Hosni Mubarak heriotzaren atarian dagoela zabaldu dute Egipton, eta azken egunetan areagotu den ziurgabetasun politikoari tentsio nabarmena gehitu dio. Iazko abuztuaren 3an haren kontrako epaiketa hasi zenetik etengabe agertu dira 84 urteko presidente ohiaren osasun egoera kaskarrari buruzko zurrumurruak. Baina oraingoan Egiptoko agentzia ofizialak berak eman du berria, eta sinesgarritasun handiagoa erantsi dio. «Heriotza klinikoa», aipatu du Mena agentziak, baina Mubaraken abokatuak eta familiak ukatu egin dute horrelakorik. Mubaraken egoeraz gain, bozen emaitzen gaineko informazio kontrajarriak ere zabaldu dituzte, eta zerbait mugitzen ari dela uste dute Egipton. Kaleetan nabari dute. Kairo kanpoaldean, hiriburua Alexandriarekin lotzen duen autopista nagusiaren inguruan, armadako tankeak eta soldaduak ugaritu dira, BBCren arabera. Iazko otsailean Mubarakek boterea laga aurreko egunetan militarrek kaleak hartu zituzteneko garaia etorri zaio herritar askori burura.
Trantsizio politikoaren ziurgabetasuna gorenean dela iritsi da Mubaraken balizko heriotzaren albistea. Presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin zituzten joan den asteburuan, eta Mohamed Mursi Anaia Musulmanen hautagaiak zein Ahmed Xafik Mubaraken lehen ministro ohiak garailetzat jo dute euren burua emaitza ofizialak argitaratu aurretik. Ofizialki, gaur dira behin betiko emaitzak ematekoak, baina Hauteskunde Batzordeak jakinarazi du atzeratu egin daitekeela eguna, aldeek aurkeztutako iruzur helegiteak aztertzen ari direlako. 400dik gora helegite dituzte mahai gainean, Al-Masry al-Youm egunkariaren arabera.
Gainera, bozak baino bi egun lehenago Junta Militarrak matxinadaren ostean aukeratutako parlamentua desegin zuen, botere legegilea ere bere gain hartuz. Oposizioak salatu zuen «estatu kolpe leuna» izan zela, eta orain beldur da azken egunetako mugimenduek ez ote duten ekarriko estatu kolpe gogorra. Hain zuzen, militarrak boterean bermatzeak eta hauteskundeetako ustelkeria salaketek atera ditu herritarrak kalera —islamistak batez ere—. Militarren kontra protesta egiteko, herenegun jendez bete zen Kairoko Tahrir plaza, iraultzaren lehen egunetan bezala. Plazan bertan jakin zuten herritarrek Mubarak Torako espetxetik Kairoko ospitale militar batera eraman zutela, hilzorian.
Agintari ohiaren lekualdatzea,hain zuzen ere, une honetan gertatu izanak susmo txarrak piztu ditu Egiptoko hainbat sektoretan, eta Junta Militarraren isiltasun neurtuak espekulazio jario luzea eragin du. Herritarrak nahasteko saioa dela uste dute askok. Al-Jazeera-k azaldu duenez, herritar askok uste dute Mubarak kartzelatik atera eta ospitale batean erosoago bizitzeko egin dutela mugimendua militarrek, eta osasunaren txartzea lekualdatzea justifikatzeko aitzakia dela. Egiptoko militarren iturri anonimo batek, berriz, zera esan dio The New York Times egunkariari: segurtasun arrazoiengatik, Mubarak herrialdetik ateratzeko planaren zati bat baino ez dela «heriotza klinikoaren» kontua.
Farid el-Dib Mubaraken abokatuak azaldu duenez, garuneko tronbosiak jo zuen presidente ohia herenegun gauean, baita bihotzekoak ere. Tratamendua «arrakastatsua» izan dela ere gaineratu du. Iturri mediko batzuk koma sakonean dagoela zabaldu dute, eta oraindik ez dutela garuneko odolbildua kentzea lortu; beste iturri mediko batzuk, aldiz, ez dagoela koma sakonean esan dute: datozen bi egunak erabakigarriak izango badira ere, bizirik jarrai dezakeela. Erabat kontrajarriak dira zabaldu dituzten informazioak, eta ziurgabetasuna baino ez dute elikatu.
