Azken egunetan iragarritakoa bete da, eta gaur heldu da Txinako estatuburu Xi Jinping Moskura, Vladimir Putinekin biltzeko. Hiru egunez izango dira bi estatuburuak elkarrekin, eta, besteak beste, gerra eta harreman ekonomikoak izango dituzte hizpide. Baikor agertu da Xi bera aireportura iritsi berritan: «Uste dut bisita hau emankorra izango dela, eta bultzada bat emango diela gaur egun egonkorrak eta osasuntsuak diren Txinaren eta Errusiaren arteko harremanei».
Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek aurreratu du Pekinek duela hilabete aurkeztutako bake proposamena izango dutela hizpide bi buruzagiek, eta Errusiak Ukrainaren inbasioaren bere ikuspegia azalduko diola Xiri. Errusiako egunkari batean argitaratutako artikuluan, berriz, Xik zehaztu du Ukrainako gerrari irtenbide bat aurkitzeko aurkeztutako egitasmoan jasotzen dela Txinaren munduko ikuspegia, eta proposamen horrek berak balio beharko lukeela krisitik irten ahal izateko, nahiz eta aitortu ez dela erraza izango. «Arazo konplexuek ez dute irtenbide errazik», esan du estatuburuak. Ukrainako Gobernuak espero du Txinak Errusiarengan duen «eragina» baliatzea, gerra amaitzeko. Hori adierazi du Oleg Nikolenko Atzerri Ministerioko bozeramaileak, ohar batean.
Bestalde, Kremlinek iragarri du zigor auzibide bat ireki duela gerra krimen bat egotzita Vladimir Putin atxilotzeko eskatu duten NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalaren eta epaileen aurka. Horren harira, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur esan du Hagaren erabakia Errusiaren eta Putinen aurkako «etsaitasun nabariko seinale bat» dela. Ostiralean, auzitegiak erabakiaren berri eman zuenean, Errusiako Gobernuak nabarmendu zuen ez dagoela behartuta kolaboratzera, ez delako organo horretako kidea. Hori bai, Putin atxilotua izateko arriskuan legoke baldin eta NZAren jurisdikzioa onartzen duen herrialderen batera joango balitz; 123k hartzen dute aintzat. Pekinek kritikatu egin du Hagaren jokabidea, eta eskatu dio alde batera utz ditzala «moral bikoitza» eta «erabaki politikoak hartzea».
Erresuma Batuko The Guardian egunkariak gaur kaleratu duenez, NZAko fiskalburu Karim Khan Ukrainako gerra krimenak ikertzeko diru gehiago eskatzekoa da gaur, 40 bat herrialdetako Defentsa ministroek Londresen egingo duten bilera batean. Informazio horren arabera, auzitegiak 40 ikertzaile ditu Ukrainan lanean, baina azkeneko hilabeteetan ez du aurrekontua handitu.
Bitartean, EB Europako Batasuneko estatu kideetako Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi artilleria jaurtigaiak emateko.