Sobietar Batasuneko armadak 1945ean naziak garaitu zitueneko urteurrena ospatuko dute Errusian maiatzaren 9an, eta horren harira, hiru eguneko su etena iragarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak; bihar gauerdian hastekoa da. Bada, Garaipenaren Eguneko tregoaren atarian, Kievek bigarren egunez jarraian eraso dio Moskuri. Hiriburuko alkate Sergei Sonianinek jakinarazi du bart harantz zihoazen hemeretzi drone suntsitu dituztela —Mosku hegoaldeko Podolsk herrian atzeman dituzte, eta bat Kaxirskoyeko autobidera erori da—. Hori dela eta, hiriburuko lau aireportu itxita egon dira gauean zenbait orduz, Errusiako iturri ofizialek Telegram bidez jakinarazi dutenez, «hegazkinen segurtasuna bermatzeko», eta gero ireki egin dituzte, berriro.
Errusiak Ukrainaren droneak eraitsi ditu beste hainbat eskualdetan ere, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera: denera 105 drone suntsitu dituzte bart gauean. Horietako bost Kaluga hiriaren bueltan atzeman dituzte, Moskutik hirurehun kilometrora, eta hango aireportuan ere etenda egon dira joan-etorriak.
Errusiak ere eraso egin dio Ukrainari bart. Batetik, bonbardaketek hiru lagun hil eta zazpi zauritu dituzte Ukraina iparraldeko Sumi eskualdean, bertako buruzagi militarrek adierazi dutenez; bestetik, etxebizitza bloke batzuk bonbardatu dituzte Odesa eskualdean, eta hildako bat eragin, hango gobernadore Oleh Kiperren arabera. Ukraina ipar-ekialdeko Kharkiv eskualdeari ere eraso dio Errusiak, droneak erabiliz: hiriburuan, lau lagun zauritu dituzte bonbek, eta merkatu bat suntsitu da garren eraginez.
Bestalde, Alexander Khinxteinek Kurskeko gobernadoreak sare sozialetan salatu du Ukrainaren erasoek hiru hildako eragin dituztela, eta beste zazpi lagun ospitalean artatu behar izan dituztela. Ukrainako Sumi eskualdeak muga egiten du Errusiako Kursk eskualdearekin. Iazko abuztuan, Kievek partzialki okupatu zuen Kursk, eta eremu horren kontrola berreskuratzen ari da Mosku azken hilabeteotan —joan den astean, Errusiak adierazi zuen bere esku zuela eskualde osoa—. Ukrainak, dena den, berretsi du «presentzia militarrari» eusten diola han. Ukrainako armadak zabaldu duenez, asteburuan Errusiaren Kurskeko drone zentro bati egin diote eraso, eta bertako armamentua suntsitzea lortu dute.
Gaur, eskualde horretako Rilsk hiriko azpiestazio batean «kalteak» eragin ditu Ukrainak, Kinxteinen arabera, eta bi lagun zauritu dituzte erasoan. Argirik gabe egon dira ordu batzuez, baina jada lortu dute azpiestazioa konpontzea.