Egoera «oso Shakespearearra da» Diaa Raxwan Egiptoko Al-Ahram ikerketa zentroko analistaren arabera. «Mubarakek betierekotzat du bere burua. Ezin du inor izan ondoren. Ez du ondorengoaren izena entzun nahi».
900.000 botoren aldea
Hurrengo presidentearen izena ezagutzeko egonezina, hain zuzen, areagotuz doa Egipton: bai Anaia Musulmanen jarraitzaileen artean zein Xafiken jarraitzaileen artean. Mursik botoen %52 eskuratu dituela diote islamistek, eta Xafikek botoen %51,5 jaso dituela, berriz, Mubaraken lehen ministro ohiaren jarraitzaileek. Iruzur salaketak direla-eta azken emaitzak atzeratu egingo direla jakin ostean, Egiptorako Epaileak mugimendu independenteak bere datuak eman ditu. Bere kideek hauteslekuetan egindako kontaketaren arabera, Mursi izan da irabazlea presidentetzarako hauteskundeetan, eta 900.000 botoko aldea atera dio Xafiki.
Garaipena Xafiki emanez gero herritarren eta armadaren arteko «aurrez aurreko arriskutsua» gerta daitekeela ohartarazi dute Anaia Musulmanek. Lehengo erregimenaren jarraipenaren hautagaia irabazletzat jotzeak kolpe militarra «agerian» lagako lukeela uste dute islamistek. Dena den, Xafiken ordezkariekesan dute argi dutela zein izango den hurrengo presidentea: «Legeak lagatzen diguneraino joango gara botoen zenbaketan Xafik ari dela irabazten berresteko, eta Egiptoko presidente berria bera izango dela baieztatzeko».
AEBen jarrera
Egiptoko herritarren matxinadak eragindako aldaketa kolokan jarri dute azken egun eta asteetan Junta Militarrak egin dituen mugimenduek; hala ere, iaz herrialde arabiarretako matxinadek bultzatutako «aldaketa demokratikoa» txalotu zuten nazioarteko potentzia nagusiak isilik daude orain, edo gutxienez diskurtso nabarmen leunduta, AEB Ameriketako Estatu Batuak batez ere.
«Egiptok hartu duen demokraziaren kontrako bideak larrituta nauka», esan du Jimmy Carter presidente ohiak. Washingtondik Junta Militarraren kontrako hitzak izan dituen bakarrenetakoa izan da Carter. Militarrek parlamentua desegin ostean, Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak telefonoz berba egin zuen Mohamed Hussein Tantawi mariskalarekin, eta zera baieztatu zuen elkarrizketaren otean: Tantawik «uztailaren 1erako, demokratikoki aukeratutako gobernuari boterea eskualdatzeko konpromisoa» daukala. Gainera, bi herrialdeen arteko harreman militarrak gehiago indartzeko ahalegin bereziak egitea adostu zuten bi agintariek.
Izan ere, interes geoestrategiko handiak ditu Etxe Zuriak Kairon, eta Mubarakekin urte luzeetan izandako harreman ona mantendu nahi du aginte berriarekin ere, armadarekin bereziki. Mubarakek boterea laga aurretik bezala, Egiptoko armadari urtean mila milioi euro inguru ematen jarraitzen du Washingtonek. Hori horrela, talka egiten dute AEBetako hitzen eta ekintzen arteko jarrerek. Hillary Clinton Etxe Zuriko Estatu idazkariak, esaterako, honakoa esan zuen Junta Militarrak legebiltzarra desegin ostean: «Ezin da atzera bueltarik egon Egiptoko herritarrek eskatutako trantsizio demokratikoan».
AEBentzat aliatu garrantzitsua da Egipto Ekialde Hurbilean. Gainera, Israelekiko harremana gaiztotuko ez duen agintea nahi du Washingtonek Kairon, eta armada du horretarako lagunik onena. Finean, Mubarak kendu arren, hark eraikitako botere sistema berak jarraitzen du oraindik indarrean. Militarrek.
Mubaraken egoerak tentsioa gehitu dio ziurgabetasun politikoari Kairon
Egiptoko presidente ohiaren osasun egoera ez dago argi; haren abokatuak ukatu egin ditu heriotza klinikoa eta koma sakonaGaur ziren ematekoak hauteskundeetako emaitzak, baina eguna atzeratu egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu