Amaitu da Hosni Mubarak Egiptoko presidente izandakoaren aurkako epaiketaren lehen saioa, eta Polizia Akademiko ospitalean egongo da hurrengo saiora arte —hilaren 15era arte—, gaixorik baitago.
Gaur hasi dira Mubarak epaitzen —Euskal Herrian goizeko hamarrak pasatxo zirela—, urte hasieran bere kontrako altxamenduan hainbat herritarren hilketen erantzule izateagatik eta boterearen gehiegizko erabileragatik, baina berak ukatu egin ditu akusazioak.
Manifestarien aurkako erasoa planifikatu egin zela frogatzen bada, presidente ohia eta haren bi seme heriotza zigorrera zigor ditzakete. Protesta horietan 850 pertsona inguru hil ziren. Fiskaltzaren arabera, Mubarakek eta Al Adlik Poliziari manifestariei tiro egiteko baimena eman zieten, baita autoekin harrapatzeko baimena ere. Gainera, euren boterea indarkeria hori saihesteko ez erabiltzea egozten diete. Baina manifestarien aurkako erasoan parte hartu izana ere ukatu dute guztiek.
Mubarak ohatilan sartu dute auzitegian. Azkenaldian Sharm el Sheikheko erietxean izan da, eta armadaren helikopteroan eraman dute Kairora. Anbulantzian heldu da Polizia Akademiara —han da epaiketa—. Haren bi seme ere hasi dira epaitzen —Alaa eta Gamal—, eta biek ere ukatu egin dituzte akusazioak.
Lehenago, presidente izandakoaren aldeko jarraitzaileak eta kontrakoak akademiaren inguruan elkarri eraso egiten aritu dira goizean, harrika. 61 lagun zauritu dira.
Joan den otsailaren 11n utzi zuen kargua Mubarakek, herritarren hemezortzi eguneko protestek eraginda. Ordutik gaurkoa izan du jendaurreko lehen agerraldia.