Bolivia

Morales Senaturako hautagai izatea eragotzi du Boliviako Hauteskunde Auzitegi Gorenak

Presidente ohiak «demokraziaren kontrako kolpea» salatu du. Auzitegiaren esanetan, Moralesek ez ditu hautagai izateko baldintzak betetzen, ez delako Bolivian «era erregularrean» bizi.

Evo Morales Boliviako presidente ohia, Buenos Airesen, Boliviako Nazioaniztasunaren Eguneko ekitaldian, urtarrilaren 22an. JUAN IGNACIO RONCORONI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 21a
10:34
Entzun

Evo Morales Boliviako presidente ohiak ezin izango du bere herrialdeko Senaturako hautagai izan, Bolivian, maiatzaren 3an egingo diren hauteskundeetan. Herrialdeko Hauteskunde Auzitegi Gorenak aukera hori ukatu zion atzo. Auzitegiak azaldu duenez, Moralesek ezin du bozetara aurkeztu, ez delako «era erregularrean» Bolivian bizi, eta, legearen arabera, barruti bakoitzeko hautagaiek gutxienez azken bi urteetan bizi behar dute ordezkatu nahi duten barruti horretan bertan. Moralesen abokatuek jakinarazi dute erabakiaren kontrako helegitea aurkeztuko dutela.

Moralesen esanetan, auzitegiaren erabakia «demokraziaren kontrako kolpea» da. «Badakite hautagai izateko baldintza guztiak betetzen ditudala». Presidente ohiaren iritziz, MAS Sozialismorako Alderdia debekatzea da haren kontrakoen azken helburua.

Morales Boliviatik kanpo dago joan den azaroaren 11z geroztik. Herrialdea utzi eta Mexikora joan zen babes bila, aurreko egunean, militarren presioz presidente kargua utzi eta estatu kolpea salatu ondoren. Abenduan, Mexikotik Argentinara joan zen, eta han dago gaur egun. Argentinatik MAS alderdiaren hauteskunde kanpaina gidatzen ari da.

Moralesen alderdiak Hauteskunde Auzitegi Gorenaren «erabaki politikoa» salatu du. Luis Arce presidentegaiaren esanetan, Moralesi hautagai izatea eragozteak «agerian uzten du Bolivian ez dagoela hauteskunde libre, demokratiko eta bidezkoak egiteko bermerik».

Presidente ohia bozetara aurkeztearen kontrakoek, berriz, txalotu egin dute auzitegiaren erabakia. Batzuen ustez, Moralesek senatari kargua lortuko balu, boterera itzultzen ahaleginduko litzateke ondorengotza mekanismoaren bidez. Konstituzioan jasota dagoen ondorengotza mekanismoaren arabera, Boliviako presidenteak kargua uzten duenean presidenteordeak hartuko du haren lekua, eta, presidenteordeak ere uko eginez gero, Senatuko presidenteak. Mekanismo horren bidez izendatu zuten presidente Jeanine Añez Boliviako egungo estatuburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.