Mugako liskarrak

Nikaraguak eta Costa Ricak aldarrikatzen duten lur eremu baten jabetzaren harira piztutako gatazkak jada 200 urte bete ditu; bi herrialdeetako ordezkariek negoziazioei ekin diete Mexikon.

2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Costa Ricak armada balu, Nikaraguarekin bereizten duen muga «gerra eremua» litzateke, Rene Castro kantzilerraren hitzetan. Izan ere, bi herrialdeen artean diplomazia gatazka piztu da azken hilabeteotan, mugan dagoen lur eremu baten jabetzaren harira —151 kilometro koadroko eremua—. Costarricarrentzat, Isla Calero izenez ezagutzen duten eremua eurena da. Nikaraguarren ustez, ordea, Harbour Head izenez deitzen duten lur zatia eurei dagokie. Liskarra, baina, ez da berria, 200 urtez baino gehiagoz gaiztotu baitu auzi horrek bizilagunen arteko harremana.

Urriaz geroztik Nikaraguak Isla Calero indarrez inbaditu duela salatu du Costa Ricak. Kexu da San Juan ibaian kanal bat eraikiz Managuako gobernuak horren itsasoratzea aldatu nahi duelako; bi herrialdeen arteko muga artifizialki aldatzea eragingo lukeelako horrek. Gatazka Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira eraman du. Aste honetan bi herrialdeek euren bertsioak plazaratu dituzte, eta datozen asteotan emango die erantzun bat Hagak. Horrez gain, Mexikoren eta Guatemalaren esku-hartzeari esker negoziazioei ekitea onartu dute bi herrialdeek, irtenbide baketsu bat bilatzeko asmoz. Herenegun hasi zituzten elkarrizketak Morelosen, Mexikon.

Nikaraguaren bertsioa guztiz bestelakoa da. 1858. urtean, Cañas-Jerez izenez ezagutzen den ituna sinatu zuten bi herrialdeek, aldebiko tentsioa baretzeko asmoz. Horren arabera, iparraldeko ertza eta ibaiko urak Nikaraguarenak dira, eta hegoaldeko ertza, berriz, Costa Ricarena. Azken horri ibaiaren uretan nabigatzeko baimena ere aitortzen dio hitzarmenak, baina merkataritza helburuekin soilik.

Nikaraguarren arabera, behin baino gehiagotan saiatu da bizilaguna ibaiaren jabetza eskuratzen, eta 2009. urtean ere Nazioarteko Justizia Auzitegian amaitu zuen auziak. Orduko hartan, Hagak 1858ko ituna errespetatzeko eskatu zien biei. Managuak dio hain zuzen ere itunean esaten dena betetzeko ekin ziola iazko urrian San Jose ibaiaren ahoa dragatzeari. 1858an ibaiak zuen etorria berreskuratu nahi duela, alegia. Izan ere, azken urteetan ibaiaren ibilbidean aldaketak izan dira, eta horiek Costa Ricaren esku-hartzearen ondorio direla sinetsita dago auzokidea.

Indarkeriaren arriskua

Kontuak kontu, liskar honek hainbat sektorek erabaki hori zalantzan jartzea eragin du 60 urtez baino gehiagoz armadarik ez edukitzeaz harrotu den herrialdean. San Joseko gobernuak berak herrialdearen mugak babesteko «trebatutako eta ondo armatutako» muga polizia eratzea planteatu du. Dena den, Laura Chinchilla presidenteak adierazi du «orain arte bezala gatazken aurka nazioarteko justiziaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela». Herritar batzuek, baina, indarkeria baliatzeko eskaera zuzena egin diote agintariari, nahiz eta exekutiboak zehaztu duenez aldarrikapena babestu dutenak «gutxiengo bat baino ez izan».

Costa Ricak armadarik ez izatea zalantzan jarri du Managuak. Akusazio horrek bereziki mindu ditu bizilagunak. Iragan urrian liskarrak hasi zirenetik, armatutako polizia ugari bidali du Chinchillaren gobernuak Isla Caleron ingurura. Horrez gain, iragan astean AEB Ameriketako Estatu Batuetako gerra ontzidiari sartzen uzteko baimena emateko eskatu du San Josek. Horren arabera, AEBetako militarren presentziak ez du zerikusirik muga gatazkarekin, narkotrafikoaren aurkako borrokarekin baizik. Baina Managuak ez du uste 5.000 marine, 150 mediku eta 50 ingeniari militar eta gerra ontzien presentzia narkotrafikoaren aurka egiteko soilik denik. Hain zuzen ere, ia beti hartu du esku Washingtonek San Josek bai Nikaraguarekin bai Panamarekin iraganean izan dituen muga gatazka gehienetan. Latinoamerikako herrialde guztietatik Mexikora bidean doazen narkotrafikatzaileentzat pasaleku bilakatu da, hain zuzen ere, bi herrialdeen arteko eremua. Nikaraguak salatu du San Josek ez duela ezertxo ere egin borroka horretan eta eurek zaindu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.