganberetako sistemaren erreforma proposatzen du.Federalismo arduratsuan eta elkartasunean oinarritua, banakotasunean eta folklorean erori gabe.
•Lobbien jarduearen erregularizazioa. Herritarrek ez dute ulerberak izan behar politika txarrarekin eta iruzurgileekin.
Ustelkeriarekin, zergak saihestearekin eta ezkutuko ekonomiarekin, zero tolerantzia.
Montiren agenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu