Somaliako egoera larriaz ohartarazi berri du beste behin NBE Nazio Batuen Erakundeak. Ez da aurreneko aldia izan, eta ez da azkenekoa izango; etengabeko gatazka betikotu egin baita, eta ez dirudi erraza izango denik egoera bideratzen, miliziak gero eta irmoagoak baitira eta trantsizioko gobernua gero eta ahulagoa. Omar Abdirashid Sharmarke lehen ministroaren dimisioa lagungarria izan daiteke trantsizioko gobernua sendotzeko, baina hori ere ez da egun batetik bestera egingo. Presidentearekin zituen desadostasunak tarteko eman zuen dimisioa atzo Sharmarkek: «Herrialdeko egoera aintzat hartuta, dimisioa ematea erabaki dut, ez bainaiz gauza izan presidentearekin lan egiteko». Sharif Sheikh Ahmeden aurrean egin zituen adierazpenok lehen ministroak, eta presidenteak berak eskertu egin zion «erabaki ausarta» hartu izana. Parlamentuak haren kontra aurkeztu behar zuen zentsura mozioa saihestu du dimisioarekin lehen ministroak.
Muqdishoko gobernuaren barneko desadostasunak eta zatiketak nabarmenak ziren aspalditik, eta krisi politikoa hazi baino ez da egin azken hilabeteotan. Hilaren hasieran, NBEk berak hiru ordezkari bidali zituen hiriburura egoeraz kezkatuta. «Gobernuko arduradunen arteko zatiketak deitoragarriak dira, eta ondorio larriak eragin ditzakete». Horixe ondorioztatu zuten ordezkariek hilaren 14an plazaratutako agirian. Augustine Mahiga NBEko Somaliarako ordezkariak eta Boubacar Diarra Amisom nazioarteko indarren arduradun gorenak sinatu zuten agiria, eta nazioarteko militarrak euren bizia arriskuan jartzen ari zirela ohartarazi zuten, bai trantsizioko gobernua babesteko eta bai bake prozesuaren aurreratzea bermatzeko. Horregatik eskatu zieten politikariei bat egiteko eta elkarrekin lanean jarduteko, «bakea sendotzeko».
Aspaldiko krisi politikoa
Lehen ministroaren dimisioa, bada, nazioarteak dokumentua argitara eman eta astebetera etorri da, ezen trantsizioko gobernua nazioartearen bermeari esker dago indarrean. Uganda eta Burundiko soldaduek osatzen dute nazioarteko indarren kopuru handiena -orotara 7.200 soldadu daude-. Eta Al Shababeko gerrillariek «okupazio tropatzat» dituzte; horregatik hartu zuten bere gain iragan uztailaren 11n Kampalan izandako atentatuen erantzukizuna. Leherketetan 76 lagun hil ziren, eta eraso horrek nazioartearen kezka areagotu zuen. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak berak jakinarazi zuen miliziak atzerrian atentatuak egiteko gaitasuna zuela eta, hartara, mehatxu handia zela ez soilik herrialdean baizik baita nazioartean ere.
Siad Barre diktadorea 1991. urtean boteretik kendu zutenetik, ez du exekutibo sendorik izan herrialdeak, eta trantsizioko gobernuak 2004tik txandakatzen dira, azkenekoa otsailean osatu zelarik. Hala ere, Muqdisho hiriburuaren zati bat baino ez du kontrolatzen exekutiboak; izan ere, herrialdearen zati handiena milizien eskuetan baitago. Al Shabab milizia da indartsuena, hilaren 9an agerian gelditu zenez. Muqdishoko aireportuari eraso zioten egun hartan milizianoek, bertan presidentea eta nazioarteko ordezkariak zirela. Orotara hamalau lagun hil ziren; bost ekintzaile, lau polizia, bake indarreko bi soldadu eta hiru zibil.
Zibilak dira, hain zuzen, hogei urteotan etenik izan ez duen gatazka honen biktima handienak. Hala, irail honen hasieratik, 230 lagun baino gehiago hil dira hiriburuan, eta 400dik gora zauritu. Abuztuan miliziek abiatutako erasoaldiaz geroztik, berriz, beste 3.000 lagunek egin dute ihes euren etxeetatik. Gerra zibilak, berriz, hemeretzi urte iraun du; ehunka mila lagun hil dira, eta agintariek, anartean, ez dute baliabiderik pairatzen duten egoera larriari aurre egiteko.
Errefuxiatuen egoera da itzelena. UNHCR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Goi Komisariatuak ohartarazi duenez, Somalia da Afganistan eta Iraken ostean errefuxiatu gehien daukan herrialdea. Gaur egun, 1,5 milioi desplazatu eta 600.000 errefuxiatu daude.Kenyako Dadaabeko gunean babestu dira gehienak, munduko errefuxiatu gune handienean, nazioarteko erakundeak jakinarazi duenez. Etiopian, Yemenen eta Puntlanden ere somaliar iheslari ugari dago, eta handik itsasoa zeharkatzen saiatzen dira, Adengo Golkotik. Asko eta asko bidean hiltzen dira.
Mugarik gabeko miliziak
Somaliako lehen ministroak dimisioa eman du trantsizioko gobernuko desadostasunen harira; milizianoek kontrolpean duten eremua hedatzea eragin du krisi politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu