Klima aldaketa. NBEren goi bilera. Iker Castege. Ozeanografoa

«Muga biogeografiko batean da euskal kosta; ondorioak handiak izango dira»

Klima aldaketa bertan dela ohartarazi du Iker Castegek. Hartzen diren erabakien arabera, kalteak arinagoak edo larriagoak izango dira.

inaki petxarroman
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ozeanografoa eta Miarritzeko Itsas Zentroko zuzendaria da Iker Castege (Baiona, 1975). Berrikiklima aldaketak Lapurdin eta Akitaniako kostan izango duen eragina aztertu duen lan batean parte hartu du beste 150 zientzialarirekin batera. Bizkaiko itsasoan klima aldaketak eragin handia izan dezakeela ohartarazi du, eskualde biogeografiko bero eta hotzen arteko mugan dagoelako.

Zuen azterketaren arabera, 50 zentimetro eta metro bat artean igoko da itsasoaren maila mende honetan. Zer ondorio izango du horrek?

Euskal kostaren aniztasun geomorfologikoa (hondartzak, itsaslabarrak...) olatuen eta itsasaldien eraginez osatutakoa da. Klimaren berotzeak harkaitzeko kosta zatian eragindako higaduraren ondorioak hondartzetan sentituko dira, sedimentuak desagertuko direlako. Aldi berean, olatuen eragina handiagoa izango da, eta horrek itsaslabarren urratze mekanikoa eta suntsitzea handituko du; nabarmenduko da habitat ekologiko batzuen gutxitzea —hondartzak, itsasaldietako hein gorenen eta apalenen arteko eremu batzuena...—.

Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezala, mendebalera dauka itsasoa Lapurdik. Ondorio ezberdinak espero daitezke horregatik?

Olatuaren aurrean parez pare kokatua da Lapurdi. Olatuaren balizko norabide aldaketak edota badia eta hondartza bakoitzean tokian tokiko enbaten eraginak ez dira ezagunak gaur-gaurkoz.

Muga biogeografiko batean dago Bizkaiko Itsasoa, ur hotz eta beroetako espezieen elkartze gune batean. Horrek gure ingurua hauskorrago bihurtzenal du?

Aldaketa ozeanoklimatikoen eragina ekosistemetan eta arrantza baliabideetan handiagoa izango da gure eskualdean, Gaskoniako Golkoa eskualde biogeografiko hotz eta beroen arteko mugetatik gertu baitago. Horren ondorioz, animali eta landare espezie askoren banaketa lerro bihurtzen da. Klima aldaketaren ondorioak nabarmenak dira jada: ur hotzetako espezie batzuk iparraldera mugitu dira; aldiz, hegoaldetik ur beroetako beste batzuk heldu dira.

National Geographic aldizkariaren argazki muntaketa bat ikusi dugu berriki zeinean euskal kostaren zati handi bat desagertuko bailitzateke izotzen urtzearen ondorioz. Espero al daiteke horrelakorik?

National Geographic-ek muturreko simulazio bat erakutsi du (itsasoaren maila 60 metro igotzea) munduko izotz guztien erabateko urtzearen ondorioz, hemendik 5.000 urtera bitartean. Hipotesi errealetan oinarritutako simulazioek metro bat arteko goratzea aurreikusten dute mende hondarrerako. Ondorioak, beraz, ez dira izango argazki horretan bezain dramatikoak, baina hala ere konpromisoak hartzera behartuta gaude, fenomenoari hobeto aurre egiteko.

Itsas mailaren igoerak ondorioak izan ditzake hirigintzan ere. Uste duzu tokiko agintariek gaia behar den seriotasunez hartzendutela?

Martxan den fenomenoak ondorio sozial, ekonomiko eta ekologikoak ditu, eta, haiek are eta garrantzitsuagoak dira kontuan edukita kostaldeak gero eta presio demografiko eta urbanistiko handiagoa jasaten duela turismoarekin eta etxegintzarekin lotutako garapen eredu batengatik. Politikariek mundu mailako politikak jarri behar dituzte martxan egoerari aurre egiteko, baina tokiko agintariek ere badute ardurarik, giza jarduera batzuek areagotu ditzaketelako etor daitezkeen muturreko ondorioak. Kontzientzia hartzea oso poliki doa eta hura guztiz beharrezkoa da datozen klima aldaketen eraginak ahalik eta kalte txikiena izateko.

Itsasoko uraren tenperatura ere asko igo da. Hori baieztatu duzue Sokoan 1970eko hamarkadatik hona bildutako datuei erreparatuta. Egoerak okerrera egin behar du gainera, ezta?

Airearen tenperatura 1,1 gradu igo da XX. mendean zehar, eta lantzen ari garen modelo ezberdinek aurreikusten dute 2 eta 5 gradu artean igoko dela mende bukaerarako. Hemen egindako azterketek baieztatzen dute joera orokor hori, itsasoko tenperaturari dagokion atalean barne. Izan ere, tenperatura ez da aldaketa azkarrak erakusten dituen aldagai bakarra, baizik eta klima osatzen duten faktore ozeano-klimatiko guztiak: presio atmosferikoa, intsolazioa, plubiometria, itsasoaren agitazioa... Osagai horiek guztiek eragiten diete itsasertzari, ingurumenari eta ekosistemei.

Ekosistemetanaldaketa handiak izan daitezkeela ohartarazi duzue. Uste duzu Bizkaiko Itsasoan aldaketa bortitzak izango direla?

Espezieak gure ingurumenaren garapenaren froga dira. Gertatzen ari diren aldaketak nabarmenak dira jadanik elikagai katearen oinarri-oinarrian —alegia, plankton begetalean (phyloplancton)— eta baita katearen muturreko ertzean ere, alegia, harraparietan, izan hegazti edo itsasoko ugaztun: orka desagertzen ari da, esate baterako, eta izurde komunak ugaritzen. Ikusten da ere pinguino torda —iraganean ugaria— bakantzen ari dela. Klima aldaketak ere eragina du arrantzako tokiko arrain batzuen stock-ean: Europako legatza, bakailaua... Esaterako, tropikoetan ohikoak diren espezie batzuk hasi dira ikusten: lemorratza, caranx crysos-a... Aldi berean, hainbat espezieren bizitzan ere aldaketak sumatzen hasi gara,migrazioetan, ugalketan... Azken finean, ez da guztiz baztertu behar aldaketa bortitz bat gertatzea, harrapariak eta harrapakinak present egongo diren aldien arteko kointzidentzia ezagatik. Horrek lotura trofikoak ere puska ditzake.

Klima aldaketari buruzko beste goi bilera bat egiten ari dira. Zer eskatuko zenieke han bildutako agintariei?

Zientzialariek datu, ikerketa eta elementu objektiboak eskaintzen ditugu gertatzen ari diren aldaketen gainean. Mugak baditugun arren, balizko garapen hipotesi batzuk aurreikus ditzakegu. Herritarrek eta agintariek hartuko dituzten erabakien, eta haiek aurrera eramateko erakusten duten borondatearen arabera, indarrean den klima aldaketaren ondorioak arinagoak edo larriagoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.