Egipto. Mubarak akusatuen aulkian

Mubarakek bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu

Hemezortzi egunez luzatu ziren protestetan 850 lagunen hilketen aurrean ezer ez egitea leporatu dio fiskalak presidente ohiariDiktadorea, haren bi seme eta erregimeneko zortzi kide heriotza zigorrera zigor ditzakete

Kristina Berasain Tristan.
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kairo ekialdean dago Polizia Akademia; Tagamo James auzoan. Hosni Mubarak eta Habib el Adli bertan elkartu ziren azkeneko aldiz artean presidente eta barne ministro zirela. Urtarrilaren 24 hartan nekez aurreikusi zitekeen biharamunean gertatuko zena. Tahrir plazan milaka lagun elkartu eta 30 urteko diktadura amaitzea eragin zuen iraultza abiatu zuten herritarrek egun historiko hartan. Sei hilabete geroago eszena oso bestelakoa izan da diktadorearen izena zeraman akademia militarrean; historikoa hau ere. Mubarak eta El Adli aurrez aurre izan dira berriz; oraingoan, baina, epailearen aurrean eseri dira, akusatuen aulkian, kaiola banaren barruan.

«Akusazio guztiak ukatzen ditut; errugabea naiz». Egiptoko presidente ohiak hitz horiek baino ez ditu esan bere kontrako epaiketaren lehen saioan. Mubarak epaiketara agertuko zen ikusteke zegoen, izan ere, bere osasun egoera tarteko saiora agertuko ez zela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Diktadorea, baina, ohatila batean iritsi zen, akusatuen jantzi zuria soinean. Sharm el Sheik hiritik helikoptero militarrean eraman zuten eta ikusmina handia zen. Akademiaren atarian pantaila erraldoi bat paratu zuten herritarrek epaiketa jarrai zezaten, izan ere, diktadoreak jendaurreko aurreneko agerraldia zuen kanporatu bezperan telebista publikoan egindako hitzalditik. Botereari eutsiko ziola adierazi zuen orduan. Biharamunean, berriz, dimisioa eman zuen. Omar Suleiman presidenteordeak bi esaldi aski izan zituen presidentearenak egin zuela azaltzeko. Otsailaren 11 zen.

Akusazioen zerrenda

Mubaraken kontrako epaiketa sei hilabete geroago abiatu da. Ahmed Refat epaileak 10:00etan ekin zion saioari «justiziaren izenean». Diktadorea bere bi semerekin batera metalezko kaiola baten barruan —Hussein Salen enpresa gizona ere bertan zen—, eta bestean zazpi lagun; Habib el Adli Barne ministro ohia eta haren sei kolaboratzaile, poliziak eta aholkulariak tartean. Militarrei protestetan parte hartu zuten manifestarien kontra egiteko baimena eman izana egotzi dio diktadoreari Fiskaltzak. Hortaz hilketen erantzule egin du militarrei tiro egiteko eta autoekin harrapatzeko baimena eman zielako —orotara 850 lagun hil zituzten hemezortzi egunez luzatu ziren protestetan—. Bere boterea indarkeria saihesteko baliatu ez izana ere egotzi dio fiskalak Mubaraki. Alaa eta Gamal semeek, aitak bezala, bere kontrako akusazio guztiak ukatu dituzte.

Diktadorearen eta haren gertukoek bost urte artetik gorako zigorrak jaso ditzakete. Manifestarien kontrako erasoaldia aurrez prestatu zutela frogatuko balitz, berriz, heriotza zigorra ezartzen ahal diete, izan ere, herrialdeko legedi zorrotzak zigor hori aurreikusten du hilketentzat.

Mubaraken kontra akusazioak zabalagoak dira. Manifestarien kontra egiteaz gain, beste bi akusazio jaso ditu. Bata boterearen gehiegizko erabilerarengatik, eta bestea, ustelkeriagatik. Husseim Salem enpresa gizonari —Espainian atxilotu zuten— 4.500.000 milioi euroren truke bost etxebizitza eta bestelako jabetzak erosi zizkion presidente zen garaian; Sharm el Sheik hirian orubeak jaso zituen trukean Salemek.Same Fahmi Petrolio ministro izandakoarekin, berriz, akordio bat egin zuen Israeli gasa saltzeko merkatuan ezarritako prezioan baino merkeago —Salemen konpainia baten bidez egin zuten salerosketa—.

Mubaraken defentsak, bien bitartean, 1.600 lagunen agerraldia eskatu du, hartara epaiketa luzatu ahal izateko. Mohamed Hussein Tantaui mariskalaren lekukotza eskatu du tartean, hain zuzen ere, diktadorearen garaiko armada buruarena. Heldu den saioan hilaren 15ean egingo dute —lau orduz luzatu zen atzokoa—. Segurtasun neurri zorrotzak ezarri bazituzten ere, protestak izan ziren epaitegi militarraren aurrean. Erregimena babesten dutenen eta haren kontrakoen arteko borroketan 61 lagun zauritu ziren. Epaitegiaren barruan, berriz, isiltasuna nagusitu zen, batez ere, diktadorea aretora sartu zenean, esku ohe batean, bere bi semeez babestuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.