EGIPTO

Mubarak koman dagoela diote medikuek

Informazioak nahasiak dira Egiptoko presidente ohiaren osasun egoeraren gainean. Efe berri agentziak jakinarazi du medikuen arabera koma egoeran dagoela. Mubaraken abokatuak, berriz, hoberantz egin duela baieztatu du. Albisteak Tahrir plazan harrapatu ditu milaka manifestari, Junta Militarrak konstituzioari egindako zuzenketak salatzeko protestan.

2012ko ekainaren 20a
15:40
Entzun

Hosni Mubarak Egiptoko presidente izandakoa hilzorian dagoela diote medikuek, nahiz eta haren osasun egoeraren gaineko informazioa nahasia izan. Efe berri agentziak jakinarazi du medikuen arabera koman dagoela. Aurretik Mena herrialdeko berri agentziak esan du gauerditik klinikoki hilda dagoela Mubarak. Boterean dagoen Junta Militarrak, aldiz, baieztatu du bizirik dagoela, koman. 

Egiptoko telebista kate baten esanetan, laster Mubaraken osasun egoera argituko duen komunikatu bat zabalduko dute. 

Mena agentziak azaldu du Mubarak gauerdian ospitalera eraman zutela Torako espetxetik, tronbosi batek jota. Medikuak buruan zuen odolbildua garbitzen saiatu omen dira, baina ez dute lortu. Ondorioz, bihotzekoak eman diola baieztatu dute zenbait iturrik. Aldiz, Mubaraken abokatuak dio medikuek bizkortzea lortu zutela eta goizaldean jada hoberantz egin duela haren osasun egoerak. 

Orain egun batzuk presidente ohia kartzelako ospitalean larri zegoela zabaldu zen. "Ezegonkor dago, depresioa dauka, eta batzuetan uko egin dio edateari eta jateari", azaldu zuten mediku iturriek. 

Ekainaren 2an sartu zuten espetxean Mubarak, 25 urteko espetxe zigorra jarri zioten egunean bertan. 

Tahrir plazan daude berriro

Albisteak Tahrir plazan harrapatu ditu milaka manifestari, Junta Militarrak konstituzioari egindako zuzenketak salatzeko protestan. Konstituzioari egindako aldaketei esker, militarrek boterean jarraitzea ziurtaturik daukate. Beraz, ez dute etengabe egin izan duten promesa beteko: ez dute boterea gobernu zibilaren menpe utziko, ekainaren 30a baino lehen. 

Hori guztia gertatu da herritarrek presidente nor izango duten jakin aurretik, bihar emango dituzte-eta bozetako emaitzak. Kontaketa ez ofizial ia guztiek garaipena Mohamed Mursiri ematen diote, Anaia Musulmanen hautagaiari.  Baina beste aldekoek ere, Hosni Mubaraken azken lehen ministro izandakoaren aldekoak, irabazletzat jo dute Ahmed Xafik hautagaia; botoen %51,5 eskuratu dituela esan zuten atzo. Edozein kasutan, aldaketa konstituzionalen arabera, presidentearen agintzeko gaitasuna anekdotikoa izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.