Mubarak atxilotu dute Egipton, errepresio eta ustelkeriagatik

Diktadorea ospitalean dago, bihotzean arazoak dituelako; haren egoera ezegonkorra bada ere, galdekatzen jarraituko duteOstiraleko protesta deialdia bertan behera utzi du oposizioak atxiloketaren ostean

2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ustez iraultzan manifestariei eraso egiteagatik, ustelkeria delituengatik eta boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik ikertzen ari dira Hosni Mubarak Egipton. Hamabost eguneko atxiloaldia ezarri dio Fiskaltzak presidente ohiari, ikerketak irauten duen bitartean. Haren seme diren Gamal eta Alaa Mubaraken aurkako ikerketa ere abiarazi dute, eta aitaren zigor bera ezarri diete haiei ere.

Kairon dagoen Torako espetxean sartu dituzte semeak. Diktadorea, baina, ez dute oraindik kartzelaratu, ospitalean baitago. Herenegun, galdekatzen zuten bitartean, bihotzeko arazoak jasan zituen, eta Sharm-el-Sheikheko ospitalera eraman zuten. Bertako sendagileek jakinarazi dute Mubarak zaintzapean dagoela, eta bere egoera ezegonkorra dela. Bestalde, Al Ahram egunkariak presidente ohia Kairoko ospitale militar batera eraman zutela argitaratu zuen, baina gerora gezurtatu egin zuten informazio hori. Osatu arte, beraz, Sharm-el-Sheikheko ospitalean atxilotuta egongo dela argitu dute. Dena den, galdeketak egingo dizkiote, ospitaleko goi kargu baten arabera, Mubarak galderak erantzuteko moduan baitago.

Iragan otsailaren 11n utzi zuen kargua Mubarakek, hainbat astez herritarrek kalean bere kanporatzea eskatzeko protesta jendetsuak egin ostean. 800 lagun inguru hil ziren protestetan, gehienak segurtasun indarren erasoen ondorioz. Hain justu, Mubarakek hilketa horietan eta iraultzaren errepresioan izan duen erantzukizuna ikertzen ari dira.

Igandean agindu zuen Fiskaltzak presidente ohiaren aurkako ikerketa. Egun hartan bertan Mubarakek bere buruaren defentsa publikoa egin zuen grabatutako mezu batean. Boterean zegoen bitartean aberastu izana ukatu zuen. Trantsizio gobernuaren ordezkaritza batek, dena den, presidente ohiak herrialdetik at dituen kontu ondasunak ikertuko ditu.

Herritarrek Mubarak kanporatzea lortu zuten iragan otsailean, baina protestak ez ziren diktadorearen erorketarekin amaitu. Militarrek hartu dute trantsizioa gidatzeko ardura, eta ostiralero-ostiralero, ehunka herritar bildu da Tahrir plazan Armadako Kontseilu Gorenari Mubarak epaitzea exijitzeko. Izan ere, egindako krimenengatik erantzun behar duela diote oposizioko kideek. Aste honetan ere Iraultzaren Indar Nazionala koalizioak protesta deia egina zuen ostiralerako, baina, Mubaraken atxiloketa aginduaren berri izan ostean, deialdia bertan behera uztea erabaki dute. Presidente ohiaren atxiloketa iraultzaren garaipen gisa ospatu dute.

Iragan asteburuan, hain justu, liskarrak jazo ziren manifestarien eta armadaren artean Tahrir plazan, eta bi lagun hil zituzten. Hamabost manifestari ere zauritu zituzten, gutxienez.

Erregimena ikertzen

Mubarak eta bere semeez gain, Fiskaltza erregimeneko hainbat goi kargu ikertzen ari da. Murtada Mansur legebiltzarkide ohia atxilotzeko agindua eman zuen atzo; Mansurrek manifestarien aurkako erasoak antolatu zituela uste dute. Diktadurako beste hainbat goi kargu ere espetxeratu dituzte azken asteotan. Ustelkeria delituak egotzi dizkiete gehienei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.